GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

EUSKARARI JARRITAKO TRABEN KONTRAKO MANIFESTAZIOA NAFARROAN

Gobernuak ito nahi, eta herritarrek eman diote arnasa

Euskarak Nafarroan dituen oztopoen gainetik mintzatu ziren atzo herritarrak Iruñeko kaleetan barna. Euskaraz bizitzeko duten nahia eta eskubidea aldarrikatu zituzten, ozen eta garbi . «Irudi honek zer pentsatua eragin beharko luke egun hizkuntza politika diseinatzen duten pertsonengan», adierazi zuen Kontseiluak, herritarrei «nork berea jar dezan» eskatzearekin batera.

p002_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI | IRUÑEA

«Ama, ama, eta hau?», galdegin zuen haur batek bide bazterretik. «Etxean bezala, kalean eta edonon euskaraz hitz egiteko aukera izan dezagun», erantzun zion honek albotik. «Ikus gaitzaten eta euskaldunak existitzen garela jabetu daitezen», arrazoitu zuen, berriz, beste emakume batek. Izan ere, atzokoan Iruñeko kaleetan euskararen aldeko oihartzuna eta Nafarroako Gobernuak euskararekiko duen begirune faltaren salaketa ozen entzun ziren. Administrazioak ito nahi duen euskarari herritarrek eman zioten arnasa.

Kontseiluak deitutako manifestazioa seiak pasatxo zirenean abiatu zen Golem zinema paretik, oraindik ere herritar asko Alde Zahar aldetik iristen ari zirela. «Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea» leloa zeraman pankartak txalo eta irrintzi artean egin zituen lehen metroak. Espaloietan bien bitartean jendetza manifestaziora noiz gehituko zain, tartean, ordezkari politikoak eta gizarte eta kultura arloko aurpegiak; baina, batez ere, familiak, gazte koadrilak, adinekoak, ikasleak... Guztiak pankartaren lelo bereko pegatina paparrean hartuta. Askok berriz, ondo altxatuta «euskaraz bizi nahi dut» kartela eskuan hartuta.

Musika eta aldarria bat

Euskararen egoera kaskarra izanagatik eta euriak tarteka mehatxu egiten bazuen ere, manifestazioan parte hartu zutenek umorea eta jai giroa baliatu zuten aldarrikapenerako. Joaldunak, fanfarreak eta txarangak arduratu ziren musika jartzeaz eta herritarrak, berriz, haien erritmoan «Euskaraz bizi nahi dugu!» oihukatzeaz.

Jende artean beste pankarta batzuk ere nabarmendu ziren, Lizarran edota Erriberan ere euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzen zutenak, hain zuzen.

Bide erdira iritsitakoan zain zeuden umoretsu Alegria de Iruñea peñakoak eta eskusoinuarekin eta «hemen gaude euskararen alde!» oihukatuz egiten zuten bat manifestazioarekin. Manifestazioaren burua Armada etorbidearen amaierara iristean ailegatu zen atzetik abisua: «Oraintxe abiatu dira azkenak», eta datu hori aipagai pankarta zeramatenen artean ere.

Gaztelu plaza bete eta oraindik ere bidean zegoen jendearen zain denbora eginda hartu zuen mikrofonoa Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak. Bertaratutako jendeari eskerrak ematearekin batera, Nafarroako Gobernuak azken urteetan «euskaldunak zokoratzea helburu izan duen politika» egin duela salatu zuen Bilbaok. «Nafarroako Gobernuak ikusgai ez izatera zigortu nahi gaitu», adierazi zuen.

Estatus juridiko egokia

Euskararen normalizazio bidean agertoki berria eraiki behar dela esan zuen, «non euskaraz bizitzea aldarri izatetik errealitate bihurtuko den». «Gure esku ere badago eta gaur pauso bat eman dugu», ohartarazi zuen. Bide horretan, hizkuntza politika berri bat aldarrikatu zuen, elkarlanean oinarritua eta euskalgintzaren konplizitateaz kudeatua; baita, euskararentzat estatus juridiko egokia ere.

Lehentasunez landu beharrekoak ere zerrendatu nahi izan zituen, ordea, Bilbaok eta nabarmendu zituen, besteak beste, «osorik euskalduntzea bermatuko duen hezkuntza sistemaren-erreforma», administrazioaren euskalduntzea eta azkenaldian murrizketak baino ezagutu ez dituzten euskararen aurrekontuak handitzea.

Amaiera ez, abiapuntua da

Herritarrei ere egin zien dei Bilbaok, beraiek ere bide horretan ahalegina egin dezaten: «`Euskaraz bizi nahi dut' esaldia gaurtik bertatik jar dezakegu praktikan».

Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradunak manifestazioaren amaieran aditzera eman zuenez, «euskararen alde Nafarroan inoiz egin den manifestaziorik handiena» izan zen atzokoa. «Guk genituen aurreikuspenak aise gainditu ditu manifestazioak», adierazi zuen.

Bere esanetan, gainera honek zer pentsatua eragin beharko luke «egun hizkuntza politika diseinatzen duten pertsonengan». Antza, herritarrak behintzat ez daude konforme. «Bada ordua oihartzun honi segida emateko eta benetan euskararen normalizaziora eramango gaituen hizkuntza politika bat abiarazteko», aldarrikatu zuten.

Manifestazioa bera «prozesu baten hasiera» dela ohartarazi zuen gainera Lasak: «Datozen hilabete eta urteetan honi segida emango diogu euskararen normalizazioak behar duen bultzada eman arte».

lagun

Euskararen alde inoiz egin den manifestaziorik handiena izan dela ohartarazi zuen Kontseiluak. Hasierako pankarta Armada etorbidearen amaierara iritsitakoan abiatu ziren azkenak Golem zinema paretik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo