GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Errazena, errepresioa. Aski da!

 

Eraman dituzte. Zortzi atxilotu, eta bi Parisera eraman, ezin baitzen beste sarekada bat egin inor presondegiratu gabe. Bi gazte, militante, euskal elkarte ezagunetako kide. Bi langile, abertzale. Beste bi mehatxu, gazteek uler dezaten hemen UMPko elkarteak, FDSEAkoak direla egokiak, edo langabeziaren saihesteko Polizian edo Armadan sartzeko aukera ematen duela Parisek. Beste hauturik ez da onartzen, abertzale izatea galarazi nahi dute. Larunbateko manifestaldiak erakusten du gazteak ez direla itsu, ikusten dutela zer etorkizun prestatzen dieten. Batzuek elkartea sostengatu dute, baina elkarteetan gazteak dira lanean eta horiei beldurra sartu nahi diete, alegia euskal elkarteetan lan egitea arriskutsua dela. Garai batean «enbata zikina» erraten zuten, gaur egun horrek ez du eraginik, beste zerbait asmatu behar zuten, errazena, errepresioa, presondegiratzea. Edozer gauza asmatuko dute, edozer leporatuko diete: gezurra, gezurra, gezurra!

Hogei urte daramate Esnal, Parot eta Aranburu familiek, hogei urte frantses eta espainol estatuak mutur batetik bestera zeharkatzen, milaka oren, milaka kilometro, milaka euro, errurik ez dutelarik, familiarrak izateagatik, beldurrez, familiarraren galtzeko beldurrarekin, bidean istripu bat sufritzeko arriskuarekin. Hau ez da delitu bategatik ezartzen den zigorra, hau da mendekua. Hemen ez da zuzenean hiltzen, hemen mendekua praktikatzen da, perbertsoagoa baita. Alta, torturapean lortutako adierazpen batzuengatik kondenatu zituzten! Hau al da justizia? Hau al da bakearen lortzeko nahi den Justizia? Familia horiek bizi izan dutenaren lekukotasuna oso gutxitan heldu da gureganaino. Hau al da joan den astean atxilotu bi gazte horien familiek pairatu beharko dutena?

Argi dago frantses Estatuak ez duela beste elkarrizketarik bilatzen. Alta, gu ez gara nekatuko elkarrizketa eskatzen, proposamenak egiten. Iraunen dugu, herri gisa helburua garbi baitugu, irauteko, irabazteko nahikeria nekaezina baita. Gazte horiek erakusten digute bidea, lan eginez, hizkuntza, herri dinamika bultzatuz. Ez dute aurtengo Aberri Egunean parte hartu, baina gurekin izan dira, gure gogoan izan dira. Milaka kilometrotan dauden guztiak hor baitziren, independentziari buruz bidea irekitzen. Gure herria eguneroko lanarekin eraikitzen baita, gazte horiek egiten zuten gisan, haiek aitzin beste askok egin duten bezala. Katea ez da eten eta luzatzen jarraituko dugu, esperantza piztuz eta lan eginez.

Aste honetan prentsan Iparretarrak erakundearen borrokaren bilana egin da. Berrogei urteko borroka. Abertzaletasunari loturik izan diren atxilotuen kopurua begiratzen balitz, herritarren kopuruarekiko portzentajea inpresionagarria gertatuko litzateke. Abertzaletasunak jasan dituen erasoetan ez da dudarik estatuaren ekintza nahiko motela gelditu dela, Jon Anzaren kasuan gaur familiarrek jasaten dutena aski adierazgarria da. Baina abertzaleen atxilotzeko, preso sartzeko, auzitara eramateko hor mugarik ez da, justiziak oso era zorrotzean aplikatzen ditu testuak. Eta familia guztiek zigorra jasaten dute. Aski da!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo