GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Prostituzioa, zaharrak berri

Kasik edozein gaitan sakontzen hasita gertatzen den bezala, prostituzioak ere badu bere historia. Luzea, zerbaitegatik deitzen zaio-eta «munduko lanbiderik zaharrena». Tokian tokiko ezaugarriak eta bilakaerak izango ditu, baina prostituzioa prostituzioa da mundu osoan, eta beraren inguruan sortzen diren dinamikak eta arazoak ere bai: esplotazioa, dirutza-fluxuak, indarkeria, ziurgabetasuna... Eta herrialde gehienetan moral bikoitzak bilduta.

Emakume publikoak, urdangak, putak, emagalduak... Gorputza saltzen duten emakumeei deitzeko berbak, gutxiesgarriak denak. Duintasuna ere galdu dutela baita uste orokorra jendartea zuzentzen duen moralaren baitan. «Ere» hitza azpimarratuta, duintasuna baino lehen beste guztia galdu dutelako, emakume pobre baino pobreagoak, bizirauteko aukera mugatuekin, isolatuak, desesperatuak... Eta hala da gehienetan, norberaren baldintzen eta egoeraren arabera hamaika istorio, makina bat testigantza prostituziorako helmugan. Samurra bat bera ere ez, ziur.

Helmugara heldutakoan ere zer, aurrera atera nahian duintasunez egiteko nahitaezko baldintzak ukatuta. Ikusezin izan beharrarekin batera nolabait ikusgarri egon behar, bezeroak erakarriko badituzte, noren eskuetan jarriko diren ezjakintasuna, hezur-muineraino itsatsitako ziurgabetasuna eta beldurra, ezertarako eskubiderik eza, eta ondorioz, babestuko dituen egituretara jotzeko ezintasuna, eta ondorioz, merkataritzako gai hutsak bihurtuko dituen -batetik bestera garraiatuak- legez kanpoko negozio-egitura antolatuak, eta ondorioz, izua, indarkeria, esklabotza... Dena baita kate bat, kate zahar eta sendoa; eta prostituta, katearen azken gakoa. Prostituzioaren munduari heltzen hasita ere, prostitutari berari ez beste guztiei galdetzen eta entzuten baitzaie.

Eta bide horretatik, hor diraute gaiarekiko bi jarrera historikoek; debekatu eta zigortu bata, edo legezko bihurtu, bestea, «emagaldutik» langile izatera igaro daitezen, edozein langileren eskubideak izanda. Baita betebeharrak ere. Ona litzateke errealitateari erreparatuta hartuko balira erabakiak, emakume askoren bizitzak erabat baldintzatzen dituzten gaiei helduta, ondorioz sortzen diren bestelako negozio zikin eta erraldoi guztiak ahalbidetzen dituzten horiek desagerrarazita.

Ez da, baina, Bilboko Udalaren asmoa, inondik inora. Alderantziz, bere ordenantza sonatuaren bidez, buruhauste gehiago ekarriko dizkio katearen azken gakoari. «Prostitui zaitezte, nahi izanez gero, baina ez zaitzategula pertsona ondratuok ikusi, eta ikusi behar bazaituztegu, ordain dezazuela», halakoa dirudi Bilboko Udalaren jarrerak. Hiribilduko prostituzioaren gune historikoetako auzokoen kezkak eta kexak ulergarriak badira ere, auzo seguruak eta itxurazkoak izateko eskubidea zilegi bada ere, konponbideak ezin du izan baztertua are baztertuago bihurtzea, klandestinoa klandestinoagoa egitea, eta ezkutuan gertatzen dena areagotzen uztea.

Kalean ez ikusteak ez du ekarriko ez izatea, eta ezkutarazteak eta zigorraren mehatxuak badu betiko jazarpen kutsua. Ardura eta betebehar saihestearekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo