GARA > Idatzia > Kultura

Mikel Laboaren izena eta izana omendu dute usurbildarrek

Euskal Herrian Mikel Laboaren omenezko ekitaldiek ez dute etenik, eta atzo Usurbilen oroitu nahi izan zuten artista. Bere izena daraman plazan, eta Zumetak egindako muralaz babestuta, Juanjo Arangurenen «Ikimilikiliklik» eskultura ipini zuten bertan. Laboaren emazteak, Marixol Bastidak, eskerrak eman zituen abeslariaren izenean.

p048_f01.jpg

O. LARRETXEA | USURBIL

Mikel Laboaren oroimena oraindik ere bizi-bizirik dago Euskal Herrian, bai haren jarraitzaileen bihotzetan bai haren lana hain ondo ezagutzen ez zutenen gogoan ere. 2008ko abenduaren 1ean zendu zenetik, makina bat izan dira Euskal Herrian egin zaizkion omenaldiak. Orduz geroztik, herri askotan jarri dute kale edo plazaren batean musikariaren omenezko oroigarria. Usurbilek hartu zuen atzo artista gogora ekartzeko lekukoa. «Mikel Laboak herriarekiko harreman berezia zuen, bai pertsonalki, baita profesionalki ere, eta Usurbilek bere esker ona eman nahi zion; utzi digun hutsunea betetzeko ekitaldia egin nahi genion», adierazi zuten antolatzaileek. Omenaldia bere izena duen plazan egin zuten, hain zuzen, alde bateko pareta handian Zumeta margolariaren lana dagoen plazan. Ezaugarri horren inguruan zehazki, bertaratu zirenetako askok baieztatu zuten neurri batean bazegoela bi artisten arteko harremanaren isla.

Zumarte Txiki abesbatzako umeek «Iturengo arotza» abestuz eman zitzaion hasiera ekitaldiari. Amaia Aldalur irakasleak aipatu zuenez, lehen aldia zen «neurri honetako» ospakizun batean parte hartzen zutela, eta «urduri baino, oso gogotsu» zeudela baieztatu zuen. Marixol Bastida alargunari bereziki asko gustatu zitzaion haurrak bertan parte hartu izana. Alboan zuenari aitortu zionez, «Mikelek izugarri disfrutatuko zukeen beraiekin».

«Ikimilikiliklik»

Aipatutako Zumetaren artelanaren parean, abeslariari eskainitako eskultura inauguratu zuten. Artelana iragan ostegunean jarri bazen ere, atzoko omenaldian aurkeztu zuten ofizialki. Burdinaz egindako lana Juanjo Aranguren donostiarrak sortua da. Hain zuzen, Usurbilgo Udalak orain hilabete batzuk lehiaketa antolatu zuen eta bertan Aranguren atera zen garaile aurkeztu ziren 27 artisten artean. «Ikilimikiliklik» izenaz bataiatuta, eskultoreak oparitzat jo zuen obra egiteko aukera berari egokitu izana. «Nik plaza hau lagunekin lotzen dut, aisialdiarekin, une goxoekin -adierazi zuen-. Gainera, murala alboan izateak benetan berezia egiten du, oso testuinguru interesgarria egiten du: Zumeta eta Laboa elkarren alboan jartzen ditu».

Xabier Mikel Errekondok, herriko alkateak, Udalaren izenean Laboak utzitako ondarea eskertu zuen: «Ohorea benetakoa sentitzen dut hainbestetan bidezidorretan barrena herriko kaleak zeharkatu dituzulako, zure esentzia paregabeaz, errepikaezinaz».

Usurbilgo Kantu Taldeko kideek, besteak beste, «Martxa baten lehen notak» abestu zuten, baina amaierarako utzi zuten «Txoria txori» kantuak bereziki hunkitu zituen bertaratutakoak, eta, nola ez, baita Marixol ere. «Benetan hunkitu egiten naiz, eta horrelakoetan hitz egitea oso zaila izaten da niretzat -esan zuen malko artean-. Bere izenean asko eskertzen dut egiten duzuen guztia».

PARTE HARTZAILEAK

Joseba Tapia, Ostolaza eta Mikel Alkorta trikitilariek ere parte hartu zuten omenaldian. Bestalde, eskultura egiteko lehiaketan parte hartu zutenetako batzuk ere bertan izan ziren, Udalaren eskutik eskerrak eta Mikel Laboaren erretratu bana jasotzeko. Josean Artze ere, «Ez dok amairu»ko kidea eta Laboaren lagun mina, Usurbilen izan zen.

Sentimenduak idatziz islatzeko liburua

Sentimenduez mintzatzeko garaian hitzei kosta egiten zaie askotan ahotik irtetea. Horrelakoetan, barrenak husteko bide samurragoa izaten da letra idatziez sentipen horiek islatzea. Gainera, horiek betiko gelditzen dira, haizeak ez baititu idatzitakoak eramaten.

Atzoko omenaldian, Usurbileko Udalak koaderno handi bat jarri zuen nahi zuen orok Mikel Laboarekiko sentimenduak idatzita utz zitzan. Jende andana gerturatu zen artistari hitz goxoak idaztera, horien artean, Marixol, Laboaren emaztea. Berehala hitzez bete ziren orri zurietan oroitu zuen Euskal Herriarentzat ahaztezina den artista. Aurrerantzean liburutegian egongo da koadernoa. O.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo