GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Injustiziaren aurka altxatzen garelako

Lau dira Ipar Euskal Herrikoak hogei urte preso daramatenak; euskal preso politikoen kasuan frantses justizia sekula baino bortitzago agertzen ari da, frantses Estatuaren gure herriarekiko mespretxua eta zapaltzeko helburua erakutsiz

Udalbiltza sortu zelarik denak poztu ginen. Gure esperantza guztiak betetzen zituen abertzaleak elkartuak baitziren, aspaldiko partez. Elkartzen gaituenari lehentasuna eman baikenion, gure izaitea, gure geroa hobesten baikenuen. Baina Udalbiltza une konkretu bati lotua baldin bazen ere espazio berria ireki zigun, abertzale gisa, herri gisa herriaren kudeatzeko tresna gauza zitekeela ikusi genuen; ukitu genuen, eskuetan genuen. Benetako tresna, benetako euskal instituzio abertzalea sortu zen. Zazpi lurraldeak batzen zituen. Euskal Herri modernoaren sorrera izan zen. Hori ez digu inork inoiz kenduko. Hau gure barnean, gure gogoan, gure larruan sartua da. Udalbiltza ez da inorena, denen artean sortu zen eta denena da. Konbentzitu bazuen, benetako konpromisoarekin sortu zelako izan zen, inoren interes alderdikoien babesteko helburuarekin. Instituzioak behar ditugu gure beharren kudeatzeko, elkarren artean geroa eraiki nahi badugu. Jarraitzen ahal dugu proiektu berriak sortzen, alegia aurrera joaten gara eta noizbait zerbait sortuko dela pentsatu. Pentsatzen ahal dugu ondoko belaunaldiek beste zerbait, abilagoa asmatuko dutela. Nik uste dut sortu zen Udalbiltza instituzio egokia dela eta babestu behar dugula, babestu behar ditugula aurpegia ematen ibili direnak, proiektu hori zutik emateko lan egin dutenak. Haiei esker urrats itzela egin dugulako, herri gisa bizi garelako, ausardiaz, inoren, ezerezen gibelean gorde gabe, besteek sortutako instituziorik ez dugula behar frogatu digutelako, herri hau antola daitekeela eta gure eskuetan dagoela frogatu dutelako. Inongo irabazi pertsonalik gabe, inongo alderdi irabazirik gabe. Duintasun handiz. Uztailaren 15ean hasiko den Udalbiltzaren auzian epaituko dituzten guztiek Euskal Herriko hautetsien babesa behar dute. Guztiena ez bada, abertzale guztiena baitezpadakoa da eta besteek eskubide demokratikoetan sinesten badute hor izanen dira ere.

Asteburu honetan errepresioaren aurkako manifestaldia iragan da Donibane Lohitzunen. Jendetsua, aste berean bi berri on errezibitu ondoren; lau gazteen atxiloketa libratzea alde batetik eta Laborantza Ganbararen kontrako auziaren bukaera bestetik. Lagun batek esan zidan frantses Estatuak ez dituela inoiz bi urrats atzera ematen, ez baditu beste batzuk prest aitzina eramateko. Luzaz gogoetatu gabe arrazoia eman behar izan diot eta manifestazioa baino lehen nuen optimismoa balekibale zuhurtziarekin trukatu beharko zela pentsatu dut. Lau gazte askatu dituzte, baina beste lau sartu dituzte aste berean, deusgatik. Izan ere, epaileak ez baitzuen informaziorik eskuratu jakiteko zer leporatzen zitzaien. Baina ez du inporta, abertzaleak direnez, preso atxiki daitezke arazorik gabe. Lau gazte horien aurka ez baitute askatu dituztenentzat baino elementu gehiago preso atxikitzeko. Gazteen kontrako errepresio nahikeria nabarmena da eta horren aitzinean jartzen segitu behar dugu.

Baina makineria zabaltzen ari da eta tresneria indartzen. Izan ere, lau dira Ipar Euskal Herrikoak hogei urte preso daramatenak; euskal preso politikoen kasuan frantses justizia sekula baino bortitzago agertzen ari da, frantses Estatuaren gure herriarekiko mespretxua eta zapaltzeko helburua erakutsiz. Datorren asteburuan Senpereko plazara aterako gara frantses justiziaren jarduera salatzera eta lau presoen egoeraren aipatzera. Injustiziaren aitzinean altxatzen jarraitzen dugulako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo