GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Boulder Protagonista

Markel Mendieta, hori bai sasoi betea!

Arrasateko eskalatzailea, blokean, maila gorenean dabil azkenaldion. Baltzolan, adibidez, 8b zailtasuneko bi korapilo sinatu zituen egun berean. Larragoan, berriz, gradu bereko «Esku beltza» blokearen bigarren igoera erdietsi du. Proiektuak ere baditu.

p042_f01_92919.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Orrialdeotan behin baino gehiagotan aipatu izan dugu Arrasateko eskalatzaileek zainetan power berezia dutela. Eta hori ondo baino hobeto islatzen da Mendietarren faktorian. Ander eta Markel anaiak dira lantegi berezi horretako behargin trebeenak.

Gazteenak, Anderrek, hortz zorrotzak azaldu ditu blokeko muturreko korapiloetan. Zaharrenak, Markelek, ez du pauso bat bera ere atzera egiten, eta dagoeneko argi eta garbi aldarrikatu du Euskal Herriko espezialista indartsuenetarikoa dela. Hala azaltzen dute bederen bere azken jarduerek. Garrantzia handikoak dira, bikainak alegia; baina egun, kirol eskaladako kateatzeek ez bezala, ez dute behar adinako oihartzunik. Zergatik ote den hori? Bada, blokeak, nahiz eta gero eta kultura handiagoa izan, ez du hedabide gehienen arreta jasotzen.

Markel Mendieta sasoi betean dagoela ez du inork zalantzan jartzen, zailtasun gorenean ondo baino hobeto barneratzen ari da eta oso gutxi falta zaio Iker Pouk jarritako mugara iristeko; hots, 8b+ gradura.

Arrasatearrarekin izan genuen azken hartu-emanean aipatzen genuen 8b zailtasunera egin zuela salto. Hain zuzen ere, gradu horretako hiru blokerekin. Orain, berriz, Mendietak beste errezitaldi edo ikuskizuna eskaini du. GARAri azaldu dionez, boulderrarekin gero eta gehiago gozatzen ari da: «Gustura nabil. Azkenaldiotan hiru 8b egin ditut. Disfrutatzen, baina burua gehiegi berotu gabe. Iazko Euskadiko Boulder Txapelketa gaizki atera zitzaidan, baina gero berriro burua eta indarra bideratu egin nituen. Gero eta hobeto sentitzen nintzen, eta aurretik izandako entrenamenduak oso tonu egokian utzi ninduen; indartsu, alegia».

Europako «meka»ra, Fontainebleaura, bidaiatzeko egundoko grina zuen, baina, hara joan aurretik, etxeko-lan batzuk bukatu nahi zituen. Horietako batzuk oso gertu zituen, eta, sasoia ikusita, horietan buru-belarri jardutea erabaki zuen. «Fontainebleaura abiatu aurretik, Baltzolan izan nintzen. Hainbat helburu eskura nituen, eta gogor jardun nuen. Egun berean bi 8b poltsikoratu nituen: «Hay que masticar antes de tragar» eta «Daniren proiektua». Egundoko `subidoia' eman zidan. Lehenbiziko blokearen zailtasuna ondo jarrita dagoela iruditzen zait. Hasiera batean besteari 8b+ jarri zioten, baina, nire ustez, 8b da. Duela 3 urte, «Hay que masticar antes de tragar» blokea egiteko zorian izan nintzen, baina hatz bateko heldulekuan min hartu nuen. Orain, berriz, oso erraz atera zait. Beste blokearekin ere ez nuen arazorik izan. Luzeagoa da, 12 bat mugimendutakoa, baina erresistentziaz ondo nenbilen. Oso indartsu nengoen, eta egun borobila izan zen».

Etxeko lanetan ari zela, Mendieta Jaizkibel aldean ibili zen, eta hango eremuan ere oso emaitza bikainak izan ditu. Besteak beste, «Extasis» blokea sinatu zuen. Lehen igoera zen, eta, nahiz eta batzuek 8b dela esan duten, arrasatearrak uste du 8a gradua askoz ere egokiagoa dela. ««Caballo loco» blokearen eskuinean da. Oso polita eta motza. Gainera, egunean atera nuen», adierazi digu Mendietak.

Fontainebleaura

Indarrez zein motibazioz gainezka zegoen eskalatzailea. Oso une egokia zen Fontainebleaura joan eta zuen sasoia indarrean jartzeko. Hiru astez egon zen, denbora nahikoa xede gogor batzuei ekiteko, baina, zoritxarrez, eguraldiak ez zion batere lagundu. Euria, elurra, termometroa zero azpitik egunero...

Hala ere, eskalatzeko aukera izan zuen: «7b+ eta 7c+ graduko korapilo batzuk nahiko erraz askatu nituen. 8a pare bat ere erori ziren. Bidaiaren azken egunean, bestalde, Cuvier Rempart alderdira abiatu nintzen Dave Grahamen «Sideways Daze» (8b) blokean jarduteko. 2003. urtekoa da, eta erregeleta bat puskatu zen. Beraz, proiektu bat bezala geratu zen. Probatzen ari nintzela, nik beste erregeleta bat apurtu nuen. Alabaina, den-dena eman nuen, eta ia irteeran, zailtasunak bukatzen diren tartean, erori nintzen. Hots, mugimendu zailenak egin nituen, oso-oso eskura nuen, baina ezin izan nuen dena lortu. Biharamunean berriro agertu nintzen, baina elurra ari zuen eta etxera itzuli nintzen. 8b-tik gora dela ziur naiz».

Fontainebleutik zapore gazi-gozoarekin itzuli zen, baina jo eta su jarduteko gogoarekin jarraitu zuen. Gero, Euskal Herriko hainbat sektoretan izan da: Mañarian, Larragoan eta Zumaian. Mañarian, adibidez, «Animalia bilakatuz» (8a+) egin zuen: «Luzea, 12 bat pauso, eta gogorra».

Larragoan ere bikain ibili da. Mendietak zabaldutako «Herejia direkt» (8a) izan zen bloke bat: ««Herejia»tik zuzen doa, eta uste dut 8a dela. Lehen igoera zen. «Tiñoso» (8a) ere erori zen. Ez nuen uste bloke hau inoiz egingo nuenik. Hatz bateko pauso bat du, eta uste nuen min hartuko nuela. Ezustekoa izan zen, bigarren saioan askatu nuelako. Eta egin nuen bloke gogorrena «Esku beltza» izan zen. Iker Pouk zabaldu eta 8b/+ proposatu zuen. Nik hirugarren egunean egin nuen, eta barratxo hori kenduko nioke. Uste dut 8b dela. Nik neure metodoarekin igo nuen. Blokearen lehen errepikapena izan da».

Ikusten den legez, Mendieta suziri baten modura dabil. Iragarri digunez, Zumaia aldean proiektu batekin dabil: «Garbitu ondoren, probatu dut, eta oso gogorra iruditu zait. Kirol eskaladan, berriz, 8a bistaz eta 8c landuta egin nahi ditut».

maila handia

Markel Mendieta argi eta garbi erakusten ari da blokeko egungo euskal espezialista indartsuenetarikoa dela. Azkenaldion 8b graduko hiru bloke egin ditu; horietako bi egunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo