GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Agenda transgenikoa denean

Herrialde baten presidenteak piperrak egiten dituela esaten badigute, hara!, pentsatuko dugu kolpe batean, laboraria eta presidentea!, hauxe bai aldaketa benetakoa! kalitatezko burujabetasuna elikatzen gaude! Autonomia Erkidego baten presidenteak piperrak egiten dituela esaten badigute, hara!, pentsatuko dugu kolpe batean, lehendakariak ostera ere sasieskola egin du!, aldaketarik ez, hortaz! transgenikoa nagusi! Horixe bada. Tira, ulertzekoa da, hori ulertzerik balego sikiera, Shangaitik oso urrun den Afrika erdiko eremu latzetan bizirauten saiatzen diren txabola gutxiko herrixketako neskatoek sasieskola egitea, hainbat kilometrotako sasi-bidea ibili behar baitute egunero uretan, joaneko bidean hutsik eramandako ontzia urez beteta ekartzen saiatzeko etorrikoan; eta eskola ere urrun, iturrirako norabidearen kontrakoan gainera. Baina Ajuria Eneko maizterraren kasua ez da hori, iturri fidagarrietatik jakin izan dudanez, baduelako etxean txorrotatik dabilen urik, zorrotadaka ibili ere, aurreko garai loretsuago batean jelkideen fontaneroek utzitako txorrota-saretik dabilenik. Beraz, ikasle honen kasuan ez dago sasieskola ulertzerik, are gehiago eskola etxean bertan duenean, iturriaren ondo-ondoan; lepo-zorroa zertan altxatu ere ez duenean. Agenda kontua ei da arazo, akaso. Hasieran Eskola-Agenda 21en gainean zegoela pentsatu nuen, baina, berriro ere, usteak ustel. Lan-agendaz zegoen. Baina ustez argibidea izan behar zuena ilun-bide bilakatu zitzaidan: akaso agenda ez da nork bere eginbeharrak egunez egun apuntatzekoa? Zelan izan daiteke, beraz, agendagatik ez egitea agendan apuntatuta egon behar zena? Ama, ama! gero eta gehiago kostatzen zait sozialismo monarkikoa ulertzea, saiatu arren. Beste gauza bat litzateke eskolan egon eta euskara ikasteko behar beste probetxu atera ez denbora zati bat biktimek hartu behar dutelako, plana plan. Gauzak horrela, lehendakariarenak badaezpadako eskolak izatera ere ez direla heltzen pentsatu behar da, beheko Estatuko Justizia ei den horretan darabilten hiztegitik maileguan hartutako hitza erabiltzearren. Tira, sasieskolatan dabilena sasi-ikasle hartu behar; hortaz, bere kalifikazioa AA+ izan beharko luke, A eredua agendan indartuz euskararekiko zor publikoa bere horretan mantentzen duelako, agendagatik bada ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo