Bixente Vrignon 2010/5/31
Iparraldea, bihotzez
kazeta.info
Enbata, astekarietan arakatuz, erran hori atxeman nuen: «Une simple existence sentimentale». 1978an ginen orduan, eta idazleak, erran nahi zuen, abertzaleen arteko kalapitak jakiteko Euskal Herriak zer nolako autonomi edo independentzia ukan behar zuen, bigarren mailakoak zirela, ikusiz lurralde horrek ez zuela ez eta izaera juridiko edo administratiborik. (...)
Lapurtar, baxe nafartar, zuberotarrek, ez dute euskaldun izateko paradarik ez eta partzialki ere. Haien probetxuko politikarik obratzeko ez dute paradarik ere. Sortuz gero, eskizofrenia batean bizi dira: euskalduna zirela, erraten diete famili, auzo eta herrian. Ez zira euskaldun, ez baita hemen Euskal Herririk, erraten diete frantses administrazioaren partez (...).
Erran nahi duia edozoin antolaketa mota on dela, egoera hori aldatzeko? Baterak luzaz du departamendu bat aldarrikatu. Erran nahi baita kuadro juridiko eta administratibo bat. Lurralde bat, marko bat, bere hautetsiekin nun gehiengo bat osatzen ahal den, eta politika bat martxan ematen. Diren muga guziekin, bainan obratzen ahal da.
90 hamarkadan, ontsa ulertu zuen galdera Dominique Voynet ministroak, lege bat eginez bakar bakarrik Iparralderako, «pays» egitura sortuz. Minimoaren minimoa. Iparraldeko sasi ezagupen bat. Hain minimoa eta, ez du sekulan estali lurralde baten aldarrikapena.
(...) Batera elkarteak lurralde kolektibitate bat du galdegiten orain. Garapen eta Hautetsien Kontseiluak «métropole» bat zuen galdatu. Daniel Poulou ministroak herrien arteko sindikata bat proposatzen die.
Goiti behera. Azken proposamen hori jendetaz trufatzea da. Sindikat baten sortzeko parada bazen azken mende erdi honetan. Ez da egina izan (...).
Bigarren proposamena biziki interesgarria izan da. Interesgarria ikusteko zein mespretxuarekin (edo bederen interes gutti) tratatua den Ipar Euskal Herria. Haatik, ez da deus bide bazterrean ahantzi izan, legea zehazki aztertua, ministro eta kontaktu politikoak aktibatu, hori dena, porrot egiteko lehen itzulian, ez eta eztabaidatua izaiteko ere.
Lehenak, bere bidea eginen du. Eta gauzatuko da. Bakarrik, falta da jakitea noiz.