GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Poltsa beterik, gure patrika zulatu nahian

Frantziako Gobernuak erregimena agindu du. Oraindik ez dakigu itxura hobetzeko azaleko neurriak izanen diren soilik, baina janeko hotzikarak sentitzen hasiak gara. Greziatik heltzen zaizkigun oihartzunak aitzat harturik, Fillonek eginiko iragarpenari usain txarra hartzen diogu. Jakina denez, dieta basatiak osasunarentzat guztiz kaltegarriak izateaz gain, eraginkorrak ez direlako.

Sarkozyk txandakako europar presidente jardun zuenean xahuturiko diru-zama ahaztu beharko dugu, baita banketxeei oparitutako dirutza ere. Denok sakrifikatzeko tenorea omen da...

Horregatik jasangaitzago da jakitea legebiltzarkideek txin-txin eginez igaroko dutela krisia. Yvan Stefanovitch kazetariak «La caste des 500» izeneko liburua argitaratu berri du. Diputatu eta senatari gehienek (%85ek) karguak pilatzen dituztela eta horri esker soldatak, eta bereziki kontrolik gabeko dieta gizenak, jasotzen dituztela azaltzen du.

Kazetariak eman dituen datuen arabera, oinarrizko legebiltzarkide batek 9.730 euro gordin eskuratzen ditu. Hortaz gain 9.000 euro ematen dizkiote bere gortearen gastuak ordaintzeko -laguntzaileak, familia eta ez aitortzea nahiago lituzkeen beste gastuak...-.

Horrekin nehork ezin duela bizimodu duina eraman agerikoa denez, beste 6.000 euro jasotzen dituzte herri ordezkariek bestelako gastuak betetzeko.

Baina zer «bestelako» geratzen zaie aginte ezberdinak pilatzen dituzten legebiltzarkideei? Ibilgailua, idazkaria, joan-etorriak, jatetxeak... Horiek guziak Parisera joan aitzin «etxetik» ordainduta dituzte-eta.

Hots, zerga-gabeko 6.000 euroko txeke garbia sar dezake, demagun, senatari edo diputatu izateaz gain, hiri handi bateko alkate den -agian Biarritzekoa, beharbada baionarra- legebiltzarkideak. Laburbildurik, zorpen publiko erraldoia duen Errepublikaren 500 printze horiek 15.000 euro garbiak poltsikoratzen dituztela, gutxienez.

Stefanovitch-ekin bat nator legebiltzarkideak sobera ordainduak ez direla erraten duenean. Soldatek diferentzia markatzen badute ere, pribilegioak dira, finean, injustiziaren sentimendua areagotzen dutenak.

Dieta zorrotza agindu du Fillonek... astebururo bezala, Falcon bat hartuta, Sarthen duen etxera joan aitzin. Krisian garela, ordubeteko bidaia AHTn egitea sakrifizio gehiegi litzateke lehen ministro batentzat ?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo