GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Juan Luis Mugertza Idazlea

Aski da

Ez da erraza indarra baino ezagutzen ez duenari bestelako jarrera eskatzea, baina ordua da «aski da» esateko. Etengabe tratu txarrak eta irainak pairatzen ditugun euskaldunok, gero eta gehiago izan arren, oraindik asko gara egoeraren txarrera ohituta isilik gaudenok, ahoa zabaltzeko beldur garenok. Etxekotu nahi gaituzte, baina ez baserriko amonaren antzera «Purra! Purra!, Purra!» goxoa esanda; ez, hauek bestelako jangaiak erabiltzen dituzte gurea alde batera uzteko eta beraiena irensteko.

Bestela erreparatu egunekoari, zer-nolako eskola erakusten diguten beraiek bezala pentsatzeko, bizi izateko eta maitatzeko. Bai, tematuta daude modu batean ez bada bestean makurrarazten, isilarazten. Gainera, badakite bakea hitz eta pitz darabilten horiek ere bat egiten dutela beraien musikarekin.

Baina alferrik dabiltza, bai batzuk, bai besteak, zeren eta euskaldunok, Euskal Herrian sinesten dugunok, aspaldian erabaki baikenuen gure gustuko bikotekideak, gure gustuko dantzak, bestelako ezaugarriak beharko zituela. Ez da, agian, politena izango, baina esaerak dioen bezala, «maite dauanari apoa», eta guk horrelakoa nahi dugu. Guk ez dugu azaleko harremanik nahi. Guk benetakoa bizi nahi dugu. Gainera, inoiz ez dugu ulertzen zer-nolako gogoa, zer-nolako beharra duten maite ez duen hori erakartzeko. Hori lurralde atzeratuetan baino ez dute egiten, antza, eta Espainia ez da horrelakorik, ezta?

Itxura baino ez da gure artekoa, eta hori ez badute ulertzen, inoiz ez dira zoriontsuak izango, eta inoiz ez dute bikotekidea zoriontsu egingo. Horrelakoetan, jakin behar entzuten, jakin behar, noiz edo noiz bada ere, amore ematen eta espainiar eta frantziar politikoek oraindik ez dute ikasi, eta ez dute ikasi nahi. Eta horiek ezinbesteko baldintzak dira harreman guztietan, bestela akabo!

Tratu txarrak pairatzen ditugun euskaldunok, bestelakoek ez bezala, ez dugu eredu zehatzik. Ez dago genero bereizketarik, ez adinik. Guztiok gaude poltsa berean. Arazoa ez da matxismoa (hori ere izango da, ziur), heziketa maila eskasa (hori ere izango da, ziur), fideltasun eza (hori ere izango da, ziur), drogak (hori ere izango da, ziur), arazoa «ideologia» da. Beste modu batean esanda, baloreak. Eurek motibo handirik ez dugula esango dute, Autonomia dela, bizi maila handia (batzuena) dela, baina nork bere esperientziatik hitz egin behar du; azken finean, sentimenduetatik, eta euskaldunok umiliatu, ihauli, mehatxatuta sentitzen gara.

Horregatik, ez dugu konfiantzarik beraiengan, urte gehiegi daramatzagu elkarrekin bizi izaten eta elkar ezagutzen dugu oso. Badakigu nolakoak diren, zer-nolako trikimailuak erabili ohi dituzten gu erakartzeko. Bueno, gu baino, Jaungoikoa eta txistua ahotan darabiltzaten betiko lagunak. «Aski da». «Utzi bakean». Ez zaituztegu maite; guk bestelako jendea maite dugu, bestelako baloreak, nahiz eta gure bihotzean preso egon.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo