GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urkullu: «Patxi Lopezek krisiaren gaineko argibideak jasotzeko Madrilera egin du ihes»

GARA | EIBAR

Eibarren atzo goizean batzoki berri bat inauguratu eta gero egindako adierazpenetan Iñigo Urkulluk, EAJko Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak honako galdera bota zuen: Non dago Lopez eta zer ari da egiten krisiari aurre egiteko? Urkulluren esanetan, Lopez lehendakaria «arineketan joan da Madrilera» egungo egoera ekonomikoari buruzko argibideak jasotzera.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernu espainoleko presidenteak pentsioen eta arlo publikoan lan egiten duten pertsonen gainean ezarriko dituen neurriak zeintzuk izango diren aditzera eman zuenetik, Patxi Lopez «aste osoan, desagertuta egon dela», kritikatu zuen Urkulluk.

«EAEko egoera desberdina» dela, eta beraz, krisiari aurre egiteko Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban ezarri beharreko neurriak ere desberdinak izan behar direla esan zion EBBko presidenteak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lehendakariari.

Zentzu honetan, EAEn pentsioak murriztea «ez dutela onartuko», baieztatu zuen Iñigo Urkulluk, ezta «neurri horiek inposatzeko baliatu nahi duten Errege Dekreturik ere». Gainera, EAJk «inbertsio konprometituen desagerpenik» ez duela onartuko nabarmendu zuen Urkulluk, hain zuzen ere, Pasaiako portuaren edota abiadura handiko trenaren proiektuak hizpide zituela.

Egoera ekonomikoari aurre egiteko neurriak aztertzeko asmoz, lehendakaria, diputatu nagusiak eta Eudel gaur egitekoak diren bilera prestatzen ari zirela esan zuen atzo Iñigo Urkulluk.

Gobernu espainoleko presidentea ere kritikatu zuen, «bere onetik aterata» dabilela esanez, izan ere, «onartezina» da gainerako alderdiei «Estatu espainoleko egoera ekonomikoaren informazio sakona» eman ez, eta gainerakoek bere neurriak babestea nahi izatea.

Hauteskundeei begira

Bestalde, EAJko parlamentarien bozeramaile Joseba Egibarrek zalantzan jarri zuen PPk eta PSEk euskal instituzioetan gehiengoa lortzeko baliatutako estrategiaren zilegitasuna.

Egibarren ustez, bi alderdi hauek datozen hauteskundeei begira «estrategia bera» erabiliko dute, baina EAJk honi aurre egingo diola nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo