GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ametsen egarriak itota

Ohikoa ez bazait ere ura izan dut buruan aste honetako ametsaldietan, ametsok buruan sortzen direla aintzat hartuta behinik behin. Ura nonahi, garbi zein lohi, mundu zabaleko herrixka askotako etxeetan izan ezik. Tira, harira!. Ametsetako batean urtegiak ageri zaizkit buru aldean, urtegitzarrak beti ere; presek atzean izaten dituzten urtegiez nago, batzuetan presek ezer presatzen ez badute ere. Eta segizio luzea zuen jeneralisimo ipotxa ageri zait urtegi batetik bestera presak bedeinkatzen. Hau kolpea! presa bertoko ura preso mantentzeko eraiki eta bedeinkazio-ura kanpotik eroan behar! eta abadea ere!. Eta gainera botilakoa izan zitekeen! uraz nago orain. Akabua!. Ipotx harena gogoan gaurko teknokrata post-modernoren batek nano-diktadore esango luke, bere barrua lasaitzeko edo, urtegitzar berriak diseinatzen segitzen duen bitartean. Tira, zertan nintzen? Bai, badakit, horra. Urtegiena ametsaren aitzakia izan da, funtsa ipotxak utzitako oinordea izan baita, euren demokraziaren ikurra duten monarka zer hori berori. Bai, hurrupatzaile hori, zinegotzi sozialistaren batek, salbuespen beti ere, ozen oihukatuko lukeen modura. Sutan jartzean probatzen bada nolakoa den eltzea monarkaren segizioa aurretik pasatzean probatzen da zelakoa den sozialisten sozialismoa.

Ura ere beste amets baten erdian, edo, zehatzago esanda, antxoak. Diotenez, ETBk ikus-entzuleen artean duen kuota gutxitu egin da, ostera ere, egin berri den neurketan. Azken kuota arrantzaleek aurten antxoarako dutena baina baxuagoa izan da. Hots, ikus-entzuleen stocka agortuz omen doa ETBko ohiko arrantza-lekuetan, eta ez dirudi klimaren aldaketaren ondorio denik; aldaketaren klimarena bai izan daitekeela, ordea. Monarkaren gabonetako diskurtsoa amu bezala jarri izanak justifikatzen du stock hori Somaliako telebista aldera joan izana. Ura ere beste amets batean. Mundu zabaleko ekintzaile jatorren ontzidi batek Estatu Batuen komenientziazko bandera duen Mediterraneoko seigarren flota gogoz eraso egiten zuenekoan. Dozenaka marine suertatu dira hilda ametsean, gehienak lotsaren lotsaz. Goian beude. Utzi bezate behea bakean. Txinako pentsalariak zioenez, Prepuzio uste dut izan zela, ura bizia da, asko ito arazita urak hiltzen baditu ere. Derrepentean ametsetatik izerditan esnatu eta altxatu egin naiz, egarriak itota.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo