GARA > Idatzia > Kultura

«Mundu Gerrak eraiki zuen bereizketa, ehun urte geroago, hor dago»

p057_f01_97x136.jpg

Eneko Bidegain

Idazle eta kazetaria

Eneko Bidegain baionarrak bosgarren liburua argitaratu du. Lan horretan Ipar eta Hego Euskal Herrian Lehen Mundu Gerraren garaian izandako erreferente idatziak aztertu ditu. Horretarako, «Eskualduna» eta «Euzkadi» argitalpenetan kaleratu ziren testuetan arakatzen ibili da. Aztergaiaren abiapuntua besterik ez da «Gerla handia, Muga sakona» liburua; ondoren tesia eginen baitu Bidegainek.

Idoia ERASO | BAIONA

Eleberriekin batera hurbileko historiari begiratua eman dio jada aurretik idatzi liburuetan. «Gerla handia, Muga sakona» liburuarekin XX. mendea itxuraldatu zuen Lehen Mundu Gerra aztertu du Bidegainek, Euskal Herriko ikuspegitik.

Zer atzemanen dute irakurleek «Gerla handia, Muga sakona» liburuan?

Lehen Mundu Gerraren hasiera nola aipatu zuten «Eskualduna» astekarian, eta «Euzkadi» egunkarian, hegoaldean. Gerla hasiera hori aztertu dut. «Eskualduna» astekarian, Frantziaren aldeko jarrera agertzen zuten. «Euzkadi» egunkariak, alderdi jeltzaleari lotuak, ikuspegi abertzalea zuen eta euskal Estatu bat sortzearen aldarrikapena agertzen zuen. Konparaketa horiek egiten ditut, eta horri buruzko azterketa.

Zein da zure irakurketa?

Batetik, «Eskualduna» astekariak bazuela Frantziaren aldeko jarrera, garai hartan bazen batasun sakratua. 1914ko garai hartan, denak bat, etsaiaren aurka, Alemaniaren aurka. Batasun hori nabaria zen «Eskualduna»ren diskurtsoan, kontuan hartu behar da milaka euskaldun joan zirela gerlara. «Eskualduna»k sostengua ematen zien gerlara joan zirenei, goraipatzen zituen gerlan zirenak eta hil zirenak.

«Euzkadi»k, aldiz, neutraltasunaren aldeko jarrera agertu zuen, erran behar da Espainia neutral agertu zela. Euskaltasunaren aldeko jarrera zuen, eta bereziki ez zuen nahi Espainia gerlan sartzea, horrek ondorio kaltegarriak izan zitzakeelako Euskal Herriarentzat. Alemaniaren alde gerla eginez, Iparraldeko anaien kontra gerla egitea eraginen lukeelako. Beraz, batek euskal abertzaletasunaren jarrera, «Euzkadi»ren kasuan, eta «Eskualduna»ren kasuan, frantses nazionalismoaren jarrera.

Izenburuak aipatzen duen «muga sakon» hori oraindik Euskal Herrian nabaritzen dela uste al duzu?

`Muga sakona' zergatik jarri dudan ulertu behar da. Onartu behar da errealitate ezberdinak izan direla Ipar eta Hego Euskal Herrian, gizartearen bilakaeragatik, baina historiak hainbat bizipen eman dizkigulako ere bai. Lehen Mundu Gerra giltzarria da hori ulertzeko, ikusten da Hegoaldeko euskaldunek gerla egin dutela Espainiaren kontra, eta Iparraldeko euskaldunek gerla egin dutela Frantziarekin, eta milaka euskaldun hil direla.

Horrek sortzen du hortik landa etorriko den errealitate sozial eta kontzientzia politiko guztiz ezberdina. Ehun urte geroago, oinarri horretan eraiki den bereizketa oraindik hor da.

Gauza anitz gertatu da geroztik, besteak beste abertzaletasuna sortu, iratzartu eta garatu egin da azken urteetan. Europaren eraikuntzak ere gauzak anitz aldatu ditu, baina gizartearen bilakaera ezberdin hori kontuan hartzeko errealitateak dira. Ulertu behar da gauzak nondik heldu diren eta anitzetan jendeak ahazten du historia badela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo