GARA > Idatzia > Euskal Herria

«EAJri eta Hamaikabat-i diskurtso hipokrita utz dezaten eskatzen diegu»

Juan Carlos Izagirre

Igeldoko Itxas Aurre elkarteko kidea

Hamalau urte inguru zituela hasi zen Juan Carlos Izagirre Auzolan elkartean Igeldoren herri izaera defendatzeko lanetan. Gero, 90eko hamarkadan sortu zen Itxas Aurre elkartean eman zion jarraipena lan horri. Argi du berak Igeldok, administratiboki izan ezik, ez duela zerikusirik Donostiarekin; hori donostiarren sentimendua ere badela dio.

Igeldo ezagutzen duenak badaki han badela herri bat. Nekazaritzari loturiko gune izaerak, naturak, jendeak, gizarte antolamenduak, kulturak, faunak zein landarediak definitzen dute Igeldo; baita bertakoen herri izaera sentimenduak ere.

Zerk egiten du Igeldo herri?

Igeldo nekazaritzari loturiko herria, ondorioz kulturalki ez du zerikusirik Donostiarekin. Hau herri euskalduna da eta hitz egiten den euskarak Oriokoaren antz handiagoa du Donostiakoarena baino. Gure sare sozialak ditugu eta gure arazoak hemengo Herri Kontseiluan konpontzen ditugu, ez Donostiako Udalean. Horrek guztiak ematen dio herri bizitza, herri izaera. Gainera, gu igeldoar sentitzen gara.

Noiz hasi zinen Igeldoren bereiztearen borrokan eta zerk eraman zintuen horretara?

Igeldo herria dela bistakoa da eta betidanik izan dut sentimendu hori. Diktadura amaieran sortu zen Igeldoren banaketarako Auzolan elkartean eta, geroxeago, hamalau urte inguru nituela hasi nintzen bertan. Igeldoren funtzionamenduaz arduratzen zen elkartea eta Donostiako Udalarekin harreman ona zuen. Garai hartan Udalak hemen herri bat zela aitortu zuen eta errespetuz jokatzen zuten.

Hamarkada horretan Gipuzkoan hainbat udalerri sortu ziren, Lasarte-Oria eta Mendaro, kasu. Zer gertatu zen Igeldorekin?

1991n Odon Elorza Donostiako alkatetzara iritsi zenean egoerak okerrera egin zuen. Urte horretan bereizketa eskari xume bat egin genion, baina ez genuen erantzunik jaso. Gero eta proiektu gehiago zituzten Igeldorako, gurekin hitz egin gabe egin nahi zituztenak; herri izaera arriskuan ikusi genuen.

Orduan, legeak bereizketa edo deszentralizazioa posible egiten zuen, eta bietako zein nahiago genuen erabaki behar genuen. Erreferendum bidez erabaki zen segregazioaren bidea hastea.

Uste baino luzeago gertatzen ari al zaizue bide hori?

Sinesgaitza da Igeldorekin gertatzen ari dena, baina badu barneko arrazoia. Legea aldeko dugu eta ez Ogasun Sailak ez Donostiako Udalak ez dute ezezkoa emateko pisuzko arrazoirik. Hemen interes urbanistikoak daude. EAJ-k eta Hamaikabat-ek herriaren nahia errespetatzea defendatzen dutela diote, baina diskurtso hipokrita uzteko eskatzen diegu. J. ARRONDO

 

 

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo