GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Errora jo gabe aldaketarik ez

Ukaezina da joan den astean Zapatero izan zela izarra. Lortu du jendartea astintzea; batetik, funtzionarioen soldata murriztea bezalako neurri populistari esker, eta, bestetik, hain zuzen krisia pairatzen ari den herri xeheari eragingo dioten murrizketa sozialak ezarrita. Lotsagarria da benetan; espekulazioak eta bankuek, finean diru-masa handiak mugitzen dituztenek sortutako krisia herritarron larrutik konpondu nahi izatea, errazenera jota eta gutxien izanda behar handiagoa duenaren kontura ateratzea bilatuta. Gizartea astindu du, bai, baina ez egoera honetara ekarri gaituen eredua aldatzeari ekingo diolako, ez politika egiteko modu ausarta eta sozialista bultzatuko duelako, ez dirudun espekulatzaileen muinera jo eta herritarron alde egingo duelako, baizik eta sumina, iraina eta kezka sakona hedatu duelako.

Hori horrela, bestelako berriei erreparatzea zaila izan da, aurrekoak itzal egin baitie. Sarri gertatu ohi den moduan, berri batzuk, beste batzuek janda -ohiko bihurtu direlako edo eragina orokorra ez delakoan-, ia oharkabean igarotzen dira begien aurretik, buruan erregistratuta geratu barik. Baina ez du esan nahi oihartzunik merezi ez dutenik, ez eta eragina handia ez denik ere.

Askotan izaten dut sentsazio hori genero indarkeriarekin lotutako egitateekin. Azken urteotan ia arraroa da halako berririk gabeko eguna, on deritzogu etengabe mahai gainean izateari, horrek den arazo larria ikusgai eta alde batera utziezinezkoa bihurtzen duelakoan, guztion arazoa izanda guztion parte-hartzea ezinbestekoa dela barnerarazten lagunduta; ez dagoelako konponbiderik bestela, ez dagoelako adabakirik baino kontzientzia kolektiborik gabe. Baina, bestalde, badauka, agian errepikapenaren poderioz, inpaktua galtzeko arriskua ere. Badu tartekako kasu oso bortitz edo makabroen ondorioz baino ez asaldatzeko eragina, gaitza horrela baino ez ulertzeraino.

Genero indarkeria hori baino auzi sakonagoa da; ereduen hondotik eratorritakoa da, eredu zahar eta erroturikoetatik, dauden gizarte-baldintzetan egiten duena habia, dauden aukera eta babesetan, edo, hobeto esanda, aukera eta babes ezan, eta bidea aurkitu ala ez gizartearen gaitzespenaren arabera egiten duena hein handi batean. Hor, hain zuzen, funtsezkoak dira ematen diren epaiak, erasotzaileei jartzen zaizkien zigorrak, delituak eta kasuan kasuko inguruabarren balorazioa. Hortik, hain zuzen, zabalduko baitzaio jendarteari mezu bat ala beste, bai jendeari oro har, bai zehazki biktima zein erasotzaileei. Nahitaezkotzat jotzen badugu salatu beharra, norberaren eremutik beldurra gaindituta atera beharra, oso gauza zaila dena, erantzun bat egon behar da ondoren, sendoa eta eredugarria.

Iragan hilabetean izan da eraildako emakumerik, izan da sendotasunik ez duen eta eredugarri izatetik urrun dagoen epairik, Araban bertan, jeloskortasunak zigorra erdira arinduta, askotan alkoholaren aitzakiak egiten duen moduan. Ni kezkatu egiten naute berri hauek, ez baitut ulertzen behingoz erabakitasunez aurrera egin beharrean, justiziaren atzera egiteko eginahal hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo