GARA > Idatzia > Euskal Herria

Autodeterminazioaren aldeko herri ekimenaren ilusio eta grinak goierritar gehiago zipriztintzen jarraitzen du

Idiazabalgo bizilagunen eskutik sortu zen autodeterminazioaren aldeko ekimena, orain Goierri osora zabaltze bidean da eta batek daki ez ote den Euskal Herri osora ere hedatuko. «Ezberdinen arteko batuketa» dela diote eurek, eta edozein talde politikoren gainetik, herri ekimenez, autodeterminazio eskubiderako bidea egiteko asmoa dute.

p028_f01.jpg

Janire ARRONDO

Urte gutxitan fruitu ugari eman dituen ekimena da Idiazabalen autodeterminazioaren inguruan sortu dena. Duela hainbat urte herri-kirolen inguruan bildu zen taldetxo bat hasi zen Euskal Selekzioa zein Korrika gisako ekimenetan laguntzen. Ilusioz ekin zioten hasieratik bide horri eta etxetik hasitako ekimena urrunera iristeko amets egiten zuten. Orain, beraz, euren herritik irten eta Goierrin indarrak biltzen dabiltza buru-belarri. Kolore politikoen gainetik, autodeterminazioa edo erabakitzeko eskubidea jomuga izango dituen mugimendua indartu nahi dute. Zehazki, asmoa joera eta ideologia ezberdinetako jendeak bidea elkarrekin egitea da, erabakitzeko eskubideraino behintzat. Horregatik diote «edozein proiektu politikok bere bidea egiteko eskubidea duen arren, autodeterminazioak ez duela zertan politikarekin lotua egon».

Ahalegin horretan, duela aste gutxi Beasainen jarri zuten lehen harria. Ekimena lehenagotik martxan bazen ere, Igartzako Adierazpena sinatuz Goierriko musika, kirol zein politika munduko 35en bat lagun ezagun bildu zituzten beren inguruan. Batzuk aipatzearren bertan ziren Iñaki Murua eta Aitor Sarriegi bertsolariak, Xabier Mendiguren idazlea, Joanes Aierbe Ampo Ordiziako jokalaria, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Marije Intsausti EHNE sindikatukoa, Karmele Aierbe ezker abertzaleko kidea, Joxe Migel Azurmendi preso ohia edo Jon Agirre Ampoko lehendakaria, esaterako.

Orain ahalik eta sinadura gehien biltzea dute helburu. «Ziur gaude gure ekimenak, behar bezala azalduz gero, babes zabala izango duela», diote ekimeneko kideek.

Igartzako Adierazpenak honakoa dio: «Litekeena da Igartzan elkartu garenok Euskal Herriarentzat proiektu, egitura nahiz etorkizun ezberdinak nahi izatea. Baina demokrazian oinarritutako printzipio baten aldeko jarrerak ekarri gaitu hona, giza eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatuz, autodeterminazioaren edo erabakitzeko eskubidearen aldekoak, hain zuzen ere». Euskal Herria nazio dela, herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko nahiz autodeterminaziorako eskubidea dutela eta Euskal Herrian zein nazioartean eskubide hori aldarrikatzea adosten da itun horretan.

Bide horretan, atzo aurkezpen jaia egin zuten Larraitzen. Bertsolari, musikari zein dantzariz lagunduta autodeterminazioaren aldeko ekimena gizarteratu zuten eta jendeari ituna sinatzeko aukera ireki zioten bertan. Goierriko Autodeterminazioaren Aldeko Herri Ekimena deitu duten taldeko kide Dani Oiarbidek GARAri azaldutakoaren arabera, ekimenaren helburu nagusia «sentsibilitate guztietako jendea autodeterminazioaren inguruan biltzea da». Horrela, indarrak biltzeko bidean hainbat herritan lan-taldeak osatu dituzte, Ataun, Zegama, Ordizia eta Lazkaon, kasu.

Begiak Eskozian jarrita

Birritan izan dira Idiazabalgo herri ekimenekoak Eskozian eta handik ere ordezkariak etorriko dira Idiazabalera, urrian. Zehazki, ekimena sortu berria zela ehundik gora lagun joan ziren bertara 2008ko udan. Han ikuskizunak eskaintzeaz gain, bertako parlamentuan ordezkaritza duten hainbat alderdirekin biltzeko aukera ere izan zuten. «Han independentziaren aldekoek zein unionistek autodeterminazioaren alde egiten dutela ikusi genuen, asko dugu handik ikasteko», uste du Oiarbidek.

Harriduraz hartu zuten idiazabaldarrek 2008an ekimen hau Eskoziara eraman eta Euskal Herritik inork ez zuela Eskoziako alderdi politikoekin harreman sendorik ikusi zutenean. Aurten Britainia Handiaren barnean jarraitu edo burujabe izan nahi duten erabakitzeko erreferenduma egingo dute bertan. «Europa zaharrean erreferenduma egingo da eta garrantzitsua da gu aktibo egotea gai horren gainean», adierazi du Oiarbidek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo