GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Senosiain eta Olasagasti aukerarik gabe geratu dira

Juanjo Lopezek, Donato Larretxeak, Anjel Arrospidek eta Floren Nazabalek jadanik finalerdietan izateko txartelak erabat segurtatuta dituzte.

p053_f01.jpg

Jon LEUNDA

Nazabal, Arrospide, Lopez eta Larretxea izango dira Urrezko Aizkorako finalerdietan, atzo Olasagastik eta Senosiainek galdu egin baitzituzten beren neurketak, eta Igeldokoa eta Olaguekoa lehiaketatik kanpo geratu baitira jada.

Gauza batzuk, ordea, argitzeko daude. Izan ere, hasiera batetan egoera honetan sailkapena garaileen denborekin egingo zela iragarri bazen ere, oraindik ez dago argi horrela egingo den edo geratzen den jardunaldia jokatu eta sailkapena azken jardunaldi horretan erabakiko den. Antolaketaren ustez, bidezkoena guztia azken jardunaldian erabakitzea litzateke, baina hori dena astean zehar erabakiko da.

Jendetza handia batu zen Urduñako plazan saioa ikusteko, eta bi faboritoek, bai Lopezek eta baita Arrospidek ere, ez zuten hutsik egin; hala, finalerdietan izateko txartela eskuratu zuten. Bi probetan lan bera izan zuten. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko lehen lana. Jarraian, tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra lehiatu ziren. Hirugarren lanean, 60 ontzakoa moztu behar izan zuten. Laugarrengoan, berriz, kana-erdikoa zutik izan zuten, eta azkenik bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten.

Arrospidek proba guztiak bereganatu zituen Olasagastiren aurkako neurketan. Kolpekako enborra 30 kolpetan erdibitu zuen, hamahiruren aldea kenduz Olasagastiri. Erlojuz kontrakoan, 51 segundotan bota zuen 45 ontzakoa, eta Igeldokoak, berriz, minutu bat behar izan zuen. 60 ontzakoa, aldiz, minutu bat eta 59 segundotan bota zuen Leaburukoak, eta bi minutu eta hamalau segundo behar izan zituen igeldoarrak. Zutikako enborra bi minutu eta sei segundotan moztu zuen Arrospidek, eta hiru minutu eta 21 segundotan Olasagastik.

Iraupeneko proban ere Leaburukoa gailendu zen. Berak, 11 minutu eta 12 segundotan amaitu zituen lanak, eta 11 minutu eta 31 segundotan, berriz, Olasagastik. Denetara, egin beharreko guztiak egiteko, hamazazpi minutu eta 45 segundo behar izan zituen Arrospidek, eta hamazortzi minutu eta 49 segundo, berriz, Olasagastik.

Erraz

Juanjo Lopezek ere ez zuen ezusterako tarterik utzi, eta erraz gailendu zen Antonio Senosiainen aurka. Amaieran lau minututik gorako aldea kendu zion.

Kolpekakoan, 37 kolpetan bota zuen 45 ontzakoa Lezaungoak, eta lauren aldea kendu zion Olagueko aizkolariari. Erlojuz kontrakoan heldu zen Senosienek lortu zuen garaipen bakarra. Enborra 53 segundotan bota zuen, eta lau segundoren tartea kendu zion Lopezi, eta une horretan denboretan berdinduta geratu ziren, nahiz eta hortik aurrera Lopezek bidea nahiko erraz egin zuen.

60 ontzakoa mozten ere lehia dezentea izan zen. Lezaungoak bi minutu eta bost segundo behar izan zituen, eta bat gehiago Olaguekoak, baina geratzen ziren beste bi lanetan aldeak handiak izan ziren.

Kana-erdikoa zutik mozten bi minutu eta 10 segundo pasatu zituen Lopezek, eta Senosiainek, berriz, hiru minutu eta 37 segundo, eta horrekin ia dena erabakita geratu zen, nahiz eta lan bat falta zen saioa amaitzeko. Azkeneko proba horretan ere aldeak handiak izan ziren; Lopezek hamar minutu eta 40 segundotan amaitu zuen saioa, eta Senosiainek, berriz, hamahiru minutu eta hamahiru segundo behar izan zituen.

Lan guztiak burutzeko hamasei minutu eta 29 segundo behar izan zituen Juanjo Lopezek, eta hogei minutu eta 30 segundo, berriz, Antonio Senosiainek. Horrenbestez, lehian ziren sei aizkolarietatik Senosiain eta Olasagasti dira kanpoan geratzen direnak, eta Arrospide, Nazabal, Lopez eta Larretxea finalerdietarako sailkatu direnak.

Sailkapena

Antolatzaileek ez dute oraindik erabaki sailkapena orain arteko denboren bidez egingo den edota geratzen den jardunaldia jokatu eta dena azken jardunaldi horretan erabakiko den. Datorren astean zehar argituko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo