GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

KAZETA.INFO Aitor Renteria 2010/5/5

Behiak trenari so bezala

(...) Harridura haien begitartean, Baionako suprefeturatik ateratzean, Lapurdiko hautetsien aurpegian irakur zitekeen harridura bera. Frantziako gobernuak AHT xedea aztertzeko ardura eman zion Marie Line Meaux andereari duela hiru hilabete. Nehork zalantzarik bazuen, ezinago argi mintzatu zen atzo. Lapurdiko AHT bide berria eginen da. (...)

Mandataria, ez bitartekaria. Zeinek asmatu zuen ba, zerbaiten bitartekari gisa zetorrela? AHT xedea aitzinarazi eta trabak kentzeko agindu zion Frantziako gobernuak. Hitzetik hortzera bete du lan hori eta badoa.

(...) Zergatik igurikatu dute 2010era bitartekariaren bilduma eskuratzeko? Eztabaida publikoa 2006an izan zen. Orduan hautetsi gutxi joan ziren bilkuretara eta gutxiago izan ziren mintzatzera edo zalantzak aurkeztera menturatu zirenak. «Hilda gero, salda bero» dio erranak eta horrela jokatu du Frantziak. Eztabaida publiko hartan, RFF konpainiak aurkeztutako datu gehienak faltsuak ziren. Erakunde publikoa da RFF. Nola onar daiteke erakunde publiko batek tren kopuruak, garraio kopuruak eta eskura zuen guztia faltsutzea? Hautetsiek ez dute RFF auzitara eraman. Helburu bakarra zeukan RFFk. AHT bide berria egitea eta horretarako milioika euro xahutu dituzte.

(...) Zer du berezi AHT xedeak? Berriz ere Parisek erabakitako xede bat da, Ipar Euskal Herriak eskatu ez duena. Berriz ere, gezurretan aritu dira errealitatea gordetzeko. Berriz ere, tokiko hautetsien iritziak ez du balio, ez dutelako erabakitzeko eskumenik. Eta gainera ordaintzea eskatzen diete, herri eta herri elkargoen etorkizuna urte luzetarako hipotekatuz.

Trenbidea egin bitartean manifestazio jendetsuak deituko dituzte, gehienez bat edo bi. Ez dute gelditzea lortuko baina bederen, ahal zuten guztia egin dutela erranen dute hautetsiek. Guztia? Aginduaren gainetik zuzentasuna dago, eskubidea, justizia. Intsumisioa bultzatzea gehiegi eskatzea da?

(...) Ororen buru, garaipena ez da trena gelditzea, erabakitzeko eskubidea lortzea baizik. Eta ez dago hori lortzerik Ipar Euskal Herriaren erakundetzea lortu ezean (...).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo