GARA > Idatzia > Kultura

Rock kulturan murgiltzeko aukera, arte garaikidearen bidez

Baionako Bonnat Museoaren Carré erakustokiak «Rock» izenburua daukan erakusketa zabaldu berri du. Bederatzi artista gaztek gaiari buruz landuriko obra garaikideak ikusgai izango dira apirilaren 26ra arte.
p056_f01_66x76.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

«Vecinos, Bandurrias y guateques» izenburuko dokumentalak zabaltzen du ondoko apirilaren 26ra arte Baionako Bonnat museoko Carré erakustokian izango den «Rock» erakusketa. Colombina's Donostiako kolektiboak egina, dokumentalak Hondarribiko musika eszenan barnatzeko aukera ematen du. Izan ere, lehen irudi horrekin hasiz, Carré erakustokiak rock munduan murgiltzeko aukera ematen die ikusleei, musika estilo horren gainean arte garaikideko zortzi artistek egindako obrak ikusgai jarriz. Bideo, marrazki, margolan eta instalazioek osatzen dute erakusketa, betiere rockaren unibertsoari loturiko keinuak eta jarrerak aztertzeko aukera ematen dutenak. «Era dinamiko eta harrigarrian halaber gogaitu eta erakartzen gaituen kultura herrikoi hori lantzea da erakusketaren xedea», goraipatu zuen François Loustau erakusketaren komisarioak. Azken berrogei urteotan, gure gizartea «ilunpetik moldatzen duen lurpeko zutoin bat» izan litekeela esan zuen, rockaz ari dela. Iraultza eta askatasunaren ikur den musika mota horren ingurukoak aztertzeko, 1972 eta 1980. urteen artean sorturiko artistak aukeratu dituzte. «Rocka ez da zuzenean aipatua erakusketan. Arte garaikidearen historiaren aipamenen eta musika horrek sortzen dituen sentsazio ezberdinen bidez guztion sentsibilitate bat ukitzen saiatzen dira artistak. Rocka ez da belaunaldi bakar bati lotua den zerbait, musika hori herritar orori zuzentzen da, biziaren momentu labur edo luze baten elementu bat baita», gaineratu zuen Loustauk.

Ikuspegi anitzak

Lehenengo dokumentalaren ondotik, Fabien Giraud eta Camille Henrot Pariseko sortzaileen «The straight edge» eta «Wolf eyes» bideoek musika zaleen jarrera erakusten dute. Pauline Fondevilla argentinarraren marrazkiek, berriz, artearen historiarekin nahasiriko musikaren unibertsoko erreferentziak ematen dituzte, eta, berarekin batera, Elodie Lesourd Versailleseko artistaren margolanek artista garaikide ospetsuen instalazioen argazkiak eskaintzen dituzte.

Gaiarekin lotura duten irudi anitz agertuko zaizkio ikusleari. Iñaki Garmendia bilbotarrak, esate baterako, rockaren unibertsoa «Red light/Staight Edge» izeneko instalazio intimista batean kokatu du, eta, Arnaud Maguet Nizakoak «gure oroimena berpizten du», grabaturiko kasete zaharrak, hippie oihalak eta Beatlesen irudiak baliatuz. Azkenik, Gregory Cuquelek sortutako eskulturak ere ikusgai daude bertan.

«Rock munduaren klixeetatik urruntzen da erakusketa. Musika gutxi dago, historia ez da aipatzen, eta ez da musikari ospetsuen argazkirik. Artista garaikideek rock kulturaren elementuak baliatzen dituzte: energia, indarra, iraultza, kolektibitatea, nostalgia, zirrara, jabetasuna», bukatu zuen esaten komisarioak. Apirilaren 15ean eta 24an bisita gidatuak egingo ditu Loustauk.

ARTEA ETA MUSIKA

Pauline Fondevilla argentinarraren marrazkiek artearen historiarekin nahasiriko musikaren unibertsoko erreferentziak ematen dituzte, eta, berarekin batera, Elodie Lesourd Versailleseko artistaren margolanek artista garaikide ospetsuen instalazioen argazkiak eskaintzen dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo