GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA Arabako kuadrila arteko bertsolari txapelketa

Gaztetasunaren eta talde lanaren txapela lortu dute aramaioarrek

Arabako Bertsolari Txapelketa lehen aldiz taldeka ospatu den honetan, Aramaioko gazteak nagusitu dira giro herrikoian ospatutako finalean. Bertso sorta kolektiboan, aldiz, Gasteizko Martin Ttipia taldekoak nagusitu dira Landatxo gunean eskainitako albistegi zorrotzari esker.

Itziar AMESTOY

Antolatzaileek hainbat galdera bota zituzten Arabako txapelketa berritzaile honen aurkezpenean. Horien artean, honakoa: «Eta txapelketaren finala Printzipal antzokian egin beharrean Gasteizko Alde Zaharreko frontoian bertso bazkari batekin egingo balitz, festa handi baten gisan?». Erantzuna atzo jaso zuten Gasteizen: txalo zaparrada bikaina. Oholtza gaineko bertsolarien eta adi-adi zeuden bertsozaleen arteko muga hautsi zen finalean, aurretik ospatutako saio guztietan gertatu bezala.

Goizean goiz hasi zen eguna. Lehen hitzordua 12.00etan jarrita zegoen, Hala Bedi tabernan. Pixkanaka-pixkanaka, talde handi bat bildu zen. Triki-poteoaren ordua bazen ere, trikitixa eta panderoekin batera txarangako instrumentu guztiak bildu ziren. Poteo mota ezberdinak bildu ziren baita. Aurreko gaueko parranda gogoan, tea nahiago zuten batzuek; besteek, ordea, hasiera-hasieratik egin zuten katxien alde. Arabako bertso munduan ezagunak diren aurpegiak bildu ziren, tartean iaz txapela jantzi zuen Ohiane Perea bera. Iazko txapeldunaren alboan, bertso eskoletako ikasleak; izan ere, atzokoan, bertsoak guzti-guztientzat direla garbi geratu zen Gasteizeko hitzorduan. Lehen geltokian bertan taldea osatu ostean, Kutxi kaleko giroa animatzen hasi ziren; musika eta bertsoak lagun, tabernaz taberna aritu ziren finalerako deia luzatuz.

Bertsozale ugari festa giroaz gozatzen ari ziren bitartean, finaleko saioa jazoko zuen Landatxo gunean azkeneko prestaketetan buru-belarri murgilduta zeuden ondoren lehiatuko ziren taldeetako partaideak. Agertokia txukuntzen, aulkiak ondo jartzen eta handik metro gutxitara egin behar zen bazkari herrikoia prestatzen ari ziren. Bazkal ordua 14.00etarako jarrita zegoen. Batzuek errespetatu bazuten ere, poteoa luzatu egin zitzaien beste askori; hala, arratsaldeko hirurak gertu zirela, Kutxi kalean gora eta behera zebilen bat baino gehiago. Orotara 200 lagun bildu ziren bazkarian; sarrerak, aspaldidanik zeuden agortuta. Bazkalostean ederki pasa zuten; bertsoak, patxarana... ez zen ezer falta. Finala hurbildu ahala -17.30erako aurreikusita zegoen-, animoak berotzen joan ziren gutxika-gutxika. Dantza egiteko parada ere izan zuten bildutakoek.

Aurreikusitako ordua pixka bat pasata iritsi zen atzoko egunaren ardatza zen saioa entzuteko unea. Landatxon, Arabako betiko bertsozaleak bildu ziren. Txapelketaren izaera bereziaren erakusle argia izan zen iaz finalean abestu zuten Iñaki Viñaspre eta Ohiane Perea antolakuntzako jantziarekin ikustea.

Bertso sortekin hasi zen finala. Izan ere, bat-bateko jardunean aritzera animatzen ez diren bertsolarien parte hartzea bultzatzeko asmoz, idatzitako bertsoek ere lekua izan dute aurten txapelketan. Bertsoekin batera, ikuskizun osoa eskaini zuten finalera sailkatutako hiru taldeek: mozorroak, antzerkia eta musika. Araba zen atzoko egunean landu behar zuten gaia. Gasteizko Martin Ttipia taldekoak izan ziren irabazleak. Albistegi berezi bat eskaini zuten kritika eta umorea lagun. Euskal sukarraren pandemia, langile jaurtiketaren gisako olinpiar kirol berriak, pinu kontrabandoa, kritika zorrotzez jositako eguraldi iragarpenak... denetarako tartea izan zen.

Martin Ttipiarekin bat, Aldapazaleak eta Aramaio ere egon ziren finalean. Lehenek, Prudentzio Deunak gidatutako autobusa igo zuten agertoki gainera. Herrialde osotik ibilaldia eskaini zuten, Araba ezezagunari buruzko hainbat pasarte eskainiz. Aramaiokoek, berriz, hamasei lagunek osatutako taldea taularatu zuten. Trikitixa eta panderoa lagun, patatak eta guzti jaurti zizkieten bildutakoei.

Kuadrila arteko finala

Bertso sortekin gozatu ostean, barre algarak albo batera utzi eta kuadrilen arteko finala iritsi zen. Partaideak ikusita eta iazko finala gogoan, Ehari-Kakiturrik zen faborito. Eskarmentu handiko taldea taularatu zuten, iaz finalean izandako Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi eta Ricardo Gonzalez de Durana tartean. Horiekin bat, Gaizka Urtaran eta Felipe Zelaieta. Aramaioko taldean, aldiz, Manex Agirrek bakarrik abestu zuen iazko Printzipaleko finalean. Andere Arriolabengoa, Iker Agirre eta Xabi Igoarentzat lehen finala zen. Azkenean, gaztetasunak bere lekua aldarrikatu zuen.

Agurretan, bi taldeen arteko adin aldea izan zuten hizpide. Aramaiokoek Gasteiz inbaditzeko asmoz helduak zirela aurreratu zuten bitartean, Ehari-Kakiturrikoek ondo irabazita zituzten bertso-poltronetan jarraitzeko asmoa erakutsi zuten. Ondoren, Andere eta Juan Marik kartzela aurrealdera egin zuten bisita, aspaldi ikusi gabeko laguna gogoan. Ikerrek, aldiz, Felipe eraman zuen motor berrian; hori bai, Felipek ez zuen beldurra ezkutatu, eta, egian esan, beldur izateko arrazoi osoa zuen, motorretik kanpo bukatu baitzuen zortziko txikian egindako saioa.

Kopletan, Aramaiokoak nagusitu ziren. Santimañi doinuan, Kakiturri-Eharikoen ikasleak izan ziren aramaioarrak. Ebaluazioak amaituta, aurkariek herri kiroletan botatako desafioa betetzeko prest plazaratu ziren aramaioarrak.

Atzoko bertso onenak neurri eta doinu librean botatakoak izan ziren. Asier Otamendik argi erakutsi zuen zergatik izan den hainbeste aldiz Arabako txapeldun. Alaba argazkiz baino ezagutzen ez duen preso baten buruan sartu zen, alaba ezagutuko duen «egunsenti hori izango da/ alaba bezain ederra» abestuz. Manex Agirrek, aldiz, lau urte lehenago hildako maitalea izan zuen gogoan. Loreak urtero eramateko ohitura izanda, arrosak laster zimeltzen direla onartu zuen, «baina bihotz barruan dudana/ ez da inoiz zimelduko».

Kartzelako saioa formatu berezian egin zuten atzokoan. Taldekako saioa zenez, lau minutuz aritu ziren seguidillak abestuz, zintzarri batek minutu bakoitza markatzen zuelarik. Gasteizko Alde Zaharretik larunbatero ibili ohi den jubilatu taldea izan ziren, Landatxoko kantxara hurbildu eta atzoko giro ezohikoa topatu zuena.

Aramaiokoak izan ziren, azkenean, txapeldunak. Herritik bertaratutakoak asko zirela argi geratu zen. Gazteek emandako estatu kolpea onartu zuen Asier Otamendik, baina rockero zaharrak ez direla inoiz hiltzen aurreratu zuen. Anderek, bestalde, aurtengoan arabar bertsolaritza izan dela txapelduna nabarmendu zuen. Manexek, aldiz, Aramaioko gazte asanbladari eskaini zion txapela. Bai pankartetan bai hainbat bertsotan, saioan egoterik izan ez zutenak izan zituzten gogoan. Horren erakusle, Gasteizko bertso jaialdietan ezaguna den «Jagoba, bota bertso bat» oihua behin baino gehiagotan entzun ahal izan zen.

Lehen aldiz kuadrila artean ospatu da txapelketa eta horrek Arabako bertsolaritza astindu du. Saioez harago, sortu den giro bikaina nabarmendu beharra dago. Horren isla da, adibidez, atzoko emaitza jakin aurretik errebantxa aurreikusita zegoela jada. Ekainaren 12an egingo dute, Maeztun. Atzoko eskema jarraituz, poteoa, bazkaria eta saioa izango dira egun horretan ere. Hortaz, atzokoan finaleko giroa bizitzerik izan ez zutenek edo gozatu ederra hartu ostean bertso egarria ase ez dutenek, ekainaren 9ra arte dute irekita izen ematea. Gasteizko Amaia zentroan edo araba@bertsozale.com helbidean egin dezakete. Txapelketaren oihartzuna luze doa aurtengoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo