Demoen mugimendua ofizialki eta besta giroan desagertuko da ekainaren 19an
A.B.
Hamar urte bete dira Demoen mugimendua sortu zenetik. Urte luzez Ipar Euskal Herriko aktualitatea markatu duten horiz jantziriko taldeko kideek ofizialki desegitera doazela jakinarazi zuten atzo. «Demoak gelditzen dira hamar urteko abentura baten ondotik», adierazi zuen Peio Etcheverry-Ainchartek atzoko agerraldian.
2000ko urtarrilaren 6an egin zuten lehen ekintza Baionako presondegiko hormetan. Ondotik, era askotako beste hainbat ekintza egin dituzte urteetan zehar, presoen hurbilketa, euskararen ofizialtasuna eta departamendua hiru aldarrikapen nagusien inguruan.
«Demoek errezeta berria sortu zuten. Bortizkeriarik gabeko eta umorez beteriko ekintzak bideratzen zituzten, eta dinamika berri bat sortzea lortu zuten. Komunikazio tresna paregabea izan da mugimendu sozialaren aldarrikapenak laguntzeko», gogoratu zuen Demo kideak.
Atzo, izan ere, Paueko Kontseilutik Euskal Herriraturiko Ipar Euskal Herriko kontseilarien aulkiak, Marianne irudiaren hautagaitzaren aurkezpena hauteskundeetara, eta bereziki, XVIII. mendeko Lapurdiko Biltzarraren deliberoen liburuaren lapurretaren ekintzak nabarmendu zituzten.
Izan ere, Demoen mugimenduaren desagertze ofiziala azaltzeko ondoko ekainaren 14an irekitzekotan den Baionako artxibategi berrian egin zuten agerraldia.
Lapurdiko Biltzarraren liburua oraindik ere Demoen esku dagoela-eta, ate irekitze ofizialean itzultzekotan zirela jakinarazi zuten.
Demoen azken dantza
«Guretzat garaipen bat sinbolizatzen duen eraikin baten aitzinean gara. 2000ko ekainaren 19an egin zen artxiboen ekintza. Bost urteko tirabira baten ondotik, 2005ean artxibategiaren sorrera ofizialaren berri eman zuten agintariek. Beti erran dugu artxibategiari liburua itzuliko geniola. Ikusiz 2010eko ekainaren 19an urteurren hori ospatzen dela, egun hori aukeratu dugu gure heriotza ospatzeko», argitu zuen, berriz, Txetx Etxeberrik.
Demoen «azken dantza» eginen dute ekainaren 19an, beraz. Argazki erakusketa, bideo proiekzioa eta bereziki bazkari handia antolatuz Baionan. Desagertzea handizki ospatzeko, Demoen mugimenduko ekintzetan parte hartu duen pertsona oro bestara gonbidatu dute. «Lana untsa eginik gelditzen gara», argitu zuen Peio Etcheverry-Ainchartek: «Hamar urte igaro dira. Demoetatik atera dira egungo militante zenbait. Gaur egun Laborantza Ganbera bezalako beste dinamikak sortu dira, Euskal Herri mailan ere beste prozesu bat sortu da».