Pello Urzelai 2010/6/1
Inkomunikazioaren zulo iluna
berria
(...) Gaur BERRIA-k kaleratu dituen agiriek argi pixka bat jartzen dute inkomunikazioaren ilunpean gertatzen denari. Dokumentu hauen argitara, baieztatu edo ondorioztatu ahal da Guardia Zibilak legez kanpoko jarduerak egiteko baliatzen duela inkomunikazioa (...).
Dokumentu horietako batean, ziegetako zaintza egiteko taldeak zerrendatzen diren bezala, «galdeketarako taldeak» ere zehazten dira, bakoitza lauzpabost guardia zibilek osatuta. Galdeketa hauek legez kanpokoak dira. Atxilotuari, legearen arabera, bakarrik deklarazioaren unean galdetu ahal zaio, deklaratu nahi badu, eta izan behar du abokatuaren aurrean -inkomunikazioan, ofiziozkoa-. Eta, gainera, deklarazioa hartzeko zeregina guardia zibil instruktoreari eta idazkariari dagokie, ez lauzpabost guardia zibilen talde bati.
(...) [atxilotu ] Batzuen kasuan, «une oro» tratu «bikaina» izan behar duela zehazten da. Nolakoa, bada, gainerakoen kasuan? Atxilotuek tratuari buruz emandako testigantza, gainera, bat dator dokumentuaren sailkapenarekin. Azkenik, beste jarraibide horietako batean jasotzen denez, «atxilotuekiko tratuak» inputazioak «berrestea» bilatu behar du, eta hori ere guztiz legez kontrakoa da, atxilotuen eskubideen kontrakoa baita.
Dokumentu hauek, dagoeneko, epaitegien esku daude, eta, bistan da, ikerketa judiziala merezi dute, ustezko legez kanpokoen praktiken ardurak argitu eta garbitu beharra dagoelako. Halaber, ikuspuntu politikotik, Espainiako Gobernuari kontuak eskatzeko bide ematen dute, agirietatik ondorioztatzen diren praktikak egiaztatuz gero oso gai larria litzatekeelako.