GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Heineken Kopako finala

Penak uxatzeko, festa giroa etxean

Herri osoa batu zen plaza nagusian, taldeko koloreak soinean zituztela, taldeari beraiekin jarraitzen zutela erakusteko asmoarekin.

p037_f01_199X115.jpg

Jon LEUNDA

Tristura guztiak uxatzeko balioko zion Biarritzi herri guztiak atzo egin zion omenaldiak. Jokalariak burumakur eta hitz egiteko gogo handirik gabe iritsi baziren ere, zaleen oihuak eta babesa ikusita, irribarrea agertu zen halabeharrez aurpegietan.

Ongietorria egiteko, iragarria zuten 16.30erako bilduko zirela Kasinoko plazan, eta jokalariak ordu horretan heldu ziren. Aurretik Geronimo zuten, taldeko ikurra, eta atzean gaina irekita zuen autobusean agertu ziren jokalari zuri-gorriak. Banaka-banaka joan ziren oholtza gainera igotzen, zaleen oihu eta kantu artean. Hala ere, euskaraz ez zen hitz bakar bat ere entzun, kantaren bat edo beste, besterik ez.

Ekitaldia bera oso laburra izan zen. Aurretik Ttipitto txaranga aritu zen giroa berotzen, eta jokalariak oholtza gainera igo zirenean, zuzendaritza eta entrenatzaileekin batera, hiruk besterik ez zuten hitz egin.

Serge Blanco hasi zen hizketan: «Barkatu eta mila esker hor egoteagatik. Aurten ezin izan dugu koparik ekarri, baina agintzen dizuet datorren urtean hemen izango dugula kopa hori», esan zuen Biarritzeko agintari nagusiak.

Ondoren, Jerome Thion aritu zen hizketan, eta honek ere gauza gutxi esan zuen, emozioak ez baitzion uzten. «Barkatu eta mila esker, jarraitu taldea animatzen», esan zuen kapitainak.

Azkenik Nicolas Brusque aritu zen hizketan. Jokalari garrantzitsua izan da azkeneko hamarkada honetan, baina aurten du azkeneko denboraldia, eta zaleen txalo eta oihu artean aritu zen hizketan. «Mila esker denei, eta barkamena ere eskatu behar dugu, Parisera txapela lortzera joan ginen, eta ezin izan dugu lortu. Dena dela, taldea saiatu da, ahal genuen guztia egin dugu, eta partidaren ondorengo minutuak oso gogorrak izan ziren. Zuei berriro ere mila esker, eta jarraitu orain arte bezala gure taldea, Biarritz, animatzen», esan zuen.

Hortxe amaitu zen jaia. Horrekin batera jokalariak oholtzatik jaisten hasi ziren, eta Kasino barrura sartu ziren, han baitzuten otordua, eta festari amaiera eman zitzaion. Ongietorria oso laburra izan zen, oren laurden bat pasatxo bakarrik iraun zuen, jokalariek ez baitzuten ospakizunetarako gogo handirik, baina laburra bezain hunkigarria izan zen harrera ekitaldia.

Behin jaia amaituta, Jean Michel Gonzalez, taldeko entrenatzailea, beti bezain adeitsua izan zen GARArekin, eta finaleko penak apur bat uxatzeko atzoko festa lagungarria izan zela onartu zuen: «Festa laburra, baina oso hunkigarria izan da. Bistan da hemen zerbait falta zela, baina hemendik aurrera datorren sasoian pentsatzen hasi behar dugu, eta saiatu behar dugu Liga edo Heineken Kopa irabazten, jarraitzaile hauek ezin ditugu utzi beste kopa bat lortu gabe, eta agian biak irabazteko apustua ere egin beharko dugu», adierazi zuen Gonzalezek. Lapurtarrak galdu arren, merezitako porrota izan zela ere garbi utzi nahi izan zuen, bere ustean Tolosako Stadek Biarritzek baino hobeto jokatu omen zuen, eta itxura ere hobea eman omen zuen.

Behin festa amaituta, txaranga herriko kaleetan ibili zen, eta festak karriketan jarraitu zuen, Biarritzeko tabernak kolore zuri eta gorriez atonduta baitzeuden, baina dudarik gabe, festa ez zen biribila izan. Gonzalezek esan zuen bezalaxe, han zerbait falta baitzen, eta garaipena lortu izan balute, giroa askoz ere hobea izango zatekeen. Batzuek festan jarraitu zuten, eta besteak hondartzara itzuli ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo