«Indarra eta babesa sentitzen dut, bai bazkideena, bai zuzendaritzarena»
Gipuzkoako bertsozale elkarteko lehendakaria
Saroi Jauregi Zaldibian jaio zen duela 31 urte. Euskal Filologian lizentziaduna da eta Elhuyar Fundazioan egiten du lan, euskarazko testuen zuzentzaile. «Hitzetik Hortzera» saioan aurkezle ibili zen 2005etik 2008ra eta bertso saioetan aurkezle zein gai-jartzaile aritzen da sarri. Hamar urtez Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko zuzendaritzan egon ostean, lehendakari izendatu berri dute.
Ane ARRUTI | ZARAUTZ
Pasa den martxoaren 13an egin zuen Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak urteroko Batzar Nagusia, Elgoibarko kultur etxean. Bertan, Felix Irazustabarrenak, orain arteko lehendakariak, testigua pasa zion Saroi Jauregiri.
Aho batez onartu zen zure hautagaitza. Honek indarra emango du lanean segitzeko, ezta?
Bai, baina egia esan, batzarrera joan aurretik pixka bat «janda» neukan kargua hartu behar nuela. Bozketa egin aurretik hautagai bakarra nintzen. Beti pentsatzen duzu aurkako botoren bat egon daitekeela, baina ez zen egon eta, egia esan, alde horretatik, polita izan zen. Indarra bai, babesa sentitzen dut, hara hurbildu ziren bazkideena behintzat bai. Baita zuzendaritzako kideena ere, nigan konfiantza jarri dutelako hautagaitza aurkezteko.
Amatasunarekin batera datorkizu kargu berria.
Dena batera etorriko zait bai. Kargua hartu dut jadanik, ama oraindik ez naiz, baina laster. Nik uste, patxada pixka batekin hartu beharko dudala, hasieran behintzat. Hilabete batzuk lasai hartuko ditut, umearekin egoteko denbora ere nahi dudalako. Alde horretatik, ez dut arazorik ikusten. Bertsozale Elkarteko lana ez baita lehendakariarena, inondik ere. Lan talde handi bat dago atzean eta ni ez banago ere, elkarteak aurrera segituko du eta ondo gainera.
Hamar urte daramatzazu zuzendaritzan. Zertan aldatuko da zure lana?
Hasteko, horrelako elkarrizketei erantzuten, azken batean, kanpora begira izen bat delako. Baina, pertsonalki, aldaketa nabarmenagoa izango da Euskal Herriko Bertsozale elkarteko kide izango naizelako. Herrialdeetako lehendakariek hartzen dute parte Euskal Herrikoaren zuzendaritzan eta Gipuzkoako ordezkari izatea tokatuko zait.
Zein harreman dauka, Gipuzkoako elkarteak Euskal Herrikoarekin?
Lotura erabatekoa da. Azkenean proiektu batzuk herrialde mailan gauzatzen dira, herrialde bakoitzeko errealitatea oso ezberdina delako eta egokitu egin behar direlako. Baina beste gauza asko denek batera egiten ditugu. Momentu honetan, adibidez, hezkuntza arautuan ikastetxeetan bertsolaritza lantzea gainerako herrialdeetan ere egiten da. Gero herrialde bakoitzak egokitzen du bere ezaugarri propioetara, baina nolabait esateko, proiektua denona da.
Transmisioa da elkartearen erronketako bat?
Aurrera jarraituko dugu, bai. Momentu honetan tope-tope gabiltza. 8.000 ikasletara iritsi gara Gipuzkoan. Lan talde handi bat dago hori lantzen eta egitasmo hau ere oso garrantzitsua da guretzat. Honi ere behar duen denbora eskaini beharko diogu.
8.000tik gora, orain arteko daturik altuena, pentsatzen dut.
Bai, urtero gorantz doa. Guk ez dugu zenbakiei begira egon nahi erabat. Orain arte gora eta gora egin dugu, baina momentu honetan, D ereduan Lehen Hezkuntzan dabiltzan 4., 5. eta 6. mailatan ia %80ra iritsi gara. Horrek esan nahi du nahiko topera gabiltzala eta kopuruari baino gehiago, proiektuaren muinari begiratu nahi diogu, hor sakondu eta hobetuz joan.
Bertsolaritza modan dagoela aipatzen da, baina, argi dago, atzetik lan handia dagoela.
Modarena esaten urte dexente ari gara, eta nik uste dut, moda kontuetan, aldaketak hori baino azkarragoak izaten direla. Ez dakit zein faktoregatik, baina bertsolaritzak erakarpen handia dauka eta, momentu honetan, sekulako arrakasta dauka Euskal Herrian. Uste dut aprobetxatu egin behar dugula proiektua mamiz betetzeko, kopuruetara begira egon gabe.
Beste erronketako bat, datorren urtean iritsiko den Gipuzkoako Txapelketaren prestakuntza?
Hori da 2010eko gure egitasmo nagusietako bat, 2011ko txapelketa diseinatzea. Horretarako, guretzat interesantea da ahalik eta jende gehienaren iritzia biltzea, txapelketaren ezaugarriak lotzeko: noiz hasi, noiz bukatu, zenbat parte-hartzaile, zenbat saio, zein ariketa mota... Aurten hasiko gara horrekin eta, aldi berean, aprobetxatuko dugu epaile eta gai-jartzaile berriak fitxatzeko eta trebatzeko.
Gai-jartzaile bezala ikusi zaitugu gehienean. Jarraituko duzu?
Bai-bai, lehendakaritzak ez dit inongo eragozpenik sortzen eta segituko dut gai-jartzaile izaten eta saioak aurkezten. Orain hilabete batzuetako atsedena hartuko dut plazatan, arrazoi nabarmenengatik, baina badut asmoa jarraitzeko.
«Bertsolaritzak erakarpen handia dauka Euskal Herrian. Uste dut aprobetxatu egin behar dugula proiektua mamiz betetzeko, kopuruetara begira egon gabe»