GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Lost» ulertzeko azken aukera datorren astean izango da

Azken atala datorren maiatzaren 24ko goizaldean emango dute Cuatro-k, Fox-ek eta ABC-k batera. Atal bikoitza izango da eta bi ordu eta erdiko iraupena izango du. Ordua finkatu ez den arren, goizeko bostak edo seiak aldera izango omen da.

p051_f01_148x76.jpg

GARA | DONOSTIA

«Lost» («Perdidos») ez da telesail arrunta. Lortu duen jarraitzaile kopuruak hori dio behintzat eta sei denboraldi hauetan zehar gehiago lortzen joan da. Drama, suspensea eta fikzioa lotzen dituen argumentuak adi-adi jartzen ditu izaten ditu ikusleak astero. Baina sei urteren ondoren, AEBetan azken atala emango dute eta gurean ere ikusterik izango da.

Gaztelaniazko azpitituluak izango ditu, baina Cuatro zailtasunak izaten ari da lan horretan.

ABC katea «Lost weekend» («Lost» telesailaren asteburua) ari da prestatzen, programazio berezia izango duena. Azken kapitulua eman baino lehen, «Lost: the final journey» («Perdidos: El viaje final») izeneko bi orduko atzera begirako bat emango du. Horrez gain, Michael Giacchinok, «Up» film luzearen musikari esker Oscar saria irabazi duenak, telesailaren soinu banda joko du Los Angelesko Royce Hall-en. Eta kontzertua amaitutakoan azken-aurreko atala eskainiko dute. Bestalde, telebista kate estatubatuarrak beste ideia bat ere badu buruan. «Lost»-i buruzko blogean azaldu denez, azken atala 454 zinema aretoetan emateko asmotan dabil.

Jakin-minari eutsi nahian eta filtrazioen beldur, hiru amaiera ezberdin grabatu dituzte telesailaren sortzaileek. Hiru kapitulu horiek ABC telebista kateak emango ditu emanaldiaren ondoren egingo den programa berezian. Hain da sekretua amaiera hori, ezen Harold Perrineau aktoreak ere, Michael izeneko pertsonaia antzezten duenak, ez baitaki kapituluari buruzko ezertxo ere.

Alabaina, «Macchianera» blogak azken kapituluaren gidoi estimatu horretako sei orrialde argitaratu ditu hainbat xehetasun azalduz. Dokumentua Honolulun topatu zuen norbaitek eta era anonimoan blogeroari bidali zion. Bertan, telesailaren amaierari buruzko hipotesi bati indarra emango liokeen esaldi bat agertzen da: «Jack in Hell», alegia, «Jack infernuan». Baieztatuko litzatekeen teoriak dioenez, telesaileko irla munduaren eta infernuaren arteko erdibidea izango litzateke; edota irla infernua bera izango litzateke. ABCk berak onartu duenez, aurkitutako dokumentua beraiena da eta egiazko zenbait elementu ditu.

Hala ere, ikusleen kezka nagusia telesailaren amaiera nolakoa izango ote den da, antza, ez baitute bideo-jokoen antzeko zerbait ikusi nahi. Sei urte hauek modu erraz eta sinple batean amaituko ote diren beldur omen dira.

 
EROMENA JENDARTEAN

Gutxitan piztu du telesail batek horrenbesteko interesa. Izan ere, telesailarekin lotutako ekintza ugari izan dira hainbat tokitan. Duela hilabete batzuk, esaterako, Jonatan Gonzalez Martinez basauriarrak FNACek antolatutako doble lehiaketa irabazi zuen protagonistaren doble onena izateagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo