GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Heineken Kopa

Sasoiko doa Biarritz Parisera

Zuri-gorrien teknikariek garbi utzi zuten atzoko prentsa agerraldian taldea oso indartsu dagoela, bai buruz bai fisikoki.

p037_f01_57405.jpg

Jon LEUNDA

Dena prest dago Biarritzen, larunbatean 18.00etatik aurrera Parisen Stade Toulosainen aurka Heineken Kopako finala jokatzeko. Taldeko teknikariak, Thion kapitaina eta Yachvili atzo agertu ziren prentsaren aurrean xehetasunak agertzeko.

Laurent Rodriguez, taldeko zuzendari teknikoak, eman zuen azalpenik gehien, eta garbi utzi zuen galtzeko gutxi eta irabazteko asko izanda doazela Parisera: «Tolosak talde handia dauka, hastapenean ere lehiaketa hau irabaztea zen bere lehen helburuetako bat. Beraiek dira faborito, beraz, guk galtzeko ezer gutxi dugu, eta irabazteko, berriz, asko. Gu itxaropentsu gaude, eta badakigu geure aukerak izango ditugula», aitortu zuen.

Tolosa, ordea, Ligako azkeneko fasean izan da asteburura bitarte, eta kolpe handi samarra hartu zuen finaletik kanpo geratu ostean. Hori onerako izan daitekeela uste du Rodriguezek: «Garbi dago hauek ez dutela izan guk izan dugun bezainbeste denbora hau guztia prestatzeko, Ligako finalerdiak jokatu behar izan baitituzte, eta kolpe handia hartu dute finaletik kanpo geratuta. Hori onerako izango delakoan gaude, baina ikusi behar da, agian haserre bizian zelairatuko baitira larunbateko finalean», esan zuen.

Jean Michel Gonzalez entrenatzailea ere gogotsu eta itxaropentsu dago: «Taldea oso ongi dago. Hiru aste izan ditugu dena prestatzeko, eta hori oso ongi etorri zaigu. Lan fisikoa egin dugu, taktikoa, eta buruz ere ongi gaude. Era guztietara ongi helduko gara finalera. Fisikoki, gainera, taldea oso indartsu ikusten dut, eta luzapena jokatu behar badugu ere, ez dit inolako kezkarik ematen», adierazi zuen entrenatzaileak.

Stade Toulosain Liga bereko taldea izateak ez duela garrantzirik ere onartu zuen entrenatzaile lapurtarrak: «Nik uste dut gaur egun horrek ez duela inongo garrantzirik. Tolosa gurekin aritu da ligan, baina gaur egun denok ezagutzen dugu elkar, badakigu gainerako taldeek nola jokatzen duten, eta zeinek jokatzen duen. Uste dut gure Ligako baten aurka jokatu, edo talde ingeles edo irlandar baten aurka jokatu, berdin izango litzatekeela», esan zuen Gonzalezek.

Dimitri Yachviliren lana garrantzitsua izango da. Finalerdietan berak egin zituen puntu guztiak, eta badaki larunbateko finalean ere bere lana garrantzitsua izango dela. «Lasai nago. Honelakoetan zigorrek garrantzia izaten dute, eta aukerak baliatu egin behar dira. 40 metroetako jaurtiketak egiten aritu naiz, eta uste dut ongi nagoela. Jokalari guztiok gaude itxaropentsu eta partidarako prest», esan zuen Dimitrik. Thion kapitainak, berriz, zaleen babesa beraientzat oso garrantzitsua izango dela adierazi zuen.

Lasai

Stade Toulosain da final hau irabazteko faborito nagusia eta horren jakitun dira zuri-gorriak. Hortaz, galtzeko gutxi eta irabazteko asko dutela doazela esan zuten taldeko agintariek.

Harinordoki jokatzeko moduan izango da; Traille ez, ordea

Traille eta Harinordoki dira Biarritzeko zaleen kezka. Lehenengoa besoa hautsita dago, eta bestea, berriz, sudurra eta saihets-hezur bat. Hala ere, Imanol jokatzeko moduan izango da; Traille ez, ordea.

«Traille hobeto dago, baina ez dago jokatzeko moduan. Sendagileek ezezkoa eman digute, eta ez da arituko. Imanol, berriz, hobeto dago, entrenatzen hasita dago, eta ezeren okerrik ez dela jokatzeko moduan egongo da», esan zuen Laurent Rodriguez zuzendari teknikoak.

Traillek besoa hautsi zuen finalerdien aitzinean. Harinordokik, berriz, lehenengo sudurra hautsi eta Anoetako finalerdia babesgarri berezi batekin jokatu zuen, baina Munsterren aurkako partida horretan saihets-hezur bat hautsi zuen, eta bere parte hartzea ere zalantzan egon da. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo