GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

Bizkaia Arenari merezi zuen agurra eman zaio

p034_f02_555x555.jpg

BIZKAIA BILBAO BASKET 86

VALLADOLID 77

A. G.

Merezi bezala esan dio agur Bizkaia Bilbao Basketek Bizkaia Arena pabilioiari, Valladoliden aurka 86-77 irabazi ostean. Datorren denboralditik aurrera Miribillan jokatuko du talde bilbotarrak eta ikuskizun polita emanda amaitu du 2009/2010 denboraldia.

Nahiz eta jokoan ezertxo ere ez izan, askoz ere hobeto ekin zion neurketari etxeko taldeak. Akordatzerako, 9-2 aurretik zihoazen Katsikarisen gizonak. Aurreneko zatian batez ere, nahi izan zuten guztia egin zuten bizkaitarrek. Mumbruk, Banicek eta Hervellek hasteko, eta Blumsek gero, nahi beste saskiratze erdietsi zituzten. Valladolidek ezagun zuen aspaldian ez hotz ez bero ibili dela, izan ere, oso tentsio gutxirekin ekin zioten -15 baloi galdu zituzten aurreneko 20 minutuetan, eta beren izar Fede Van Lackek ez zuen ezer ere ganoraz egin- eta ohi baino askoz errotazio gehiago egin zituen eta ia inoiz ere jokatzen ez duten jokalariei -Baldo eta Puyada, kasu- minutuak eman zizkien. Atsedenaldira 51-31 iritsi ziren, eta bazirudien sekulako jipoia eman behar ziola talde bizkaitarrak gaztelarrari.

Salgado eta Seibutisen txanda

Ez zen horrela gertatu, ordea. Valladolid indartsuago hasi zen, batez ere Diego Garciaren eskutik, eta desabantaila hamar puntuz behetik jartzea lortu zuen. Salgadok eta Seibutisek erreskatatu zuten beren taldea. Horrez gain, Blumsek kantxa erditik hiruko bikain bat sartu zuen. Azken minutuetan, garaipena patrikan zutela, Mikel Urizek ere jokatzerik izan zuen, BECeko azken partida jai eder bihurtuz.

Urte eskasa burutu arren, bederatzigarren postua ziurtaturik, baita datorren urteko Eurocup-eko gonbidapena ere ia, hurrengo denboraldia ganoraz prestatzeko ordua dute orain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo