GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

boulder Lehia

Urteurren jaialdia Kukutza Blok Master lehia arrakastatsuarekin

Errekaldeko Kukutza Gaztetxearen 10. urteurrena zela-eta, 58 eskalatzailek parte hartu zuten txapelketa deialdian. Mikel Odriozola elitean eta Xuban Mancisidor herrikoietan izan ziren indartsuenak.

p053_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Errekaldeko Kukutza Gaztetxea ezagutzen duen orok jakin badaki arlo ezberdinetan oso mugimendu eta jarduera interesgarriak egiten dituztela bertan. Errekaldeko Kukutza Gaztetxean izan den orok jakin badaki hirugarren solairuan boulder aretoa dutela. Eta jakin badaki ere, hango blokeetan motibazio handia dagoela.

Motibazio handia egoteaz gain, Gaztetxeko Eskalada Taldeak (KET) hainbat jarduera antolatzen ditu. Iaz, adibidez, Kukutza Blok Master lehiaren lehen ekitaldia egin zuen. Eta, aurten, ez dira atzean geratu, eta beste hitzordu bat egin dute: lehiaketa horren bigarrena, hain zuzen ere.

Gainera, aurtengo bloke txapelketa festa handi bat bihurtu zen. Izan ere, Gaztetxeak 10. urteurrena bete zuen, eta ospatzeko egitarau zabala atondu zuten. Lehia bai, baina festa ere bai. Horrela labur daiteke pasa den martxoaren 27an Kukutzako boulder aretoan zein Gaztetxean bizi izan zutena.

Eskalada taldekoek GARAri azaldu diotenez, pozik dira blokeko jaialdi horretan gertatutakoarekin: «Eskerrak eman nahi dizkiogu txapelketan hurbildu ziren guztiei. Eskalatzaileei, sekulako ikuskizuna eskaintzeagatik; ikusleei, giro ezin hobea sortzeagatik; eta Gorka Karapetori, gurekin partekatzeagatik bere eskarmentua».

Lehia estuak

Eskuarki, finalak dira arreta gehien sortzen dutenak; hots, ikusle gehien erakartzen dutenak. Baina, Kukutzako Blok Masterra jendez bete zen finalaurrekoak hasi bezain laster. «More Jaiaren musikaz batera, ikusleek kristoren giroa sortu zuten», onartu dute Kukutzako antolatzaileek.

Ikusleek, beraz, ez zuten hutsik egin, eta norabide bera hartu zutenak parte-hartzaileak izan ziren. Deialdia arrakastatsua izan zen; izan ere, lurralde ugaritako 58 eskalatzailek eman zuten izena. Eta hauek guztiek ere prestatutako bloke ederrekin gozatu zuten. Blokeko lehia ezberdinetan ikusten ditugun espezialistak Kukutza Gaztetxean izan ziren. Herrikoiak eta elitea elkarrekin nahasturik, eta ikuskizun ederra eskainiz. Txapelketan izan ziren, besteak beste, iazko Euskal Herriko txapeldunak: Leire Aranbarri eta Mikel Odriozola.

Sailkapen txanda jokatu ondoren, Karapetok kirol eskaladan, blokean, Eigerreko ipar horman zein Mallorcako psikoblokean izaniko esperientziez bideo emanaldia eskaini zuen.

Giroa pil-pilean zela, finalak hasi ziren. Ekipatzaileek bloke ikusgarriak sortu zituzten bai herrikoietan, bai elitean. Xuban Mancisidor izan zen herrikoietan indartsuena. Haren atzetik Leire Aranbarri eta Iban Gonzalez sailkatu ziren. Elitean, berriz, Mikel Odriozolak irabazi zuen, bigarrena Ruben Sanchez izan zen eta Aritz Dominguez hirugarrena.

Azkenik, antolatzaileek zera adierazi nahi izan digute: «www.kukutzaeskaladataldea.bl ogspot.com orria sortu dugu. Gure asmoa taldean egiten ditugun hainbat jardueren berri ematea da».

blok master

58 eskalatzailek hartu zuten parte, eta antolatzaileak pozik dira bertan sortutako giroarekin, eta norgehiagoka horietan izandako ikuskizunarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo