GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Final de parejas en Ogeta

Gorabeherarik gabe dagoenean, Xala onenen pareko da

Jokin ETXANIZ

Aspeko Kirol arduraduna

Gaurko finala, ezeren gainetik, oso gogorra izan da. Atzelarien artean ez da inor nabarmendu, ez du batak bestea zeharo dominatu, momentuak izan dituzte, batzuetan batak bestea, eta gero alderantziz. Hori bai, egia da Zubietak pilota asko kendu diola Sebastiani. Hasieran kosta egin zaio Aitorri partidan sartzea, eta hor, gorriek ez dute aprobetxatu markagailuan ihes egiteko, aukera zutenean.

Gauzak horrela, finalaren giltza aurrean egon dela esan dezakegu. Xala oso ondo egon da, txapelketan bere mailarik onenean aritu da, bikain defendatzen, eta aukera izan duenean, tantoa bikain bukatzen. Aldea aurrean egin dute txapeldunek, nahiz eta Sebastianek tanto ederrak egin dituen. Joko desberdina dute bi aurrelariek eta bagenekien Xalak dohain hobeak zituela bikoteari laguntzeko eta partida luze eta gogor batean hori nabarmendu egin da. Esan beharra dago, halaber, egon direla une garrantzitsuetan jokaldi batzuk, Gonzalezek eta Laskurainek, tanto batera jartzeko aukera izan dutenean, ez dutena zorterik izan, eta markagailuan beti atzetik joan behar hori luze egiten da.

Txapelketako lehen bi partidetan Xala ez zen ondo aritu, gero jokoan sartzen hasi zen eta ikusi da nola bukatu duen. Horrela dagoenean erakutsi du ze joko duen eta zein polita den ikusteko. Pilotari handi bat dela erakutsi du eta ea ez duen horrenbeste gorabehera izaten. Xalari ikusten diodan oker bakarra gorabehera horiek dira, momentu batzuetan oso ondo egoten dela baina behera egiten duela. Ondo dagoenean onenetariko bat da, eta erakutsi du, hiru txapel ez dira erraz lortzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo