Josebe EGIA
Edurne agurgarria
Ezertan hasi baino lehen, nire zorionik beroena, gutun hau idazteak sekulako poza ematen didala esatearekin batera. Maialen Lujanbioren garaipenaren osteko unea datorkit burura. Otutzen zait zu ere bereziki harrotuko zinela haren txapelaz. Zeuk ere pozez sentituko zenuen orain gutxira arte gizonena baino ez zen esparruan emakumeen talentua onartzen eta aintzat hartzen hastea.
Mila galdera ditut buruan zuretzat, baina tira, ez dira hemendik aurrera ehunka aldiz egingo dizkizutenen hain ezberdinak. Finean, denok jakin nahi dugu nola sentitzen den bat zerbaitetan lehena izan denean, are gehiago arloan arloko loria betidanik gizonei gordea izan zaienean, euren jardunari baino ez bide emanda. Galdetuko nizuke garrantzirik ematen diozun horri, emakume izateagatik trabarik edo, alderantziz, erraztasunik antzeman duzun urte hauetan guztietan, mendian eta etxean, pisatzen ote duen horrek ondokoen jarreran, harrotasunik sentitzen duzun...
Bestalde, eta kontuan hartu behar duzu Anbotora bertara igotzeko lanak izaten ditudan pertsona naizela ni, nahiz eta zure antzera egoskor samarra ere izan, gustatuko litzaidake kontatzea oinak lurrean izanik zerutik hurbilen egoteko tokiak ezagutu izanak zer sentiarazi dizun. Hamalauak egin dituzula alde batera utzita, hori lortzen munduko bigarren emakumea izan zarela ahaztuta, zure aldekoen eta kritikarien adierazpenei kasurik egin gabe, lortu duzun moduari erreparatu gabe. Nik jakin nahiko nukeena, zure begiei begira, zera da: zein «sabai» geratuko den zure bihotzean, zuretzako baino ez eta erarik pertsonalenean, eta zergatik, zergatik hori eta ez besterik, zer sentitu eta pentsatu zenuen han goian, hain goian, une haietan. Niri, egia esanda, horrek pizten dit jakin-mina, neska.
Eta zuri eta zure balentriari buruz irakurri ditudan orri ugarietan, egia baita azkenaldian zaila izan dela zuri buruz ez irakurtzea, ezin izan dut jakingura hori ase. Ordea, bestelako auzien berri izan dut, esaterako, zortzimilakoak koroatzeko zure moduari buruz, horren aurrean beti agertu duzun jarreraren ingurukoak, besteak beste, sekula ez duzula inor engainatu nahi izan, are gutxiago zure burua, mendizaletasunaren mundura ere iritsia dela lehia zikina, mendizale askok penaz bizi dutela mendiari beti lotu zaion jatortasun eta elkartasunaren gero eta galera handiagoa... Niri ere, mendia urtean birritan eta beti Euskal Herrian zapaldu arren, pena sortzen dit hori jakiteak, baina begi-bistakoa da Himalayarekin badagoela nolabaiteko «negozioa», eta negozioak beti negozio, gardenak eta justuak gutxitan.
Hala ere, nik gauza bategatik miresten zaitut batik bat, eta hori sobera demostratu duzun zure buruarekiko errespetua da. Amets zail eta gogor bat izanik, zure buruari hitz eman eta bete egiten duzulako, une latz eta kezka guztiei aurre eginda, eta hori guztia umiltasunez gainezka egin duzulako. Adiskideak eta lagundu dizutenak, eta galdutakoak, ahaztu barik. Hori, behintzat, ezingo dizute ukatu. Agur bero bat!