GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

«Biarritzek gaitzeko taldea dauka eta baikor izan behar dugu»

p033_f01_35594.jpg

Pascal Ondarts

Biarritz taldeko jokalari ohia

Pascal Ondarts Biarritzek bere ibilbidean izan dituen ikurretako bat da. Hogei urte pasa zituen elastiko zuri-gorria defendatzen, eta 40 urterekin utzi zuen kirola. Tartean lapurtarrekin 1992ko Ligako finala jokatu zuen. Nazio mailan ere jokatutakoa da Estatu frantseseko selekzioarekin, eta haiekin Sei Nazioak eta Grand Slama irabazitakoa da. Munduko Txapelketako finala ere jokatu zuen 1987an.

Jon LEUNDA

Pascal Ondarts izan da Biarritz taldeko ikurretako bat. Hogei urte pasa zituen talde zuri-gorrian, eta orain dela hamabost urte utzi zuen errugbia. Bere lanak, ordea, zale zuri-gorrien oroimenean jarraitzen du, izan ere, bera eta Serge Blanco taldeko izar eta ikur izan baitziren 80ko hamarkadan, eta baita hurrengoaren hasieran ere. Berak ere ez du ahazten bere bizitzako talde kutuna, eta Heineken Kopako finalaren aitzinean ilusio handia nabari zaio GARAri emandako elkarrizketan.

Biarritzeko koloreak odolean daramatzan batek nola bizi ditu Heineken Kopako final aitzineko egun hauek?

Ilusio handiarekin, Biarritzek Europako talderik onena izateko aukera bikaina duelako. Nik uste dut urtean zehar lesio anitz izan dituela, eta orain denak edo gehienak prest daudenean oso maila ona ematen ari dela.

Itxaropentsu zaude orduan?

Bai, bai, dudarik gabe. Biarritzek talde handia dauka. Gertatu dena izan da urtean zehar min hartutako jokalari asko izan dituela. Taldean baditu bost edo sei jokalari besteen gainetik daudenak, eta horiek kolpekatuak izan dira, une batzuetan denak batera gainera, eta hori asko nabaritu dute. Orain Traille ez beste guztiak prest daude, eta hori igartzen da. Hala ere, Trailleren hutsunea handia izango da, aitzinean lan asko egin beharko dute, baina Anoetako azken partidan erakutsi dute nolako maila duten eta uste dut gai direla Tolosa ere mendean hartzeko.

Presioak ez al ditu gaindituko?

Ez dut uste. Talde handia dauka Biarritzek. Egia da batzuentzat lehen finala dela, baina badira beste batzuk eskarmentu handia dutenak, eta badakite gainera Europako talderik onena izatea lor dezaketela. Horrek berak eman behar die indarra. Badakigu Tolosak gaitzeko taldea duela, baina Liga ere badute buruan, eta hori oso ongi etorriko zaio Biarritzi, hiru aste izango baitituzte dena behar bezala prestatzeko.

Zuk horrelako partidetan eskarmentu handia duzu. Zer esango zenieke berrienei?

Beren bizitzako partida dela, eta aitzinera egin behar dela. Gertatzen dena gertatzen dela, beti oroitzapenean izango dute final hau, eta gauzak ongi joaten badira beti onak izango dira, bestela ez. Jokatzeko partida ederrak dira, baina baita ardura handikoak ere.

Zu ere finalak jokatutakoa zara. Nolako oroitzapenak dituzu?

Finala jokatzeak beti zerbaiten amaiera dela esan nahi du, zerbait irabazteko aukera daukazula esan nahi du. Badakizu bizitza guztiko oroitzapenean geratuko den zerbait dela, eta horrek urduritasuna ematen du, baina ilusioa eta poza ere bai. Nik Biarritzekin Ligako finala jokatu eta galdu nuen. Frantziako selekzioarekin, berriz, Mundialeko final bat galdu genuen. Ustez, gu baino hobeak zirenak menderatu genituen, eta finalean gu baino gutxiago zirenekin galdu genuen, gauza horiek betiko geratzen dira.

Profesionalizazioarekin ez al dira galdu taldeko sentimendu horiek?

Bai eta ez, azken batean, egoera oso ezberdina da. Gure garaian afizioa zena, orain ofizioa bihurtu baita. Nik errugbia utzi, eta hurrengo denboraldian sartu zen profesionalizazioa, eta orain garbi dago jokalariak alde batetik bestera dabiltzala. Hala ere, Euskal Herrian badugu beste lekuetan ematen ez duten zerbait. Hona etortzen diren guztiak gustura ibiltzen dira hemen, eta partitzen direnean, taldeak bidaltzen dituelako izaten da, bestela denek hemen jarraitu nahi izaten baitute.

Zuk errugbia utzi zenuenetik hamabost urte igaro dira. Gauzak ikaragarri aldatu dira, ezta?

Horrela da. Hasteko, lehen aipatu bezala, afizioa ofizio izatera pasatu da. Guk, entrenatzeaz gain, beste lanen bat egin behar izaten genuen; ez ginen horretatik bizi, orain, berriz, erraztasun guztiak dituzte, horretatik bizi baitira.

Gu astean hiru edo lau aldiz entrenatzen ginen, eta orain egunero entrenatzen dira, eta batzuetan egunean bi edo hiru aldiz ere bai. Lehiaketak ere gehiago daude, beraz, taldeak ere jokalari gehiago izatera behartuta daude. Geure garaian talde batean inguruko jokalariak ginen denak, askotan txikitatik elkar ezagutzen genuenak. Orain alde guztietakoak daude. Legeak ere ezberdinak dira, guk talde bat utzi eta beste batera joaten baginen, bi urtetan ezin genuen lehen taldean jokatu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo