GARA > Idatzia > Kirolak> Baskonia

Caja Laboral Baskonia

Estudiantesekin final-laurdenetan

Partida hasiera aparta egin bazuen ere, Gasteizko taldeak behea jo zuen. Unicajaren 11-3 azken partzialak erabaki zuen partida.

p034_f01_33709.jpg

UNICAJA 70

CAJA LABORAL BASKONIA 62

Arnaitz GORRITI

Estudiantes izango da Caja Laboral Baskoniaren aurkaria ACB Ligako play offetako final-laurdenetan. Gasteiztarren eskutan zegoen titulurako faseko aurreneko aurkaria aukeratzea eta, itxuraz bederen, aurkari samurragoa egokitu zaie, garaipenak Unicaja arriskutsuaren aurka lehiatzera behartuko baitzituen.

Ezinezkoa da, ordea, baskonistek partida nahita galdu zutela uste izatea, taldearen filosofiaren aurkakoa baita erabat. Egia da, dena den, Milt Palacio iritsiberriari minutuak emateko baliatu zuela neurketa Dusko Ivanovicek; hots, joko sistemak oraindik behar bezain ongi menperatzen ez dituen jokalari bati.

Susmoak susmo, gogor ekin zion talde arabarrak neurketari. Malaga, plaza zaila izanagatik, nahiko oparoa suertatu zaio azken urteotan, eta atzo ere indarrez gainezka hasi ziren. Defentsan gogor, Mirza Teletovicen eskumutur finari esker aurreneko laurdena 10-17 amaitzea lortu zuten. Unicajak urduri zirudien; ez zuen saskirako bide errazik aurkitzen eta aurten ere gasteiztarrek Malagan irabazi egingo zutela zirudien.

Ez zen hala izan, ordea. Unicajak berehala berdindu zuen 9-2ko partzial bati esker. Hortik aurrera partida parekatua jokatu zuten talde biek. Archibalden taulapeko indarrari Splitterrek eta Herrmannek erantzuten zioten; Saul Blancoren saskiratzeei San Emeteriok eta Milt Palaciok berak. Atsedenaldira 26-27 iritsi ostean, hirugarren laurdena amaitzerako sei puntuko aldea atera zuten berriro gasteiztarrek: 40-46.

Zonakako defentsa

Laugarren laurdenarekin batera iritsi zen baskonisten deskalabrua. Aito Garcia Reneses-en taldeak zonakako defentsa ezarri zuen eta erabat geldiarazi zituen arabarren erasoaldiak. Aurrean, berriz, Joel Freelanden bitartez aurrea hartu zuten andaluziarrek, 51-50.

Caja Laboral Baskonia ez zegoen barkatzeko, eta aurrea hartzen saiatu zen Ribasen hirukoen bidez. Baina ez zen nahikoa izan, Unicajak 11-3ko partziala ezarri zion-eta euskal taldeari. Ondorioz, gasteiztarrek Estudiantesen aurka jokatuko dute play offetan, Unicajak Valentziaren aurka eta Real Madrilek Cajasolen kontra.

 
 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo