Petrolio isuria geldiarazteko kanpaia erraldoia, 1,6 kilometroko sakoneran
Petrolio isuriak ez du oraindik etenik eta BP konpainia multinazionalak kanpai erraldoi bat jartzeko lanak hasiak ditu, baina oso baldintza zailetan ari da lanean. Dagoeneko iritsi da isuria AEBetako itsasertzera. Lehen aldia da petrolio orbana lehorrera iristen dena.
GARA |
Mexikoko Golkoko hondamendi ekologikoa marka guztiak hausteko bidean da. BP multinazionalak abian jarri duen maniobrak zer lortuko duen aurreratzerik ez dago, inoiz ez baita tankerako ezer egin 1,6 kilometroko sakoneran.
Metalezko kanpaia erraldoia itsaspeko robotek jarri behar dute isuria duen petrolio-hobiaren gainean. AEBek inoiz izan duten petrolio isurketarik larrienari eusteko aukerarik onena kanpaia bere lekuan jartzea dela uste dute BP konpainiako arduradunek.
Piezak 98 tona ditu. 1.600 metroko sakoneran jarri behar dute, iluntasuna erabatekoa den leku batean. Gainera, uraren presioa ikaragarria da puntu horretan, eta horrek ez die inolako mesederik egiten ez langileei ez robotei. Gainera, kanpaia bere lekuan jarri aurretik hondoa berdindu egin behar dute, eta horrek ere lan asko eskatuko duela uste dute. Tony Hayward BPko kontseilari ordezkariak berak onartu du ez dakitela ahalegin horrekin ezer lortuko duten, horrenbesteko sakoneran ez baitira probatu ez kanpaia ezta erantsi beharreko hodia ere.
BPk diru asko galdu du isurketaren eraginez. Gainera, Barack Obamaren Gobernuak kalteak murrizteko ahalegina egiteko exijitu dio.
«Zilegi diren gastuak» ordainduko dituela aurreratu du BP konpainiak, baina enpresako buruek zilegitzat zer joko duten esaterik ez dago. Ez da baztertu behar gaia epaileen eskuetara iristea, BPk ahal den gutxien ordaintzeko saiakera egingo baitu. Edonola ere, milaka milioi euroko faktura izango da.
Konpainiakoen asmoak betez gero, datorren astean hodi bat erantsiko liokete kanpaiari, erregaia itsasontzi batera eramateko. Hori horrela izango balitz, orduan bukatuko litzateke isuria, baina orain arte isuritakoak egindako kalteari aurre egin beharra geratuko litzateke.
Bestalde, BPkoak beste petrolio-hobi bat zulatzen ari dira, orain isuria duena presio gutxiagorekin uzteko. Baina operazio horrek ere bizpahiru hilabeteko lanak eskatuko ditu.
Deepwater Horizon plataformak apirilaren 20an eztanda egin zuenean hasi zen isurketa. Orduan 11 langile hil ziren. Geroztik ahalegin ezberdinak egin dituzte isuria geldiarazteko, baina arrakastarik gabe, orain arte behintzat. Eguraldia lagun dute bederen, eta itsasoa bare-bare dago.
Aditu batzuek diote egunean 795.000 litro petrolio isurtzen direla, baina Ian McDonald Floridako Unibertsitateko ozeanografoak esan du askoz ere handiagoa dela isurketa, egunean lau milioi litro ingurukoa.
Louisiana, Mississippi, Alabama eta Floridako gune turistiko erakargarrienak kaltetu ditu petrolio isurketak. Estatu horietako egoera ikusita, Obamak berak Mexikoko Golkorako zituen asmoak aldatu egin beharko ditu.