Alkate ohia etxeratzeko lehen geldialdia egingo dute bergararrek gaur Dueñasen
Jose Luis Elkoro libre nahi dute bergararrek eta helburu hori lortu arte lan egiteko asmo irmoa dute «Jose Luis Elkoro Libre» plataforma osatzen duten dozenaka lagunek. Gaurkoa dute lehen erronka, izan ere, Elkoro bahituta duten espetxeraino, Dueñaseko espetxeraino, martxan joango da bergarar andana. Atzo, bestalde Herrera de la Mancha eta Alcazar de San Juan espetxeetaraino ere makina bat lagunek eraman zuten euskal preso politikoekiko elkartasuna.
Oihana LLORENTE
Gaur, Dueñaseko ziegaren bakardadean egon arren bere herriaren babesa izango du ikusmiran Jose Luis Elkorok, berrehun bat bergarar Palentziako kartzelaraino bertaratuko dira-eta, euren alkate ohiari, ikurrina ekarri zuenari, elkartasuna bueltan eramatera.
Jose Luis Elkoro Libre izeneko plataformak antolatu du autobus martxa eta pozik da Paulo Elkoro, Jose Luisen seme eta plataformako kidea, lortutako emaitzekin. Izan ere, aurreikuspenak gainditu eta lau autobus bete joango dira seguruena Dueñasera.
Goizean abiatuko dira bergararrak eta eguerdian, Izquierda Castellanak antolatutako ekitaldiarekin egingo diete harrera Dueñasen. Frankismo garaian errepresioa sufritutako herritarren omenez izango da ekitalditxoa Dueñas herrian bertan.
Ondoren, espetxerainoko bidea oinez egingo dute, trikitilari eta erraldoien laguntzarekin. Kartzela atarian ere ekitalditxoa egingo dute bergararrek eta Elkorok GARAri aurreratutakoaren arabera, kantua eta bertsoak ez dira faltako.
Jose Luis Elkorok 75 urte ditu eta haren semeak azaldu duen moduan, adin horrek eragiten dituen osasun arazoak sufritzen ditu; «kartzelak larriagotzen dituen osasun arazoak», gehitu du. Orain dela gutxi arte ziatikarekin egon dela gogoratu du semeak eta bisitetara gurpildun aulkian atera behar zuela adierazi ere; espetxean dagoenetik migraina asko dituela ere gogoratu du. Duela urte eta erdi, gainera, minbiziaren ondorioz prostata kendu zioten Elkorori, eta horren jarraipena «behar bezala ez diotela egiten», salatu du semeak.
Martxaren xedea Elkorori elkartasuna helaraztea den arren, sortu berri den plataformaren asmoa askoz ere harantzago doa, izan ere, azken helburua Jose Luis Elkoro etxeratzea da. Plataformaren erronka orain, «bere askatasuna lortzeko biderik motzena topatzea da» eta horretan dabiltza lanean. Bidea erraza izango ez dela badakite plataformako kideek eta horren lekuko aukeratutako irudi eta lema: «Mugituko da!» eta elefante bat mugitzen ahalegintzen ari diren herritarrak ikusten dira irudian.
Hiru aste besterik ez du plataforma honek baina egindako batzarretan jende andana batu dela aitortu du Elkorok. Lehen bileran adibidez, adin guztietako 60 herritar izan ziren lanerako gogoz agertu zirenak.
Gaurko martxa lehen pausoa besterik ez dela izango argi du Elkorok, izan ere, alkate ohia herrian izan arte ez baitute bergararrek geldi egoteko asmorik.
Bestalde, euskal preso politikoen eskubideen defentsan eta euren Euskal Herriratzearen alde, 355 pertsonek parte hartu zuten ostiralean Iruñean egindako mobilizazioan.
Jose Luis Elkorok 75 urte ditu. Minbiziaren ondorioz prostata kendu zioten orain urtebete. Bere adinari dagozkion osasun arazoak, kartzelaren eraginez larriagotu egiten dira, esaterako, ziatika eta migraina gogorrak.
Arrasaten, Elizondon, Soraluzen eta Azkoitian ehunka lagunek parte hartu zuten euskal preso politikoei elkartasuna erakutsiz. Arrasaten bostehun lagunetik gora manifestatu ziren, eta Ertzaintzak lagun bat identifikatu zuen preso baten argazkia zeraman pegatina jarria zuelako.