GARA > Idatzia > Euskal Herria

Independentistak sareak Tolosan abiatu ditu aurkezpen eztabaiden bilkurak

Zortzi puntako izarra iruditzat hartuta eta berdea kolore. Independentistak sareak udazkena bitartean herri eta eskualdeetan egingo diren aurkezpen eztabaidetako lehena Tolosan egin zuen atzo. «Pertsonak, asmoak, ideiak, ilusioak, sinergiak...» sarean biltzea dute helburu.

p024_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Udazkena bitartean eskualdez eskualde eta herriz herri joango da sarea mamitzen; izan ere, Antton Izagirrek nabarmendu zuen moduan «eztabaidak, Euskal Herriari begira eginikoa bai, baina etxetik eta lagun artean abiatutakoa izan behar du». Bildutako hausnarketa eta ideiekin udara ostean egingo dute asanblada edo batzar nazionala. Tolosan egin zuten atzo lehen aurkezpen-eztabaida saioa Kultur Etxean batutako dozenaka lagunen aurrean. Txutxi Ariznabarreta, Garbiñe Bueno, Antton Izagirre, Patxi Azparren eta Maite Aristegi izan zituzten herritarrek parez pare sor zitezkeen galderei erantzuteko prest.

Ariznabarretari egokitu zitzaion Independentistak sarearen nondik norakoak agertzea. Gogora ekarri zituen pasa den otsailaren 27an egin zuten aurkezpen ekitaldian esandakoak eta nabarmendu zuen ez dela orain bat-batean sortutako ideia, aspalditik «pertsona desberdinek eta gune desberdinek independentziaren aldeko hausnarketa eta ildo estrategikoa lantzeko zerbaiten beharra ikusten baitute».

Aberri Egunerako egindako deialdia eta hark izan zuen erantzunaz ere mintzatu zitzaien bildutakoei, baita orduan zabaldutako mezu nagusiez ere. «Ez dago alternatibarik, izaten jarraitzeko Estatua behar dugu», nabarmendu zuen. Jendearen parte-hartzeak duen garrantziaz ere mintzatu zen eta esan zuen guztien lana beharrezkoa dela «sare erraldoia osatzeko, bazter guztietara iristeko, independentista guztiak elkar-konektatzeko eta amankomunean lan egiteko».

Egindako lanaz harantzago, esku artean duten eztabaida prozesua era hartu zuen ahotan. «Pertsonak, asmoak, ideiak, ilusioak, sinergiak... saretu nahi ditugu. Mila eratako aktibistak eta jarduerak saretu. Ez dugu egitura artifizialik sortu nahi; momentuz saretu, ez egituratu».

Tolosan egindako aurkezpen ekitaldia sarearen irudia aurkezteko ere baliatu zuten. Euskal Izarra proposatu zuten, izarra mundu osoan, «independentzia lortu duten herri libreen ikurra» delako, «beren buruaren jabe diren eta beren estatu propioa lortu duten nazioen ikurra. Zortzi puntakoa da proposatu dutena, «izar baskoian, Nafarroako banderan eta ikurrinean» oinarrituta.

Izarra ikur, «ilusioaren eta itxaropenaren» berdea, berriz, kolorea. «Ez dugu berde zehatz bat planteatzen, alderantziz, berde guztiekin jokatzea, aniztasunaren seinale» ohartarazi zuten.

Hitzorduak

Hurrengo aurkezpen eztabaidak Gernikan, hilaren 15ean, Gasteizen, 17an; eta Bilbon, ekainaren 22an, egingo dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo