GARA > Idatzia > Euskal Herria

Igeldo: Udalerri izan nahi duen herria

Udalerri izan nahiarena ez da atzo goizeko apetaldia. Igeldo herria da izatez, jokabidez eta sentimenduz. Galdeketa bidez ofizialki udalerri izan nahi dutela esan bazuten ere, erabakia ez dago euren esku, Aldundiaren esku baizik. Tamalez, interes gehiegi daude Igeldon, eskuetatik joaten uzteko.

p013_f01.jpg

Janire ARRONDO

Igeldoarren burujabe izateko nahia ez da berria, ez da azken urteotako nahia. 1180an Donostia hiribildua sortu zenerako, bazen Igeldon herria eta bertako bizilagunak igeldoarrak ziren. Ordutik gaur arte bizirik iraun du igeldoar izatearen sentimenduak. Nafarroako errege Antso VI.a Jakitunak Donostiari eman zion hiri-gutunean, baina, Igeldo Donostiaren mendeko jo zuen. Haren atzetik, pare bat mende geroago, 1379an Gaztelako Henrike II.ak, lurrez gain, igeldoarrak ere Donostiako biztanle izan zitezen egin zuen. Hainbat eskumen mantendu zituzten, hala ere: kontzeju propioa, parrokia independentea eta mendi-lurren erabilera, esaterako. Herri eremua bereizten duten mugarriek ere bere horretan iraun zuten.

Hainbat mende geroago, 1845eko udalerri legeak aukera emanda, udalerria osatu eta udaletxea eta alkatea izan zituen Igeldok. Sei urteren buruan Donostiaren mende geratu zen berriro.

Eskari ofiziala instituzioetara

Donostiar ez izatearen sentimendua betidanikoa izan arren, 90eko hamarkadatik aurrera berriro udalerri izateko borroka piztu zen Igeldon. Izan ere, Donostiako Udalarekin zuten «errespetuzko harremana» eta, ondorioz, Igeldoren herri izaera «arriskuan» ikusi zituzten. Hala, Igeldok herri izaten jarraituko bazuen Donostiatik bereiztea beharrezko zela ikusi zuten. 1994an lehen herri galdeketa egin zuten eta bizilagunen %62 agertu ziren banatzearen alde.

Udalak ez zuen berehalakoan tramitatu eskari hori, eta hiruzpalau urtetan azpiegituretan inbertsio ugari egin zituen Igeldon. Gero, 1998an eskaria tramitatutakoan, aurreko 5 urteetan Igeldon egindako lanak erakutsi zituzten ezezkoa emateko. Ordundik, Donostiako Udalera, Gipuzkoako Aldundira, arartekoarenera zein epaitegietara makina bat joan-etorri eginarazi dizkien bidea hasi zuten; eta oraindik ez dute amaitu. Gipuzkoako Aldundiak 1995ean sortutako lege berria, eta gero Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostiako Udalaren jarrera garrantzitsuak izan dira bide horretan.

1995eko foru arau berria

Hain justu ere, bereizte eskaera egin eta hilabete gutxira Gipuzkoako Aldundiak udalerriak sortzeko legedia berria jarri zuen martxan; araudi horrek, besteak beste, 2.500 biztanle baino gehiagoko herriak bereiz daitezkeela zehazten du. Donostiako Udalak behin eta berriz eutsi dio lege horri igeldoarrei ezezkoa emateko; 2003an baina, Auzitegi Goren espainolak Igeldori eskaria egin zuen urteko ¯1994¯ legea aplikatzeko agindu zuen. Gauzak horrela, Gipuzkoako Aldundiak bereiztearen gaineko erabakia hartzeko bi azterketa hartu behar ditu oinarri: Ogasun Sailarena, bata, eta Donostiako Udalarena, bestea. Ogasunak Igeldo ekonomikoki burujabe izango litzatekeela ebatzi du, are gehiago, urtero 180.000 euroko soberakinak lortuko lituzkeela.

Bestelakoa da Donostiako Udalaren jarrera. Igeldoren bereizketaren aldeko Itxas Aurre elkartekoen ustez, «iruzurra» egiten du Udalak bere azterketan. Igeldoren izaera ekonomikoa kalkulatzerakoan, esaterako, diru sarrera gisa herrigunea hartzen du kontuan; gastuak, aldiz, bikoiztu egiten ditu biztanleria Ondarretaraino zabalduta. Esanguratsua da, bestalde, Udalak Igeldon udaltzainei dagokienez urtean 14 milioi euro gastatzen direla jasotzea. Itxas Aurrekoek argi dute, ordea, Udalaren arazoa dela «Donostiako eraiki gabeko lurren %25 Igeldon izatea». Udalak lur horiek donostiarren aisialdirako behar dituela dio, baina, igeldoarrek ikusten dutenez, «atzean interes urbanistiko ugari daude». «Igeldon lur goxoak daude eta eraikitzaileek presio handia egiten dute horiek euren esku gera daitezen», argitu dute Itxas Aurrekoek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo