GARA > Idatzia > Kultura

Euskal antzerkigintza, euskal antzerkizaleentzat

Euskal antzerkigintza «eraikitzen» joateko lehenengo pausoak eman ziren atzo Villabonako Mintzolaren egoitzan. Interpretazio munduko hainbat eragilek lehenengo batzarra egin zuten Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE) abiarazteko. Helburua, «antzerkigintza bizi, sortzaile eta sendotua lortzea» izango da, hori bai, euskarazkoa.
p057_f01_250x164.jpg

Ariane KAMIO | VILLABONA

Oraindik sortzeke dagoen zerbait ei da euskal antzerkigintza; organo instituzionalik gabekoa, eta hezurduraren konposaketan orain artean usu hankamotz ibilitakoa. Osotasun eta batasunaren bilatze horretan sortu zen atzo ofizialki Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE). Etorkizuneko erronka finkatuta dago jada; oraindik sortzeke edo loratzen hasita dagoen euskal antzerkigintza eraikitzen joatea.

Hiru urte atzera egin behar dira Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen hastapenetara heltzeko, orduan hasi baitzituzten gaur egungo kideetako batzuek lehenengo hartu-emanak etorkizunean oinarri bihurtuko ziren lehen ideiak biltze aldera. 2007 inguru hartan abiarazitakoari atzo erantsi zizkieten aurrenengo gorputz atalak, elkartearen sorrerarako Villabonako Mintzolan egindako estreinako batzarrean. Hala, zuzendaritza organoak izendatu eta elkartea lau lan taldetan banatu zuten. Lehendakari, Josu Camara, idazkari, Idoia Gereńu, eta diruzain Oskar Arantzabal izango ditu elkarte berriak. Lehendakariaren hitzetan, «euskal antzerkizaletasunari eskainitako taldea» izango da EHAZE eta euskararen emankortasunari irekia egongo da. «Euskal antzerkiak badu ahultasun bat; euskara ez dago behar bezain presente euskal antzerkigintzan izan diren lanetan», gaineratu zuen. Hortaz, euskal antzerkizale orori zabaldutako gunea abiarazi dute, antzezle, idazle zein kaleko ikusle bazkide hartuko dituen eremua, hain zuzen. Denentzat irekia, denentzat librea.

Sendatu, osatu eta bizkortu

Villabonan egindako batzarrean aurkeztutako manifestuaren arabera, «antzerkia norberaren egiak eta zalantzak konpartitzeko modua izatetik, jarduera dekoratibo izatera pasatu da». Hori da, elkartearen aburuz, generoak pairatzen duen krisiaren iturri nagusietariko bat, «sozietatearen zereginean zeukan funtzioa eta zentralitatea galdu ondoren, zentralitate eta funtzio subsidiarioetara pasatu izana». «Antzerkia deus baino lehenago sorkuntza baldin bada (...), euskarazko antzerkia sendatzea, osatzea eta bizkortzea ezin garrantzizkoago helburua da». Euskarazko antzerkigintzaren egoera larriaz ohartarazita, «ezin premiazkoagotzat» jo zuten «indarrak bildu eta, asmoz eta jakitez, diskurtso berritu bat garatzen hastea». Erronka berria, hortaz, dagoeneko finkatuta dagoen zera da: «antzerkigintza bizi, sortzaile eta sendotua lortzea».

Horrela, bidean sustraiak errotzen joate aldera, urtero-urtero EHAZE saria banatuko dutela iragarri zuten. Euskal antzerkigintzan egindako ibilbide eta lana goratuko zaion pertsonaia bati eskainiko zaio saria. Oraindik ez dute data zehatzik ezarri, baina lehenengo banaketa datorren udazkenean izan daitekeela iragarri zuten. Elkartearen izaerak Euskal Herriko zazpi lurraldeak bere baitan hartuko dituenez, lehenengo saritzea ziur asko Ipar Euskal Herrian izango dela aurreratu zuten.

Hori baino lehenago, ordea, atzokoa baino herrikoiagoa eta gertuagokoa izango den aurkezpena egingo dute ekainaren 22an Kafe Antzokian. Hala, euskal antzerkigintzari lotutako hamaika aktore, idazle eta eragile elkartu nahi dituzte publikoarekin bat egingo duen jaialdian.

Oraingoz, hasiera-hasierako pausoak ematen ari direnez gero, ez dute lan egoitzarik finkatu, egoera ekonomikoa medio, aurrera begirako helburu gisa finkatu dutelarik. Momentuz, Gipuzkoako Aldundiak hainbat diru laguntza onartu ditu egitasmo berrirako eta bazkideen kuotak izango lirateke bigarren heldulekua. Antzerkiak badu, beraz, nondik arnastu.

IREKIA

Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea edonori irekita dagoen taldea da; profesional zein zaletuentzat sortua, edonor izan liteke bazkide. Argibide eta izen emateak jasotzeko, «antzerkizale@hotmail.com» helbide elektronikoa jarri dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo