BERRIA Gotzon Barandiaran 2010/5/6
Euskarazko kulturari ostikoka
Joxemiel Bidadorren bat-bateko heriotza euskaltzaleontzat, orokorki, eta beren beregi Nafarroako euskalgintzarentzat galera itzela izan zen eran, euskarazko literaturarentzat eta, endemas, haur literaturarentzat Joxantonio Ormazabal deblauki hiltzea berri latza izan da zinez. Euskarazko kultura euskarazko komunikabide publikoetan gero eta baztertuago dagoen sasoiotan, Bidador eta Ormazabal halako sortzaile oparo bezain apalen eguneroko lan isila ezinbestekoa zaigu. Isilarazi gura gaituztenean, lanari isilean ekingo diotenak goratzea dagokigu.
Egun jabea den Noticias taldeko buruek, Herri Irratiaren euskarazko programazioak euskarazko kulturari azken berrogeita hamar urteetan egin dion ekarpena goizetik gauera gutxietsita, Loiolako egoitza itxi, eta euskarazko programazioa are gehiago murriztuko dute. (...)
Erabakia ekonomikoa izan baita, prefosta, eta noiz hartu ditu erabakiak nagusiak menpekoaren iritzia kontua hartu eta gero? Baina, erabakia ekonomikoa izan bada, zergatik kendu dituzte euskarazko saioak? Euskara defizitarioa da Noticias taldekoentzat? Baina, Noticias taldekoak ez dira Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen dutenen alderdi berekoak? Eta horiek ez dira, ba, euskararen normalizaziora bideratutako aurrekontuetatik murriztutako dirutik Real Sociedad taldeari 1,2 milioi euro emango diotenak Gipuzkoa euskararekin bat leloa erakustearren, futbol talde batek euskarazko kulturari itzelezko bultzada emango dion aitzakiapean?