«Dekretuak umeak metatu nahi ditu, haurrak zaintzeko gurasoek dituzten arazoei erantzuteko»
Haurtzaindegiek Morano dekretuaren aurkako mobilizazioak abian dituzte 2009. urtearen bukaeratik. Gelako haur kopurua handitzeaz gain, langileen formakuntza apaltzea aurreikusten du dekretuak. Profesionalek zerbitzuaren kalitatea txartuko duela salatzen dute.
Ainize BUTRON
Haurtzaindegi kolektiboak, herriek kudeatutakoak, elkarte gisa antolaturikoak... Mota askotako haurtzaindegiak daude Estatu frantsesean. Alta, guztiek bat egiten dute Morano izena hartu duen haurtzaindegien gaineko dekretuaren aurka egiteko. «Pas de bébés à la consigne» kolektiboan bilduta, haurtzaindegiek mobilizazioak, sinadura bilketak... bideratu dituzte frantses Gobernuak 2009ko apirilean kaleratutako dekretuaren ezarpenean atzera egin dezan. Haurtzaindegiek eskaintzen duten zerbitzua arautzeko lehenengo legea 1974an egin zen, eta 2000ko abuztuaren 1ean berritu zuten. Bertan, gaur egun haurtzaindegietan indarrean dauden arauak finkatu zituzten, besteak beste, gela bakoitzeko haur kopurua eta zaindariek izan beharreko formakuntza maila. Morano dekretuak, aldiz, funtsezko bi arlo horietan indarrean diren arauak aldatzea du helburu. «Guretzat aurrerapen handia izan zen 2000. urteko legea, gure lan baldintzak asko hobetu baitzituen. Aldiz, dekretu berri honekin berriz ere gibelera egingo dugu», nabarmendu du Marie-Laure Mesplede Angeluko Croix Rouge haurtzaindegiko zuzendariak.
Croix Rouge haurtzaindegia elkarte gisa eratuta dago egun, eta, ondorioz, 40 haur hartzeko baimena dauka. «Kontseilu Nagusiaren kudeaketaren pean dauden sendagileek ezartzen dute zenbat haur har ditzakegun. Egoitzaren azaleraren arabera hartzen da erabakia», argitu du Mespledek. Uneotan, haurtzaindegian hamalau langile daude 40 haurrentzako; langile horien erdiak haur medikuntza eta heziketan espezializatutako erizain eta hezitzaileak dira.
Langile gaituen gabezia
«2000. urteko dekretuaren arabera, haurtzaindegia ireki ahal izateko derrigorrezkoa da pertsona gaitu bat, erizaina edo hezitzailea, izatea. Arazoren bat balego, hau da, haur bat zauritu edo gaixotuz gero, lehen laguntza emateko gai den norbait izatea ezinbestekoa da. Horregatik, haurtzaindegi guztietan diziplina askotariko langileak izaten dira», azaldu digu Mespledek.
Orain artean legeak langile gaituen kopurua %50ekoa izatea behartzen bazuen, Morano dekretuak hori aldatu du, langile gaituen kopurua %40ra jaitsiz. «Dekretu berriarekin haurtzaindegia irekitzeko ez da derrigorrezkoa izanen erizain edo hezitzaile baten presentzia. Oso neurri kezkagarria da. Gero eta arazo gehiago daude langile gaituak aurkitzeko. Beraz, arazo horri irtenbide bat emateko, zaindarien ikasketa maila murriztu dute», argitu digu Mespledek. Croix Rougeko zuzendariaren arabera, langileen formakuntza maila txikituz, haurrentzat beharrezkoak diren segurtasun neurriak kolokan jarri dituzte.
Morano dekretuaren bigarren puntu nabarmenena haur kopuruari dagokiona da. 2000. urteaz geroztik, langile batek ibiltzen ez diren bost haur zain ditzake gehienez ere; horrez gain, ibiltzen diren zortzi haur izan daitezke bigarren heldu baten zaintzapean.
«Hasieran dekretuak egun ezarritako kopuruak aldatzea zuen helburu, heldu bakoitzak zain ditzakeen haur kopurua handituz. Geroztik, kopuru hori aldatu egin dute; egia esan, beste era batera zehaztu dute, besterik ez. Horrela, legez onartutako zaintzaileko haur kopurua %15 edo %20 gaindi dezakegu. Gure kasuan, lau haur gehiago jaso ditzakegu», nabarmendu digu Mespledek.
Pofesionalen ustez, dekretua azkenean indarrean jarriko da. Aldiz, zalantzak jartzen dute tokian-tokian zer gertatuko den. «Umeen haurtzaindegiak oso araututa daude. Gure kasuan, haurtzaindegia 2005. urtean handitu genuen 40 haur hartu ahal izateko. Egoitza 40 haur hartzeko prestatuta dago, ez gehiago. Dekretuarekin haurrak metatu nahi dira, gaur egun, bereziki hiri handietan, haurrak zaintzeko gurasoek dituzten arazoei erantzuteko. Erabaki horretan ez da inolaz ere umea kontuan hartzen. Uste dute haurrak bakarrik hazten eta zaintzen direla», salatu du zuzendariak.
Mesplede eta haurtzaindegietan lan egiten duten profesionalentzat, egungo arazoari aurre egiteko, haurtzaindegi gehiago eraiki beharko lirateke. «Aldiz, hori egitea sobera garesti ateratzen da. Beraz, nahiago dute haur kopurua areagotzea», salatu du.