GARA > Idatzia > Euskal Herria

Feminismoaz gogoeta egin asmoz ehunen bat emakume gazte bildu dira Hernanin

«Kuleroak buruan eta salto mundura» lelopean, hausnarketa, tailer eta ekimenez beteriko asteburua ospatzen ari dira Hernanin ehunen bat neska Euskal Herriko III. Emakume Gazteen Topaketan.

p021_f01.jpg

GARA | HERNANI

Ostiraletik Hernanin dira asteburu pasa ia ehun neska inguru «Kuleroak burura eta salto mundura» lelopean egiten ari diren Euskal Herriko III. Emakume Gazteen Topaketetan. Ostiral iluntzean neska gazta andana bildu zen Hernaniko kiroldegiko frontoian feminismoaz hausnartzeko hitzaldi, tailer eta ekitaldiz beteriko asteburua hasteko prest. Antolatzaileetako bik, Oihana Etxebarrietak eta Kattalin Perezek, egin zieten harrera bertaratutakoei eta neska gaz-teak «horrelako espazioetan» elkartzearen garrantzia azpimarratu zuten.

Bilgune Feministako eta Emagin Dokumentazio Zentroko kide Miren Aranguren mugimendu feministaren gainean aritu zen hizketan. Euskal Herriko mugimendu feministaren egungo egoera aztertzeko atzera begiratzea ezinbestekotzat jo zuen Arangurenek. Euskal Herriko mugimendu feministaren lehen agerkariak Ipar Euskal Herrian kokatu zituen, mugimendu ezkertiarraren baitan emakumeak espazio propioa aldarrikatzen hasi zirenean. Hego Euskal Herrian, aldiz, lehen printzak 1975 inguruan agertu zirela azaldu zuen, hemen ere mugimendu ezkertiarrarekin lotuta. Hasiera haietatik aldaketa ugari izan direla, batez ere 2000. urteaz geroztik, eta Euskal Herrian talde feminista ugari sortu direla gogorarazi zuen. Arangurenen hitzaldiaren ondoren, kontaktu-tailerra eta ``Sexualitate positiboa'' gaiaren inguruko hitzaldia izan zituzten.

Kontaktu tailerrean norberaren gorputza ezagutzearen garrantzia azpimarratu zuten. Hala, gorputzak sortu eta gorputzean sortzen zaizkigun sentimenduen eta sentsazioen kontzientzia hartzeko helburua zuten gaueko kontaktu jolasek.

«Sexualitate positiboa» gaiaren gaineko hitzaldian, bestalde, «jokoa oinarri hartuta norbere gorputza, nahiak eta desioak nola arakatu» aztertu zuten.

Hezkuntza parekidera bidean

Atzo goizean, bestalde, indarkeria eta autodefentsa gai hartuta tailerra izan zuten. Bakoitzaren bizipenetatik abiatuz, psikologikoki, emozionalki eta fisikoki norbere burua lantzea zuen helburu tailerrak. Indarkeria sexista eta autodefentsari buruzko ideiak partekatu eta hizkera komun bat sortzen saiatu ziren. Bien bitartean, hezkidetzaren inguruko tailerrean parte hartu zuen beste emakume talde batek. Taldetan etorkizuneko hezkuntza parekideak nolakoa behar lukeen definitzen edo espazioak berreskuratzeari buruzko lanketa egiten aritu ziren. Ondoren, bakoitzaren mugen gainean aritu ziren hizketan.

Bazkariaren ondotik, arratsaldeko laurak inguruan identitateen inguruko mahai-ingurua izan zuten. Segidan, hainbat tailer izan zituzten.

Emakume gazteen topaketa hauetan aldarrikapenerako tarterik ere hartu dute. Atzo iluntzean manifestazioa egin zuten Hernaniko kaleetan barna. Gau partean, bestalde, festarako beta ere hartu zuten neskek.

hausnarketa

Feminismoaren gainean hausnartzeaz gain, sexualitatea eta autodefentsa bezalako gaiak ere landu dituzte ostiral iluntzetik Hernanin bilduta dauden dozenaka emakume gazteek.

manifestazioa

Protestarako betarik ere hartu dute emakume gazteek Hernanin. Atzo iluntzean emakumeen eskubideen defentsan herriko kaleak zeharkatu zituen manifestazio batek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo