GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Bihar Arrasaten, hamasei musika talde eta akorde bakarra, preso direnekiko elkartasuna

Bosgarren urtez, Arrasatek Elkartasun Eguna ospatuko du. Hitzordua biharko egina da, eta hamasei talderen partaidetza izango du. Arratsean tabernetan hasiko da jarduna, eta gaztetxean bukatu, gauez.

Iker BARANDIARAN | ARRASATE

Aurtengoa Arrasaten Elkartasun Eguna egiten den bosgarren aldia da dagoeneko. Tamalez, asko dira aspalditik zigorrak beteta edota gaixorik dauden euskal presoak, eta horietako hainbat Arrasatekoak; are gehiago, udalerri honetako preso guztiak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daude. Hori salatzeko eta gogora ekartzeko, egun berezia antolatu ohi da, jaiarekin eta musikarekin oso lotuta dagoena. Eta hori lortzeko, zeresan handia dute herriko eragile, musikari, ostalari eta herritar askok. Aurtengo hitzordua larunbat honetan da, ekainaren 5ean.

Ekaineko larunbat arratsalde honetan Arrasateko erdiguneko izkina guztiak musika agertoki bihurtzen dira, urtean behin lege salbuespen ederra eginez. Aurten ere, esaterako, musika estilo oso desberdina egiten duten hamabi talde arituko dira beste horrenbeste tabernatan 17.00etatik 19.00etara; hala, herri osoa musikaz eta aldarrikapenez jantziko da.

Talde horien artean badira arrasatearrak, jakina: Agressive Combat, street-punkaren alorrean beteranoa den talde oldarkorra; Fight to Life, bide bera jorratzen duen gazteagoa; Interprete Desconocido, punk-roka gustukoagoa duena; eta Shycosonics proiektu garage nostalgikoa, The Sonics gogora ekarriko duena.

Baina, aurten, kanpoko bisita asko izango dira; beti ere, bide batez bestelako eskaintzei ere ateak eta belarriak zabaltzeko asmoarekin: Gasteizko Xasta taldearen rap metal bortitza, Oñatiko Asfiksiaren thrash-metala, Elorrioko Sermonds talde punk-rock gartsua, Beasaingo Mendez Gerrillaren bertsionero anti-monarkikoa, Ultzamako Goienetxe Anaiak-en hip-hopa, Nafarroako herri bereko La Betty Travaren metal melodikoa, Bermeoko Crisis-en punk arriskutsua eta Bilboko Runbatxoren katxondeoa.

Gaztetxean

Arratsaldeko musika uholdea edonor asetzeko modukoa bada ere, gauez gaztetxeak hartuko du lekukoa. 23.00etan hasita, Oñatiko Show Business taldeak bigarren diskoa aurkeztuko du. Punk-rocketik abiatuta, taldekide berriak batu eta hard-rocka gehitu diote orain arteko eskaintzari: gitarra zorrotzak, melodia eta odola sutan! Elkartasunak mugarik ez duela erakutsiz, Galiziatik Skarmento talde beteranoa etorriko da gurera. Mezu zuzenak eta punk-rocka bozgorailu.

Horiez gain, Arrasateko Kañeria 13 ere igoko da agertokira. Talde beteranoa da eta luzaroan etenda egon bada ere, azken hilabeteotan berpiztu eta zuzenekoa emango du. 90eko hamarkadan jaio bazen ere, inork baino hobeto jakin du 80ko hamarkadako punkaren esentzia jasotzen eta bere egiten. Horretan zeresan handia du Ulli abeslari eta frontman ikaragarriak. Adi lehenengo ilaretakoak!

Eta gaueko ginga ederra Iheskide taldea izan daiteke. Baxu jotzaile Gaizka espetxeratu izanagatik, taldea desagertzear egon bada ere, azkenean horrek indartu ditu eta talde proiektua berrartu egin dute. Beste hainbat musikariren laguntzarekin, Ihesbide Iheskide bihurtu dute elorriarrek. Musikherria plataformaren bitartez, disko dotorea kaleratu dute, eta bilduma horretan 77ko punka, Oi!-a eta punk-rock zein hard-rock batzen dituzte, mezu zuzen-zuzenekin.

Bihar

Ekaitz: 17.00. Goienetxe Anaiak.

Irati: 17.00. Agressive Kombat.

Ederra: 17.00. Shycosonics.

Basati: 17.00. Fight to Life.

Jai-Zale: 17.00. Sermond's.

Etxoste: 17.00. Crisis.

Iluntz: 18.00. La Betty Travan.

Irati: 18.00. Asfiksia.

Taupa: 18.00. Mendez Gerrilla.

Gure Leku: 18.00. Runbatxou.

Haizea: 18.00. Xasta.

Dat: 18.00. Interpetre Desconocido.

Gaztetxea: 23.00. Show Business + Kañeria 13 + Iheskide + Skarmento.

4 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo