GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilboko Udalak kalea kontrolatzearen aurka

Bi mila pertsona inguruk Bilboko Udalak onartu nahi duen Espazio Publikoari buruzko Ordenantza berriarekiko desadostasuna agertu zuten atzo. Arau horren asmoa «kalea kontrolatzea» dela nabarmendu zuen 70 taldek eta elkartek osatzen duten Kalea Guztiona da ekimenak.
p015_f02_097x060.jpg

GARA |

Atzo eguerdian, 12:15ean Bilboko Plaza Biribiletik abiatu eta Kale Nagusia zeharkatuz udaletxe aurrean amaitu zen Espazio Publikoari buruzko Ordenantza berria bertan behera uzteko eskatu zuen manifestazioa. 70 kolektibo edota elkartek osatzen duten Kalea Guztiona da izeneko plataformak antolatutako mobilizazioan bi mila pertsona inguruk parte hartu zuten, antolatzaileen arabera.

Manifestazioa udaletxera heldu zenean, Kalea Guztiona da herri ekimenaren bozeramaile batek «Udaletxea okupatzera deitu zien» bertaratu ziren herritarrei. Segidan, jendea udaletxeko eskaileretan eta balkoietan kokatu zen.

Gazpatxoa banatzen

Manifestazioan parte hartu zutenek aldarrikapen desberdinak plazaratu zituzten: hala nola, batzuek bizikletan egin zuten ibilbidea, beste batzuk CDak saltzen ibili ziren, eta beste batzuek, aldiz, gazpatxoa banatu zuten manifestarien artean. Era berean, martxak jatorri eta arlo askotako jendea elkartu zuen, eta, besteak beste, ezker abertzalea, EA, Aralar, Alternatiba eta Berdeak zein ELA, LAB, ESK eta CGT sindikatuen ordezkaritzek parte hartu zuten.

Imanol Alvarez eta Isa Ormaetxea, herri ekimenaren partaide ez ezik, hurrenez hurren, EHGAM eta SOS Arrazakeria elkarteetako kide direnak, arduratu ziren adierazpena irakurtzeaz.

«Prostituzioaren gaia gain-gainean egon arren», Udalbatzan maiatzean onartzeko asmoa duten Ordenantza «askoz harago doala», baieztatu zuten. Izan ere, Ordenantzak «asmo garbia du: kalea kontrolatzea», Kalea Guztiona da plataformaren ustez. «Ordenantza honen bidez Bilbo turistentzako eta kongresuetara datozenentzako postalezko hiriaren aldeko apustua egin dute, guztiontzako hiriaren kaltetan», argudiatu zuten. «Sormena edota aniztasuna hiriaren oinarriak izan ordez, kontsumorako ordenantza prestatu nahi dute», salatu zuten.

«Indar ultraeskuindarrak»

Imanol Alvarezek eta Isa Ormatexeak adierazi zuten bezala, «ulergaitza egiten zaigu indar ultraeskuindarrak beste tokitan egiten ari diren modu berean, Bilboko Udalak tentazio arautzaile ahalguztidun horri ekin izana, eta are gehiago, ezkerra izena duen alderdi batek osatzen duen gobernuaren aldetik etorrita». Alta, herri ekimena osatzen duten 70 talde eta elkarteek adostu eta aldarrikatzen dutena da kalearen erabilera «librea, kontzientea eta besteekiko eta inguruarekiko errespetutsua».

Horregatik, Espazio Publikoari buruzko Ordenantzaren bultzatzaileei «ezetz esan», eta atzera bota dezatela eta herritarren adierazpen askatasuna kalean ere berma dezatela eskatu zieten, «ezinbestekoak izan daitezkeen arauak eta mugak bakarrik jarriz, herritarren eta taldeen parte-hartzearekin». Bestetik, espazio publikoaren erabileraren gaineko «eztabaida» martxan jartzeko deia egin zuten. Horren harira, ondorengo adierazpena egin zuten: «ezinbestekoa da parte-hartze prozesua abian jartzea, eta bertan parte hartzeko aukera izatea Barrutiko Kontseiluek, elkarteek eta hirian dauden sentsibilitate politiko guztiek».

Azkenik, interes orokorreko gaia den heinean, «eta espazio publikoa herritar guztion ondarea dela kontuan hartuta», adostu nahi duten Ordenantza berria «herritarrok galdeketa bidez onartzea», aldarrikatu zuten.

Komunikatua irakurri ondoren, ostegunean Udalbatzan Ordenantza eztabaidatuko dela gogoratu zieten inguratutako guztiei. Hori dela eta, ostegunean, 12.00etan udaletxeko eskaileretan elkarretaratzea egiteko deia zabaldu zuten.

kontsulta

Interes orokorreko gaia den heinean, «eta espazio publikoa herritar guztion ondarea dela kontuan izanda», adostu nahi duten Ordenantza berria herri kontsulta bidez onartzeko eskatu zuten.

kontsumoA

Sormena, aniztasuna, ideiak, adierazpen askatasuna, mugikortasuna eta kaleaz gozatzeko aukera hiriaren oinarriak izan ordez, «soilik kontsumora begirako Ordenantza» prestatu dutela, salatu zuten.

elkarretaratzea

Ostegunean eztabaidatuko du Udalbatzak Espazio Publikoari buruzko Ordenantza. Hori dela eta, 12.00etan udaletxeko eskaileretan elkarretaratzea egiteko deia zabaldu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo