Euskal unibertsitatea sortzeko urratsa eman dute Hernanin
«Gure esku dago unibertsitate propioa gauzatzeko lurra laiatu eta irauliko duen herri mugimendua gorpuztea». Hala hitz egin zuen atzo Euskal Herria Bere Eskolako bozeramaileak Hernanin Euskal Unibertsoa 2010 egunean bildu zirenen aurrean. Unibertsitate nazional, euskaldun, hezkidetzaile, herritar, demokratiko eta parte hartzailearen beharra azpimarratu zuten.GARA |
Euskal Herriak Bere Eskola ekimenaren gidaritzapean, atzo Euskal Unibertsoa 2010 eguna ospatu zuten Hernanin. «Herri jakintza nahi dugu eta jakintza herriarentzat nahi»; horixe da aurtengo ekimenari jarri dioten goiburua. EHBEko kideentzat, baina, ez da lelo hutsa, «Euskal Herriak behar duen euskal unibertsitatearen oinarria baizik». Hezkuntza oinarri hartuta, hitzaldi ugari izan ziren goizean zehar. Tartean euskal eleanitzak sortze bidean eman beharreko urratsez aritu zen Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia. Bestalde, «Hamaika egitasmo herritik herriarentzat» saioan Hernanin gaur abian jarriko den atez ateko hondakin bilketari buruz aritu ziren hizketan.
Kataluniako hizkuntza politikaren inguruan Pere Mayansek eman zuen hitzaldian ere jende ugari bildu zen. Era berean, Hernanin Emakume Gazteen III. Topaketak egiten ari zirela aprobetxatuz, hezkidetza tailerra egin zuten elkarrekin.
Euskal Unibertsoa 2010 egunari amaiera emateko, berriz, ekitaldia egin zuten Hernaniko Tilos plazan. Bertan, herriek duten goi mailako hezkuntzaren beharra azpimarratu zuten. EHBEren izenean aritu zen bozeramaileak «herri jakintza herriarentzat sortu eta garatuko duen unibertsitatea» sortzearen beharra aipatu zuen. «Euskal Herriak aurrera egingo badu, bere etorkizuna eraikiko duten pertsona formatuak behar ditu, bere jakintza gorde eta garatu behar du, identitatea, kultura, hizkuntza, ondarea, lurra... gorde eta garatu behar ditu», zioen EHBEko kideak. Hala, «bestelako unibertsitate baten beharra» defendatu zuten Hernanin, euskal unibertsitatearen beharra. Unibertsitateak nazionala, euskalduna, hezkidetzailea, herritarra, demokratikoa eta parte hartzailea behar du EHBEren ustez.
Horregatik, aldarrikapenetatik ekintzetara igarotzeko unea iritsi dela defendatu zuten, «inori itxaron gabe guk geurea eskuratzeko unea». Beraz, euskal unibertsitate proiektu bat badutela azaltzearekin batera, berau gauzatzeaz arduratuko den Euskal Unibertsitatearen Fundazioa ere martxan dela aurreratu zuten. «Abian da herri honek nahi duen, behar duen eta izateko eskubidea duen unibertsitate propioa!», aldarrikatu zuten. Ekitaldiaren amaieran, hortaz, bertan bildu zen jendea «guztion indarraz» euskal unibertsitatea eraiki eta garaituko duen hezkuntza mugimendua osatzera gonbidatu zuten.
Herri jakintza sortu eta garatuko duen unibertsitatea sortzearen beharra azpimarratu zuten atzo Hernaniko Euskal Unibertsoan.