GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Andoni Olariaga eta Jon Jimenez Filosofian lizentziadunak

Ideien borroka

 

Espainiar eta frantziar estatuek gerra tresnak erabiliz garaitu gintuztenetik, gerra mota anitz erabili dituzte Euskal Herria politikoki menperatuta izateko, gerra tresnak inoiz utzi gabe betiere. Egun, ordea, gerra ideologikoa jarri dute abian, psikologikoki eta sozialki ustez libre sentiarazteko (nahiz eta errealitatea kontrakoa izan). Historian zehar izandako gerrak, konkistak, genozidioak, estatuaren estrategia militarrak... albo batera utziko ditugu momentuz, eta, horien ordez, guda ideologikoa izango dugu hizpide.

Suntsitu, okupatu eta autonomizatu duten lurralde honen herritarren kontzientzia -politikoa- da Estatu hegemonikoari beldur gehien ematen diona. Hots, herri honek zapaldua izatearen kontzientzia hartuko edo indartuko ote duen beldur da Estatua. Eta horren aurka abiatu zuen, adibidez, ZEN plana delakoa 80ko hamarkadaren hasieran. Bertan, guda ideologikoaren garrantzia azpimarratzen zen: «La población vasca presenta una idiosincrasia y unos valores que no deben ser descartados a la hora de hacer planteamientos ofensivos (...) consideramos que gran parte de la misma puede ser influenciable por la acción psicológica». Halaber, egin beharreko (des)kontzientziazio doktrinamendua hitzez hitz arautzen zuen. Horrela, Euskal Herriko ustezko balio esentzialei erreparatuta, disidentziaren aurkako argudio berriak (bezain zaharrak) eraikitzen hasi zen Estatua. Alegia, «la Policía sufre acciones de violencia, por ser un impedimento para quienes pretenden imponer por la fuerza un sistema contrario a la tradición cultural vasca...». Hau da, biolentzia eta disidentzia desobedientea tradizio kultural euskaldunaren kontrakoa zela azpimarratu behar zen. Eta, beraz, «euskaldun fededun», txapeldun eta bakezalearen irudia goratu. Lurralde okupatu horien zati batean ezarritako gobernuaren buru zenak, hots, Estatu espainiarreko ordezkari izan zen J. J. Ibarretxek, 2004an zioen bezala, herri euskalduna herri zibilizatua da; esan nahi da, otzana (eta milizianoak, ez ote ziren euskaldunak?). Irudi hori, txertatu zuen Estatuak, baita ondo txertatu ere!

Irudi horren kontra borrokatu zenetako bat Jon Mirande izan zen. Berak kritikatzen zuen bezala, irabazi ezean, arrazoia izateak ez du ezertarako balio. Zintzoa izatea tontakeria hutsa da, gerra galdu egin bada. Egia da arrazoi hutsak ez duela ez ezer ez inor mugiarazten, are gutxiago estatu boteretsu eta hegemoniko bat. Aitzitik, kontzientzia maila altuago batek herritarrak mugiaraz ditzake, eta estatu arrazoiaren -eta arrazoien- aurrean arma ideologiko hobeekin borrokatzeko parada eman. Izan ere, besterik gabe galtzen utzi ezin daitezkeen guda ideologiko dezente galtzen dira ohartu (nahi) gabe, nahiz eta agian guda nagusiak izan ez. Beraz, nahiz eta arrazoi izateak irabazteko balio ez duen, arrazoi horrek kontzientzia politiko sakona badakar berarekin, herritarren pentsamendua aldatu eta Estatuaren kontrako guda ideologikoan eraginkorrago borrokatzea eragin dezake.

Kontzientzia maila altua ez duten herriak erraz hartu izan dituzte mendean. Badaude askotariko borrokak: sindikalak, nazio mailakoak, herriz herrikoak eta abar. Eta badaude oso garrantzizkoak diren eta borroka horiek artikulatu eta edukiz eta ideiaz betetzen dituzten borroka ideologikoak. Horiek duten garrantzia neurtezina da, are gehiago gaur egungo testuinguru politikoan. Menderatuta jarraitzeko eta errealitatean ez dagoen mundu bat eraikitzeko sortu dizkiguten ideia eta kontzeptuak Soziologiatik, Filosofiatik, Antropologiatik... borrokatu behar dira, buelta eman eta marra gorriak ezarri behar zaizkie. Egunero bonbardatzen baikaituzte kontzeptu huts bezain ekibokoekin: demokrazia, aniztasuna, biolentzia, elkarbizitza, bakea, giza eskubideak, biziaren sakratutasuna, hiritartasuna (unibertsala)...

Esaten dute esentzialistak garela, tradizionalistak, alemaniar jatorrizko nazionalismo atzerakoia dugula, eta haiek frantziar (nazionalismo) hiritar konstituzionalista aurrerakoia; gaitzespen politikoa ezinbesteko baldintza dela demokraziaren jokoan parte hartzeko; nazionalismoa XIX. mendeko gauza dela; jada ez dagoela mugarik estatuen artean (multinazionalentzat izango da...); zer demontre ari garen gure nazionalismo hertsi txikietan oro globala izanik... Ideia horietako bakoitzaren atzean ezinbestean borrokatu beharreko guda ideologiko bat dago. Herri bezala bizirauteko ez du balio ideien mailan senak bultzatuta borrokatzea; alta, maila honetan diziplina guztietatik borrokatzea eskatzen du. Abertzale garen guztiok, ordea, bat egiten dugu puntu batzuetan edo besteetan -nahi eta ez: zanpatzen gaituzten eta arnasa hartzen uzten ez diguten kultura dogmatiko espainol eta frantsesaren atzaparretatik askatzeko ahaleginetan, askatasun espazioak lortzeko borrokan, alegia-.

Bukatzeko, Silvio Rodriguez abeslari kubatarraren «Te doy una canción» abestia gogoratu nahiko genuke. Disko jogailua ipini, sofan lasai eseri eta entzun. Hauexek dira abestiaren azken hitzak: «Te doy una canción, como un disparo, como un libro, una palabra, una guerrilla... como doy el amor».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo