Hirugarren urtez txapela Adunara doa Zabalarekin
Eguzkia lagun, eguzkilorea ikurtzat duen Gastronomiaren Euskal Anaiartean Gipuzkoako sagardorik onena aukeratu zuten atzo. Eguerdiko hamabiak baino minutu batzuk lehenago bertara gerturatu ziren parte hartzaileak, epaimahaiko kideak eta irribarrea ahoan zuten sagardozale andana.
Nagore BELASTEGI
«Zer moduz?», galdetu zuen batek, eta «aspaldiko! Iaztik ez dugu-eta elkar ikusi», erantzun zion besteak. Izan ere, Gipuzkoako Aldundiak bederatzigarren urtez antolatu zuen Gipuzkoako sagardorik onena aukeratzeko lehiaketa. Aurten 27 sagardotegik parte hartu dute, baina sei besterik ez dira finalera iritsi. Hernaniko Altzueta, Astigarragako Astarbe eta Gurutzeta, Urnietako Eluxeta, Tolosako Isastegi eta Adunako Zabala izan dira 2010eko zukurik onenaren egileak. Hamabietan, jende guztia elkartera sartu zen. Txistuz jotako «Agur Jaunak» ezagunaren ondoren, Tolosako Batasuna Elkarteko bi edarizainek sagardoa banatzeari ekin zioten, 2008an zendu zen Iñaki Arregi kideari aipamena egin ostean. Epaimahaiko kideak sagardo guztiak dastatuz joan ziren.
Sagardoa baloratzeko hiru puntu hartzen dituzte kontuan. Alde batetik, itxurari erreparatzen diote, kolorea eta aparra begiratuz. Bestetik, usainak sudurrean zenbat irauten duen aintzat hartzen dute. Eta azkenik, pitarrak ahoan sortzen duen sentsazioa puntuatzen dute. Mikel Rodriguez sommelierrari zaila iruditu zitzaion aurtengo sei finalistei nota jartzea. «Batzuetan azkar dakizu nork irabaziko duen, alde handia dagoelako batetik bestera, baina gaurkoan ez», esan zuen. Minutu batzuen ostean, aurkezleak urduri jaso zituen irabazleen izenak zituen gutun-azala. Hirugarren saria, 750 euro eta garaikurra, Astarbe sagardotegiak eraman zuen. Bigarren postua Altzuetarentzat izan zen eta 1.500 euro eta garaikurra eraman zituen etxera. Azkenean, Gipuzkoako sagardorik onenaren ospea Adunako Zabalak eraman zuen, 2.500 euro, garaikurra eta txapelarekin batera.
Martin Zabalak pozik jaso zuen lehen saria. «Kalitate oneko produktuak zeuden eta lehia handia egon da», esan zuen. Aurtengoa sagardotegi honek jaso duen hirugarren txapela da, baina besteak bezain urduri zegoen Martin. Altzueta sagardotegia, berriz, finalera iritsi den bosgarren urtea da, baina oraingoz ez du lehen saririk lortu. Hala ere, hainbeste urtez sei onenen artean egotea sagardo ona egiten duten seinale da.
Sari banaketaren ostean denak terrazara atera ziren eta eguraldiak sagardo freskoa hartzera gonbidatzen zuenez, zuku finalistak dastatzeko aukera izan zuten. Arantxa Eguzkiza Euskal Gastronomia Elkarteko lehendakariaren iritziz toki zoragarria da Anaiartea lehiaketa hau egiteko. Sagardoa sagarretik hasten da, eta hortik abiatuz, sustatzeko egiten diren gauza guztiak ondo iruditzen zaizkio. Finean, botilako sagardoa bultzatzeko aitzakia bat da urtero izaten den lehiaketa, eta argi dago bere helburua lortzen duela.