GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Unai Apaolaza Amenabar Filosofian lizentziatua

Euskal identitatea: «eraikitzen» delako «da»

Gauza bat da gu nazio zapaldua garenez historia ere lapurtu egin digutela eta historia hori guk idatziz berreskuratu egin behar dugula. Bestea aldiz, historia hori berreskuratzeak eskubideak emango dizkigula pentsatzea

Mmaiatzaren 2an «Argiak» Raul Zeliki egindako elkarrizketari, honi Joxe Manuel Odriozolak maiatzaren 15eko «Berrian» zuzenduriko iritzi artikuluari zein «GARA»n maiatzaren 29an Andoni Olariagak eta Jon Jimenezek aurreko biek esandakoei buruz idatzitako azterketari ekarpena egitea da nire asmoa.

Elkarrizketa eta iritzi artikulu hauetan planteatzen zaigun eztabaidaren mamia naziotasuna edo identitate nazionala nola gauzatzen den aztertzea da. Bi aukera planteatzen dira: lehenengoak identitate nazionala modu esentzialistan ulertzen du, denbora eta espaziotik at. Bigarren ikuskerak aldiz, horrelako esentzia metafisikorik ez dagoela esango luke, identitate nazionala eraiki egiten dela alegia. Dilema hau beste era batera planteatzea ere posible da. Nazioa kontzeptuari buruz teorizatzean bi ikuskera aipatzen dira, objektiboa bata eta subjektiboa bestea. Lehenengoak naziotasuna elementu objektiboen (hizkuntza, kultura...) arabera gauzatzen dela dio, bigarrenak aldiz naziotasuna elementu subjektiboek (nazioko kide izateko borondateak edo bertako sentitzeak) ematen dutela dio. Bereizketa hau maila teorikoan aritzeko oso erabilgarria da, baina bi aukeretakoren batek azaltzen al digu euskal identitatea nola gauzatzen den?

Abertzaletasunaren (euskal nazionalismoaren) hastapenetan pertsona bat euskaldun (euskal nazioko kide) egiten zuen oinarrizko elementua arraza (faktore objektiboa) zen. Ez gara horregatik lotsatu behar garaiko nazionalismo gehienen bereizgarria baitzen hau. 1936.eko guda Euskal Herrira iritsi zenerako faktore subjektiboak (borondatea) kontutan hartzen hasiak ziren. Baina gerra ondorengo urteak garapenik gabeko basamortu izan ziren Euskal Herriarentzat alor guztietan, baita maila ideologikoan ere. Pasa den mendeko 60. hamarkadara itxaron beharko da abertzaletasun berriaren sorrera ikusteko. Berrikuntza honen meritua ETA eta bere inguruan sortu zen mugimendu politiko, sozial eta kulturalarena da.

Ikuskera berriak ez du faktore objektiboen existentzia ukatzen, baina hauek ez ditu modu esentzialistan ulertzen, hau egiteak faktore objektiboak, betierekoak eta aldaketarik gabekoak direla esan nahiko bailuke. Jendarteak aldatuz doazen heinean faktore hauek ere aldatuz lihoazke. Faktore objektiboak eraldatuz doaz jendartearen, eta ondorioz norbanakoen, borondate eta sentimenduarekin dialektika etengabean dabiltzalako. Beraz, euskal naziotasunak faktore objektibo hauek kontutan hartzen ditu, baina faktore subjektiboaren galbahetik pasata; horregatik dira faktore hauek dinamikoak, ez esentzialistak... Horrela naziotasuna ez dute esentziek ematen, ez halako edo holakoa litzatekeen «euskalduntasun» metafisiko batek; naziotasuna borondateak ematen du, faktore objektiboekin dialektikan dabilen borondateak. Naziotasuna gauzatzeko ikuskera honek euskal naziora ateak irekitzen dizkio bertako partaide sentitu eta horretarako borondatea duenari. Aldaketak aldaketa, gaur egunera arte dirauen ikuskera dugu 60. hamarkadan sortutako hau.

Horrela Zelikek «diskurtso identitario bat, existitzen den identitate bat babestu behar dela dioena, erreakzionario bihurtzen da, horrelakoak ez direnak baztertzen dituelako» dioenean, funtsean identitate nazionalari dinamikotasuna ukatzen ari zaio eta esentzialista dela baieztatzen ari da. Nire ustez nazionalismo guztiek babestu nahi dituzte naziotasunaren oinarritzat dituzten bereizgarriak (finean nazionalismoa hori egiteko proposa- men politikoa da). Baina gakoa, bereizgarri horiek iraganean bezala berdin-berdin kontserbatzea nahi duen proiektu nazionalista batetik (esentzialista) eta bestetik bereizgarri horiek momentuko jendarteak ulertzen dituen eta gura dituen moduan etorkizunera proiektatzen (dinamikoa, dialektikoa) dituen proiektuaren arteko bereizketa egitean dago. Zelikek, nire ustez, nazionalismo guztiak zaku berdinean sartzen ditu, esentzialistan alegia. Bere herrialdeko historiaren eraginez behar bada.

Odriozolak berriz, «identitateak eraiki ez ezik, existitu ere egiten dira» esaten duenean, identitate nazionala eraikuntzatik bereizi egiten du, dinamikotasuna ukatuz; ondorioz, identitatea esentzialista bihurtzen da, gure kasuan denbora eta historiatik at legokeen «euskalduntasun» bat.

Identitate nazionala eraikuntzak gauzatzen du, jendarte konkretu batetan bizi diren subjektuek elementu objektibo-dinamiko jakin batzuekin elkar eragitean sortzen duten eraikina baita hau. Beraz, identitate nazionala «da» «eraiki» egiten dugulako, ez dago aurretiazko identitate nazionalik, identitatea hezur-haragizko subjektuek eraikitzen baitute. Ez dago beste aukerarik.

Bukatzeko, Odriozolak «ez daukagu etorkizunerako eskubiderik tradiziorako eskubiderik ezean» dionean, bi eratara uler liteke hau. Lehenengoa, euskal identitatea eraikitzeko erabiltzen ditugun elementuak (hizkuntza, kultura..) etorkizunera proiektatzeko eskubidea dugula. Kasu honetan ados nengoke. Bigarrena, historia dela eskubide iturria (hau pentsatzen duenik bada Euskal Herrian). Honekin aldiz ez nuke bat egingo. Gauza bat da gu nazio zapaldua garenez historia ere lapurtu egin digutela eta historia hori guk idatziz berreskuratu egin behar dugula. Bestea aldiz, historia hori berreskuratzeak eskubideak emango dizkigula pentsatzea. Guk, gure etorkizuna antolatzeko eskubidea dugu bai ala bai, eskubidea guk eta orain ematen diogu geure buruari. Historiak ez gaitu salbatuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo