GARA > Idatzia > Kultura

«Niri egia esatea dagokit, orain arte bezala. Horixe da daukadan onena»

p056_f01_198x132.jpg

Asel LUZARRAGA

Txilen etxean atxilotuta duten euskal idazlea

Etxeko atxiloaldian da egun Asel Luzarraga, iragan Gabon zaharretan Txilen atxilotua izan ondoren, etxean erasoak egiteko lehergaiak zituela leporatuta. Bilbotar idazleak gezurtatu egin ditu salaketak, eta maputxeen alde idatzi izan dituen artikuluengatik Gobernuarentzat bisitari desatsegina bihurtu delakoan dago. Apirilaren 6an amaituko da ikerketa epea, baina dagoeneko jasoa du kanporatzeko agindua.

Anartz BILBAO | BILBO

Punkamine taldeko abeslari ohi, Asel Luzarragak (Bilbo, 1972) idazle gisa, hiru obra emanak ditu -azkena «Abaraska» (Txalaparta, 2008)-, baina azkenaldi honetan oso bestelako gertaerek ekarri dute kazetetara, Txilen atxilotuta baitute -egun bertan bizi da-. Pasa den aste bukaeran Euskal Herrian dituen lagunek jaialdi erraldoia eskaini zioten Bermeon (bertan bizi izan zen urte batzuetan), eta etxeko atxiloaldia zertan den jakin nahi izan dugu, e-mail zein telefonoz Luzarragarekin solastuta, aurki ikerketa epea bukatzear baita -apirilaren 6an-.

Lau hilabetera doa, Gabon zahar egunean atxilotu zintuztela. Nola gogoratzen duzu egoera, eta heldu zara ulertzera?

Atxiloketa eguna nahiko nahasia izan zen, zaila ezer ulertzeko. Etxera iritsi zirenean ni identifikatu, etxea miatzeko agindua zutela esan (erakutsi gabe), eta baimena eman nienean, esku-burdinak lotuta utzi ninduten jesarrita. Lasai egoten saiatu nintzen, dena okerren bat zelakoan eta miaketa bukatutakoan alde egingo zutelakoan. Ez zidaten azaldu zeren bila zebiltzan. Halako batean, fiskala agertu, eta haiek han egoteko arrazoia neuk azal nezala eskatu zidan. Nik «jakin behar nuen» zergatik gertatzen zen hura guztia, eta ni txundituta, ezer ez nekiela esanez. Azalpenik ezean, logela nagusira eraman ninduten, eta han esan zidaten atxilotuta nengoela. Nik are gutxiago ulertzen nuen. «Atxilotuta?, zergatik?» Lehen aldiz aipatu zizkidan «armak eta lehergailuak», eta halakorik ez neukala esan nienean, sinetsi ezinik eta amesgaiztoan sartzen hasita, su-itzalgailua aipatu zidan. «Zer su-itzalgailu?», ez nuen ulertzen ezer. Akusazio faltsua zela argi neukan, baina laster argituko zelakoan nengoen artean. Gero hasi nintzen lehen aldiz «atentatuak» hitza entzuten, epailearen aurrean fiskalak esan zituen astakeria guztiak ezintasunez entzun ostean -ez neukalako hitz egiteko aukerarik-. Eta kartzelara iritsi eta han izan nuen neure burua telebistan ikusteko lehen aukera. Ondoren, Txileko egunkarietan agertutakoak jasotzen hasi nintzen... Amorrua erabatekoa zen. Asmatutako gezur erraldoi baten erdian ikusi n uen neure burua, irainduta eta zapalduta.

Zertan da egun zure afera, eta zein bide eraman dezake?

Apirilaren 6an ikerketa epea amaituko da, luzapenik eskatzen ez badute. Orduan, pentsatzekoa da, fiskalak nire aurkako behin betiko karguak aurkeztuko dituela, frogekin batera (oraindik, hiru hilabete igarota, inork ikusi ez dituen frogak, ez nik, ez prentsak, ezta nire abokatuak ere, formalki hainbatetan eskatu arren). Atentatuen kontua bertan behera geratu zenez emandako bigarren entzunaldian -ustezko atentatu horiek denak ni Txiletik kanpo nengoela gertatu zirelako-, geratzen zaiena arma eta lehergailuen legea urratu izana da. Polizia gai izan zen nire aurkako «frogak» nire etxean «kokatzeko», beraz, zaila izango da horri buelta ematea. Fiskalak ahalegin guztia egingo du ni errudun ateratzeko, delitu txiki bat egotzita bada ere, benetan interesatzen zaiena ni Txiletik botatzea delako. Dena dela, konfiantza daukat eta nire errugabetasuna frogatu ahal izatea espero dut.

Zein izango da zure erantzuna edo defentsa, errugabetasuna azaleratzeko orduan?

Niri egia esatea dagokit, orain arte egin dudan bezalaxe. Azken entzunaldian abokatuak niri hitz egiteko baimena ematea eskatu eta epaileak onartu zuenean, gauzak aldatzen hasi ziren. Daukadan onena horixe delako, egia, nor naizen eta batez ere nor ez naizen azaltzea. Halaxe ulertu zuen epaileak orduan. Aurrerantzean lekukoak ere garrantzitsuak izango dira, ahozko epaiketari begira, eta batez ere nazioarteko presioak zein garrantzia daukan ikusita -eta aurrerantzean gero eta garrantzi handiagoa izango du-. Nire aldetik, gogotsu nabil, aldarte onez, itxaropentsu, eta ezin bestela, jasotzen ari naizen elkartasun guztiarekin.

Heldu zara jazotakoa ulertu edo hausnartzera?

Neuk ere ez dut ulertzen. Egin dudana ez da hainbesterako, artikulu pare bat idatzi, lagun anarkistekin jai giroko ekimen pare batean parte hartu, besterik ez. Baina Estatua oso urduri jartzen da atzerritarrok bere gustukoak ez diren norabide politikoetan nahasten garenean. Hona etorri eta Pinochet miresten duzula esanez gero, inork ez dizu esango atzerritarra izanda ezin duzula iritzirik eman, baina atzerritarra izan eta maputxeen alde edozer idatzi edo anarkismoari lotutako edozertan parte hartu, eta akabatuta zaude. Azken urteetan ez dira gutxi irregulartasunez betetako prozesuetan, ziztuan, inolako bermerik gabe, kanporatu dituzten atzerritarrak. Ez dute lekuko deserosorik nahi.

Maputxeen alde egindako lana deseroso gertatu omen zaio Txileko Gobernuari, antza.

Bai, hori da nire bekatuetako bat. Larriena, poliziaren txostena irakurrita, nire anarkismoa da. «Mundu mailako lider anarkista» naizela idatzi dute, Txileko gazteen buruetan «ideia arrotzak» sartzera etorria. Eta ikuspuntu anarkista horretatik Wallmapun winkek (maputxe ez direnek) sortu duten gatazkari irtenbide bat proposatzea barkaezina izan da. Maputxeak Txilen eta Argentinan daude zapalduta, eta bietan dira enpresa erraldoien (gehienak espainolak, hala nola Endesa edo Santander taldea) interes ekonomikoen biktima. Oztopoa dira kapitalismoaren interes basati eta suntsitzailearentzat. Maputxeek, azaldu didatenez, ez dute alderdi politikoetan ez Estatuetan sinisten, ez dute Estaturik nahi, horizontalki antolatzera daude ohituta, euren batzarrak eta gizarte antolamendua dute, eta hori da nahi dutena: euren lurrean beti egin duten bezala bizi ahal izatea, winkek ostu dizkieten lurrak erabiltzen jarraitu ahal izatea. Maputxeek ez zekiten jabetza pribatua zer zen, dena komunitatean oinarritzen dute. Eta hori, jakina, Estatuetan oinarritutako egungo sistemak ezin du irentsi, ezin du onartu. «Indiar basati» horiek «hezten» dabiltza oraindik. Arrazakeria itzela da.

Etxeko itxialdian zaude egun, zertan ematen duzu eguna?

Orain etxean lehengo bizimodua berreskuratu dut, gutxi gorabehera. Goiza itzulpenak egiten ematen dut -enpresa ere ezin jatorrago portatu da eta lan faltarik ez daukat-. Idazten ere hasi naiz, eleberri berria, kartzelan bertan zirriborratu nuena. Lehen banenbilen beste bat idazten, baina orain poliziek dute bahituta eta ezin harekin jarraitu; eta jakina, Wallmapuri, maputxeen egoerari eta niri gertatukoari lotuta dago, neurri batean. Blogean ere idazten jarraitzen dut, nire ideiak zabaltzen, eta tartean lurrikara izugarriak ere harrapatu ninduenez, etxetik mugitu ezinik, elkartasuneko plataformaren ekimenei ere oihartzuna ematen diet bertatik, herria herritik, azpitik eraiki behar delako. Bestalde, murrizketa bakarra etxetik irtetea da. Eragozpen hori kenduta, eta polizien eguneroko bisitak alde batera utzita -batzuetan goizeko ordu bietan- edonor etor daiteke bisitan, Vane (neskalagun txiletarra) nirekin dago egunero, Internet eta segapotoa dauzkat... eta ia-ia ezer gertatu ez balitz bezala bizi naiz.

«Esperientzia honetatik liburuak aterako dira, seguru, eta agian bat baino gehiago»

Zure atxiloketaren berri izan bezain pronto, zure lagunak bildu eta aldeko taldea osatu zizuten, jaialdi erraldoi bat egiteraino iritsi dena. Baduzu honen guztiaren berri?

Bai, oso informatuta naukate, kar, kar. Sinestezina da, ikaragarria. Ez nuen inoiz imajinatuko holakorik sortuko zenik. Edorta eta Irati Jimenez hizketan ikusi nituen arte ez nion benetako neurria hartu, ez nuen barneratu hori guztia nigatik egiten ari zirela, eta malkoak isuri nituen -Bermeon pasa den zapatuan burutu jaialdiaz ari da-. Asko dira, bai kartzelan, bai etxeko atxiloaldian, Euskal Herritik zein Hego Amerikatik iritsitako elkartasunak eta maitasunak isurarazi dizkidaten malkoak.

Eta Txilen bertan, nola hartu dute zure atxiloketa? Babesik izan duzu?

Txilen ere babesa da jaso dudan gehiena. Komunikabide ofizialetatik izan ezik, jakina. Baina azken boladan gero eta gehiago dira egiazko bertsioa zabaltzen ari direnak. Hemen Txilen ez nago inongo taldetan lanean, baina atxilotu aurretik nire asmoa Amanecer auzoko liburutegi libertarioan elkar-hezkuntzako doako tailerra sortzea zen. Auzo proletarioa da eta gazte eta nagusientzako tailerra antolatu nahi nuen, elkarrengandik ikasteko eta ikaskuntza autogestionatu daitekeela barneratzeko. Ikusiko dugu egiterik izango dudan...

Zure ingurukoek ere dexente sufrituko zuten. Vanesa bikoteak, Euskal Herriko familiak...

Bai, zalantza barik. Nire etxea miatzen amaitu orduko, gainera, nire neskalagunarena miatu zuten. Vaneren amari sinarazi zizkioten paperak irakurtzeko astirik ere ez zioten eman, ezta irakurtzeko behar dituen betaurrekoak janzteko ere. Eta pentsa Euskal Herrian, nire gurasoak, nire arreba, nire lobak... Harrezkero -atxiloketaz gero- bai Lourdes (arreba), bai Vane (bikotea) nire zutabeak, nire indarra izan dira, haiei esker iraun dut zutik, lasai, gogoz, iparra galdu barik.

Aferak daraman bidea ikusita, zer-nolako etorkizuna ikusten diozu?

Une honetan Txiletik kanporatzeko agindua daukat jasota. Barne ministroak berak sinatu zuen urtarrilaren 7an, errugabetasun presuntzioa erabat zapalduz. Beraz, gauzak dauden bezala, errugabe zein errudun irtenda, birtualki kanporatuta nago. Libre geratzen naizen egunean ospa egin behar nuke. Baina horri ere aurre egitea espero dut, nire asmoa Txilen bizitzen jarraitzea delako. Azkenean kanporatua banaiz hasiera batean Euskal Herrira itzuliko naiz. Aurrerago ikusiko dugu, ez naiz luzaroan geldirik geratzen direnetakoa. Esperientzia honetatik liburuak aterako dira, seguru, eta agian bat baino gehiago, kar, kar, kar. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo