GARA > Idatzia > Ekonomia

Etxebizitzaren merkatua herritarren beharretara egokitzeko eskatu du Irachek

Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak herritarren eskaera eta egoera ekonomikoa zehatz ikertu eta etxebizitzen eskaintza eta eskaera ahal bezain ondo egokitu behar direla uste du. Besteak beste, alokairu «onargarriak» nahiz finantziazio egokia eskaintzea defendatzen du.

p021_f01148x108.jpg

GARA |

Irache Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak etxebizitzaren merkatua kontsumitzaileen benetako beharretara egokitu behar dela nabarmendu du beste behin ere. Zentzu horretan, herritarrek etxebizitza duina eskuratu dezaten eta merkatua susper dadin hainbat neurri proposatu ditu.

Iracheren iritziz, lehenik eta behin beharrezkoa da herritarren eskaera eta etxebizitza eskuratuko dutenen egoera ekonomikoa zein den jakitea. Horretarako, «ikerketa serio eta zehatzak» egin daitezen eskatu du eskaintza eskaerara ahalik eta ondoen egokitu eta eraikita dauden etxebizitzetan ahalik eta okupazio maila altuena lor dadin.

255 etxeri uko

Ildo horretan, beharrezkotzat jo du herritar askok, babesturiko etxebizitza bat eskuratu ostean, horri uko egitea zergatik erabakitzen duten aztertzea. Elkarteak azaldu duenez, 2009. urtean babes ofizialeko 255 etxebizitzari oku egin zieten beste hainbeste herritarrek Nafarroan. Zifra hau 2008. urtekoaren laukoitza da. Era berean, alokairu erako babesturiko etxebizitzak erosteko aukera handitu beharko litzatekeela adierazi du. Izan ere, elkarteak egin dituen azken inkesten arabera, herritarren %67k alokairua etxebizitza bat izateko irtenbideetako bat izan daitekeela uste dute, baina %82k alokairuen prezioak garestiak direla uste dute.

Hori dela-eta, babesturiko etxebizitzak hileroko alokairu «onargarri» batean eskaintzea aldarrikatzen du Irachek eta errentariak aurrerago etxebizitza hori jabetzan hartzeko aukera izatea, alokairu gisa ordaindu duen diru guztia gal ez dezan.

Elkarteak proposaturiko beste neurri bat etxebizitzen tamaina herritarren beharretara egokitzea da: «Ez du zentzurik bakarrik bizi den pertsona bati 120 metro karratuko etxebizitza ematea». Horrez gain, familia beharrengatik babes ofizialeko etxebizitzen trukea arintzeko sistema ezar dadin eskatu du.

Bestetik, Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak administrazioak finantza erakunde ezberdinekin negoziazioa bultzatu behar duela uste du erakunde horiek herritarrei hipoteka-maileguak erraztasun handiagoz eman diezazkieten. Izan ere, «ez du zentzurik babes publikoko etxebizitzak ematea etxebizitza horietara sarbidea izan dezaten finantziazioa eskaintzen duten entitateak ez badaude», baieztatu du.

TRUKea arindu

Familia beharrek bultzatuta babes ofizialeko etxebizitzen arteko trukea arintzeko sistema ezar dadin eskatu du Nafarroako kontsumitzaile elkarteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo