GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionan herritarren parte-hartzea bultzatzeko lehen batzarra

A.B. |

2009an abiatu zuten Baionan herritarren parte-hartzea sustatzeko ekimena. Lehenengo urratsa, oinarri batzuen finkatzea izan da. Ehun bat herritarrek bideratu dute lan hori, eta bukatuta dagoela-eta, maiatzaren 25ean eta ekainaren 3an eginen dira lehenengo auzo edo guneko batzarrak. Tokiko Agenda 21 izeneko garapen iraunkorreko programaren ildoari jarraitzen dio parte-hartzea sustatzeko ekimenak.

Martine Bisauta Baionako hautetsiak argitu zuen: «Agenda 21 programaren finkapenerako herritarren parte-hartze ekimen hori tresna garrantzitsu bat izango da». Atzo, parte-hartze hori bideratzeko urtebetez lanean aritu diren herritarrek eman zuten egindako lanaren berri. «Herritar orori zabalduriko asanbladak izango dira. Hautetsiak egoten ahalko dira herritar gisa eta ez udal-ordezkariak direlako».

Batzarretan Herriko Etxeak dituen ekimenak aipatu, eztabaidatu eta ezadostasunik izanez gero iritzia helaraziko da, esan zutenez. Herritarren hitza entzunarazteko orain arte tarterik ez zegoela gogoratu zuten. «Ez da iritzia ematen dugulako entzunak izango girela, baina, bederen tresna dugu horretarako», gehitu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo