Literaturia Larrabetzun, mitorik gabeko literatura
Udaberriko euskal literaturari parez pare irekitako gunea da asteburu honetan Larrabetzu, bertan baita Literaturia. Eta mitoak gurtzeko ohitura ikasia dugun honetan, mitoak alde batera utzi eta sortzailea bere distira zein miseria guztian ezagutzeko beta ematen digu hitzorduak.
Anartz BILBAO
Durangoko Azoka, euskal literaturak duen plaza nagusia, oasi bat izaten da sarri. Euskal jendeak disko edo libururen bat erosteko aprobetxatzen duen hitzordua. Udaberriko Literaturiak berriz, Larrabetzun iaz sortua, sorkuntzari egin nahi dio lekua, eta liburu saltokiak ere badituen arren -oso-osorik euskaraz sortutako literatura liburuei eskainia-, idazleak eta irakurle aktiboak dira hemen protagonista nagusiak. Izan ere, urtean zehar liburu erosle eta irakurle sutsu den jendea biltzen da bertora, jakin-mina sortu dieten lan eta egileez galdezka.
Akabo mitoak. Oholtzatik jaitsarazi eta irakurleen parean jartzen ditu Literaturiak idazleak, eta begiak parez pare jartze horrek ematen ditu fruituak.
Ez dira euskal literaturak eman dituen izen guztiak Larrabetzura bildutakoak, baina bai edozein irakurle asetzeko bestekoak. Eta ekimena ostiral gauean indartsu abiatua zen arren -Joseba Tapiarekin gero, eta Omar Navarrorekin aurrena, bizi gaituen mundua apur bat hobea egin omen zuten bertaratu zirenek, ordu txiki-txikietaraino luzatu bide zen hitzorduan-, atzokoa hartuko dugu guk abiapuntutzat.
Eguzkiak larunbata argitu zuenerako bero zen giroa Larrabetzuko karrika kantoietan. Gurean gero eta oparoago, gero eta ugariagoak diren irakurle elkarteak bildu dira bertara -mordo bat dira Euskal Herrian, eta mordo bat izan dira Larrabetzun -, bakoitzak bere jarduna plazaratu eta elkar ezagutzeko ekitaldira. Udaberriak euskaraz loratu dituen lanak aurkeztu dira gero, makina bat egileren parte-hartzearekin. Batzuk plazagizon (eta emakume) peto-petoak ditugu, eta oso lotsatiak besteak. Baina eskertzekoa da beraien ahalegina, Literaturiak bere-bere duen altxorraren giltza beraiek gordetzen dutelako: obra piztea lortu zuen sua, elikatu zuen olioa eta bukaera eman zion eskuaren kezka, grina eta zalantzak ezagutzeko modua ematea, idazlearentzako pozgarri edo mingarri gertatu, eskertzekoa den biluzte publikoan. Ahalegin honetan izan ziren, besteak beste, Xabier Mendiguren, Iban Zaldua, Maribel Aiertza, Fernando Morillo, Mikel Antza (Josu Landak ordezkatua), Karlos Linazasoro, Xabier Artola, Kepa Altonaga, Xabier Amuriza eta Bixente Serrano Izko.
Aurten, gainera, bilduago, hurbilago egin dira aurkezpen ekitaldiak, herriko bilgune nagusi den Askatasunaren plazan -idazleentzako besaulki larruzko eta guzti-, eta ez ikastetxeko jolastokian, iaz legez. Gogoratzen hastia, irudi bitxiak ere utzi zizkigun iazko Literaturiak, igandea hauteskunde eguna izanik, eta aurkezpenak bozkaleku bihurtutako ikastetxe aurrean egin zirenez, poliziaz babestua ageri baitzitzaigun idazleak esertzen ziren mahaia, jardun arriskutsuetan balebiltza bezala. Nolanahi ere, atzo, aurkezpenak bukatu eta bazkaldu aurretik, Joxean Ormazabali omenaldia egin zion talde batek; Leire Bilbao, Yolanda Arrieta, Castillo Suarez, Miren Agur Meabe eta Xabier Mendigurenek.
Eta bazkalordura, Bergarako Idazle Eskolan ikasturtea bukatu berri duten idazlegaiak bildu ziren, Edorta Jimenez gidari -aurretik Urdaibain zehar barkuan ibilaldia egina zuten-.
Bazkaria bera ere nabarmentzekoa dugu, Larrabetzuko bertako nekazariek -sarriegi eskertxarreko eta nekeza izaten dute jarduna- , langai dituzten elikagaiekin egina izan baitzen oso-osorik, autogestioa oinarri, aldarrikapen gisara uler litekeen menu gozagarrian: entsalada, kalabaza purea, untxia eta gatzatua.
Eta lotarako ordua baino lehen, Bertso Trama Literarioa eskaini ziguten Unai Elorriagak, Uxue Alberdik, Xabier Amurizak eta Maialen Lujanbiok, Josu Goikoetxea gai-jartzaile zutela, eta umoretsu literatura genero eta ibilbide luzea eginez. Gaietan literatura genero mordoa ahotan hartu eta umore onez, Anguleri kultur etxearen aurreko harmailak anfiteatro bihurtu eta giro ederra sortu zuten bertsolariek, aurrean ehun bat guraso, haur, literaturazale eta beste zituztela. Eta hori guztia gutxi ez-eta, oraindik Uritarra futbol eskolako irakasleen antzerkia -kirola eta kulturaren arteko uztarketa dute Larrabetzuko ekainean-, herriko guraso zein gaztetxoek osatu antzerkia eta Oier Guillanen «Eskuen sustraiak» -Hori Bai gaztetxean- genuen ikusgai, Gose hirukotearen zuzeneko berritzaile eta Bi hitz Beats & Bitsen ekimenaz gain, pentsa!
Gaur beste horrenbeste ikasi, bizi eta ezagutzeko aukera izango du Larrabetzu aldera hurbiltzen den orok. «Euskarara itzulitako liburuak dira euskarazko literatura onena?» mahai-inguruak irekiko du jarduna, eta Karmele Igartuaren, Xabier Montoiaren, Igor Estankonaren eta Paddy Rekalderen olerki errezitaldiak itxi.